Ikusi duzu argazkia? Telebistako kameren bidez ikusi nuenez geroztik, ezin izan nuen burutik kendu: zer egiten zuten elkarren aldamenean EAEko lehendakari Imanol Pradalesek eta PPko buruzagi Alberto Núñez Feijóok? Eta batez ere: zeri buruz hitz egingo zuten?
Asuntuak badu zerogarren parte gisako bat, parentesi artean-edo komenta beharko genukeena: erakundeetako ordezkarien palkoan, Núñez Feijóo zen bertan egotea tokatzen ez zitzaiona; auskalo nork gonbidatu zuen, eta zergatik ipini zuten Pradalesen aldamenean... Hilabete falta da Andaluzian (Sevillan jokatu zen finala) hauteskunde autonomikoak egiteko, eta ziur horri lotuta zihoala bere parte hartzea.
Baina tira. Noan interesanteenera.
Espainiako Erresumako ereserkia bozgorailuetatik hiper-altu ipini bazen ere, oso-oso nabarmena izan zen estadio erdiak gogotik egin zuela txistu, eta enbarazu egin ziola beste erdiaren zati inportanteari. Realzaleek ikurrina mordo bat eta beste makina bat banderatxo astindu zituzten, Aitor Zabaletaren irudidun pankarta izugarri handi bat zabaldu zuten, eta hori ez zitzaion batere gustatu Espainiako eskuinari. Begira, Cope irrati-kateko aurkezleak konparatu egin zituen Espainiako ereserkiari txistu jotzea eta “musulman ez den orok egin dezala salto” oihukatzea, bata eta bestea gorrotoan oinarritzen direlako. Bide antzekotik baina apur bat lasaiago jo zuen PP alderdiak, erne, Núñez Feijóo eta Pradales aldamenean eserita zeudenean. “Batzuek kirola erabiltzen dute haien etsipenak azaleratzeko eta politika egiteko”.
Larunbateko futbol partidua baino egun batzuk lehenago, EH Bilduko Arnaldo Otegik dei egin zuen ikurrinak eta bestelako banderak Sevillara eramateko, estadioan bertan ahalik eta gehien erakusteko. Otegiren adierazpen horiekin oso kritiko agertu dira PPkoak, baina ez soilik sektore horretakoak. Baina soilik Otegi kritikatu dute. Kuriosoa da, zeren Eusko Jaurlaritzak milaka ikurrina oparitu zituen Errealeko zaletuen gunean, Sevillan, larunbat osoan zehar. Eta PPk ez du ezer esan. Núñez Feijóok ez du deus erran. Hitz egingo al zuen horretaz Pradalesekin? Ia hiru ordu iraun zituen ekitaldi osoan, zer izango zuten hizketagai?
Espainiako prentsak propio egin dio kasu txistualdiaren afera lerden horri, zerbait behar duelako, nahita utzi ahal izateko baztertuta Aitor Zabaletak izandako presentzia handia, bai partidu aurretik, bai bertan eta bai ondoren. Madrilgo Atléticoko ultraeskuineko talde antolatu batek hil zuen 28 urteko Zabaleta, 1998ko abenduan, Madrilen. Errealeko zaletuek ondo gogoan eraman dute urteotan haren izena, eta memoria lan horren emaitza izan da, publikoki bederen, Errealeko zuzendaritzaren begiko ere izatea Zabaletaren alde egiten den lan eskerga (adibidez, dokumental hau).