2026ko uztailaren 15a.

Egun on.

Egun ona da oroitzeko Gaztelako indarrek duela 504 urte hasi zutela Amaiurko setioa, hamar urte lehenago, 1512an hasitako konkistari amaiera emango ziona. 

Goazen mamira.

Orain ere ETA?

Sekuentzia sinplea da. Maiatzak 23 ditu, larunbata da, eta Israelen bortizkeria eta tortura jasan duten espedizio humanitarioko euskal herritarrak Loiuko aireportura heldu dira. Senide, ezagun eta lagun politikoak zain dira harrera egiteko. Segundo erdian krav maga saio bat hasiko da, eta begiak emozioz malkotan eta ukabilak goratuta dauzkaten aberriratuek lurrean amaituko dute. Eta eutsita eta harrapatuta daudela ere, agenteren batek lepo atzean kolpatuko ditu borraz. Horixe zen denok ikusitako irudia; literalki esan dezakegu oso harrera beroa izan zela.

Baina gauzak nola diren. Kolpatuek esaten badute kolpatuak izan direla, eta ertzainek esaten badute zaurituak izan direla, paperaren gainean badirudi borroka bat egon dela. Hau da, bi aldeak irten direla kalteturik. Horregatik, gauzak argitzeko, datuak eskatu dira. Hauxe da partea: hamalau agente zauritu ziren, denak ere arinki, eta horietatik zortzik baja hartu zuten. Begira herritarrok zenbat diru xahutu genuen arte martzial saio horretan, zortzi funtzionario baja. 

Zenbaki hutsek ez dutenez ezer esaten, detaile gehiago eskatu dituzte, uste dut denok jakin nahiko genituzkeen gauzak jakiteko, hau da, zer zauri mota izan zituzten, ez ote zuten denek eskumuturreko mina. Bada, Bingen Zupiria sailburuak esan du hori ez duela erantzungo, datuen babesa urratuko litzatekeelako. Eta datuen babesa ez dakit, baina justifikazioak behintzat agortu ditu hori adierazteko: bost folio erabili ditu datuak emango ez dituela esateko. 

Azken aurreko paragrafoan, horra sorpresa, ETAren komodin aspergarria. Datuen babesa ez-dakit-zer, ez dela jakin behar zer zauri izan zituzten ertzainek, bestela intuitu daitekeelako irudietako zein agentek zer min hartu zuen... Besteak beste, ETAko kide ohi bat dagoelako atxilotuen artean. Hitzez hitz honela: “[Datu gehiagorik ez ematea] egokia eta beharrezkoa dela indartuta geratzen da kontuan hartzen bada inplikatuetako bat ETA erakunde terroristako kide izan zen pertsona bat dela, eta ez dagoela damurik, ezta egindako ekintza terroristengatik barkamen-eskaerarik ere, eta biktimen artean Ertzaintzak kideak ere badaudela”. 

· · · · · · ·

Beno, eta gizonezkoen futboleko atzoko partiduaz bi hitz: irudi ederra ikusi genuen, ezta, Irun eta Hendaia arteko Etorbideko zubian? Jende asko batu zen euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko. 

Maialen Andres / EFE

Orain bai partiduaren bueltakoaz. Hainbat aldiz pasatu zitzaidan burutik zein taldek irabaztea zatekeen hobeto. Hegoaldean, ziur, batzuk ariko ginen “Frantziaren alde” egiten, eta Iparraldean “Espainiaren alde”. Ze, asuntua zen, Espainiak irabazita, herri eta hirietako kaleak pantaila handiz eta kamisetez josteko aukera dagoela; eta Frantziak irabazita, beste gauzen artean, Baionako bestetan jokatuko dela finala. Eta uste dut Baionako bestek ez dutela kaka gehiago behar. 

Kaka gurea, bi aukerak txarrak zirelako. Eta kaka izango dugu orain Hegoaldean. Luze egingo da zapaturako bidea. Egin apustu, ea non jartzen dituzten pantaila handiak. Nik Eibar segurutzat daukat.

Euskarak behar ditu euskara hutsezko komunikabideak.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • Lizarrako txosnak. 28 urtez erdigune samarrean egon ostean, UPNk txosnagunea jai girotik oso kanpoaldera bidali zuen duela bi urte. Txosna batzordeak ez zuen onartu, jakina, ez litzatekeelako batere bideragarria. Eta hor segitzen dute, borrokan. Besteak beste, beharbada akordatuko zara, Raimundo el Canastero taldekoak epaitu zituzten protesta kantu batengatik. Tira, gaia zertan den sakonago hemen duzu. 
     
  • Azpikontratatutakoen hizkuntza. CCOOren garaipena izan da: erakunde publikoek enpresa pribatu bat kontratatzen badute zerbitzu publiko bat emateko, langile horiek ez dituzte zertan hizkuntza eskakizunak funtzionarioen modu berberean bete. Espainiako Auzitegi Gorenak hala ebatzi du, eta behin betikoa izango da. 
     

Eta munduari begira:

  • Argentinako lurrak. Mundu mailako eskuin muturraren sektore batek Javier Milei miresten du, eta begira zertan ari den. Gaur egun bada lege bat esaten duena landa eremuko lurren %15a egon daitekeela gehienez atzerriko jabeen esku, eta pertsona batek gehienez ere 1.000 hektarea lur eros ditzakeela. Bada, hori indargabetuta gera daiteke biharko bozketa batean. Argentina ez da nolanahiko herrialdea; ia Europa osoa adinako lur azalera dauka. Putreak nola sar daiteke espoliora atzerriko kapitala.

AGENDA KULTURALA

Ganorazko entresaka bat egiten saiatu naiz datozen egunetarako dagoen demaseko agendari. Argazkian duzu propio gomendatzen dizudan antzerki-dantza emanaldi bat, Hika teatroaren eta Oinkari dantza taldearen lan berria: Makil hotsak.

  • Antzerkia. Gaur, Lazkaon, Trajea antzezlana taularatuko dute; bihar, Idiazabalen, Eraitsi SL, kalean; eta Mungian, etzi, Ardatzak lana. Horrez gain, Arabako Plazetan egitasmoaren programa luzearentzat egun eta aste hauek izango dira beteak: antzerki mordo bat Gasteiztik aparteko herri ugaritan. Eta bukatzeko, Gure Zirkuaren azken hamar egunak izango dira hauek Lekeition; Oriora mugituko da gero, abuztuan.
     
  • Dantza. Beharbada urteko beste garaitan baino dantza gehiago programatzen da uztail buelta honetan. Kalekoa, hori bai. Batean jaiak direlako, herriko taldeen emanaldiak daudelako, eta bestean urteroko programazio bat dutelako kaleak girotzeko. Emanaldi berezi hau nabarmenduko nuke, Hika teatroak eta Oinkari dantza taldeak sortua: Makil hotsak. Gaur Aretxabaletan dute, igandean Sopelan, datorren astean Astigarragan eta Ermuan… Bestea, Hondarribiko dantza suelto txapelketa da, urterokoa: igande arratsaldean egingo dute. 
     
  • Musika. Sanferminak bukatuta, besta hasten da leku askotan. Hala nola Baionan, gaurtik hasita. Hemen duzu besta alternatiboetako egitaraua, giro herrikoi eta euskalduna bilatzen baduzu. Sopelan, bestela, Etzakit talde itzuli berriak joko du gaur, eta bihar Barakaldon Xiberootsek eta Janus Lesterrek. Karmenak dira, baita ere, Donostiako moilan: La Jodedera eta La Txama izango dira bihar. Asteburuari begira, ostiralean, nabarmentzeko modukoak dira hauek: Zea Mays Arabako Bastidan, Nafarroa Bereko Bastidan Oreka TX, Orioko hondartzan Anari + Ithaka + Ke Lepo, Zestoan Gartxot eta Garazi, Uzta Hila egitarau oparoaren barnean; eta Urruñan rap saio inprobisatua Odei Barroso eta Iñaki Viñasprerekin. Zapatuan, zarata eta talde zaharrak han-hemen adibidez: Azkoitian Latzen, PI.L.T Barakaldon eta Asgarth Donostian. 
     
  • Lurdes Iriondori loturikoak aparte kontatuko dizkizut, gehiago nabarmentzeko. Izan ere, Casamajou-Elkegarai ahizpa sohütarrek Iriondori buruzko pastorala ondu dute, eta igande honetan estreinatuko dute; datorren asteko ostiral eta larunbatean ere emango dute, Sohütan denak ere. Eta beharbada badu zerikusirik film proiekzioarekin: Urruñan, gaur eta igandean, Inge Mendiorozoen dokumentala proiektatuko dute.

Honaino gaurkoa.

Asteazken ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN