2026ko irailaren 17a.

Egun on.

Hasi gara notiziak barra-barra egiten hegazkin pribatuan Atlantikoa gurutzatu eta luxuzko hoteletara iristen diren zinegileez. Ez al duzu jakin, bada? Orlando Bloom dagoeneko Donostian da!

Ea, geu ere Zinemaldira begira ari gara, eta gaur beste izar batzuk jarri nahi nituzke dir-dirka.

Goazen mamira.

Distira morea

Belle Époque bat existitu bazen Donostian, existitu zen atzeko lan prekario eta ikusezinean aritu zen jendearengatik. Eta egunotan Kursaalen eta Victoria Eugeniaren atarian ipinita dauden zoru gorri distiratsuak sostengatuko badira, sostengatuko dira lan prekario eta ikusezinean ari den eta arituko den jendearengatik. Brad Pitten ohea egingo duen langilearengatik, eta Naomi Wattsen dutxako ileak garbituko dituenarengatik. 

Haiek zapalduko duten alfonbra gorrian egongo dira esku-orri zanpatuak, Gipuzkoako erresidentziak greban. Hitzarmena orain edo horrelako zerbait esango dutenak. Urtero topa daitezke Kursaalen atarian, urtero baitago egun eta orduren bat bandera berdez eta kamiseta morez jantzitako jende zalapartaria bertaratzen dela ustezko kultuen anfiteatrora, eta airera jaurtitzen dituzten esku-orrien artean, beti daude batzuk lurrari itsatsita gelditzen direnak Zinemaldiak irauten duen bitartean. Irudi kuriosoa da: flash guztien oinpean, zaintzaileen aldarriak.  

Gipuzkoako zahar etxeetako eta eguneko zentroetako emakume grebalariak dira. Gaur eta bihar beraiek izan nahi dute dir-dir egingo dutenak. Bost mila langile dira sektoreak biltzen dituenak, eta deeenbora da greba zikloetan murgilduta daudela.

Azpikontratazioekin funtzionatzen duen zerbitzu sasi-publikoa da zaharren egoitzena. Oso egoitza gutxi dira zuzenean erakunde publikoek kudeatutakoak, eta oso gutxi dira, hortaz, lanpostu publikoa duten langileak. Haien eta azpikontratatutako langileen artean beharbada 10.000 euroko aldea dago urteko soldatan. Egutegi eta ordutegi hobeak ere badituzte, jakina. Eta horrez guztiaz aparte bada beste kontu bat, askotan sektore pribatuan egiten dena: lanaldi partzialeko kontratuak eskaintzea. Horrek eramaten ditu langile asko bigarren lan bat izatera, gehienetan garbiketari edo zaintzari lotuta. 

Esatera nindoan 300 egun baino gehiago daramatzatela greban langileek. Baina urtea bete da iazko Zinemalditik, eta hor ere egin zuten protesta. Eta memoria eginda, flashback ugari egin ditzakegu. Esanguratsua izan zen, adibidez, 2021eko greba zikloa, Zinemaldiaren garaira iritsi baitziren greban 252 egun eginda. Eta aurrekari dotorea zuten 2019koa, urte osoa iraun zuena horrek ere. Hauxe zen orduko leloa, ezin hobea: Haiek milionario, gu prekario. Zinemaldiaren egunetan kanpaldia egin zuten Saguesen, oso gertu alegia, eta ia egunero Kursaalen bueltan ibili ziren. Ahalegindu ziren alfonbra gorrian sartzen, baina Ertzaintzak bidea itxi zien. Dena dela, ezin ikonikoagoa izan zen Ken Loach zine zuzendariaren babesa.

Irudian Ken Loach, Saguesera gerturatu eta kamiseta jantzita, grebalariekin hizketan. Zinemaldiaren edizio hartan, Europako film onenaren saria eman zion publikoak, Sorry We Missed You filmarengatik, eta diskurtsoan grebalariak aipagai izan zituen.

·····>   Ez galdu hauek

  • Euskara, “ondasun inmaterial”. Hala izendatuko du laster Eusko Jaurlaritzak, duela bizpahiru urte bertsolaritzarekin egin zuen bezala. Gauzak horrela, “babes berezia” izango duela pentsa daiteke; Jaurlaritzaren esanetan, “prestigio handiagoa” eta “aitortza juridiko eta administratibo sendoagoa” emango lizkioke. 

    Era berean, atzo, EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen administrazio publikoan euskararen erabilera arautzen duen dekretua, arrazoi bakar batengatik: legediarekin batera aurkeztutako txosten ekonomikoa “eskasa” delako. Hau da, dekretuaren aplikazioak eragingo lituzkeen kostu ekonomikoen estimazioa ez dagoela behar bezala eginda. Indarrean jarraituko du hala ere, Espainiako Auzitegi Gorenak kontrakorik esaten ez badu.

    Tira, Vox alderdiak jarritako errekurtsoa zen, eta mila argudio aurkezten zituen, tartean alor ekonomikoarena. Baina “euskara inposatzea” zen oro har alegatzen zuena. Epaileek hori ez dute onartu: Voxen argudioa “generikoa” eta “lausoa” dela esan dute.
     

  • Sare sozialak eta nerabeak. Europako Batzordeak gaur aurkeztuko du lege proposamena nerabeei sare sozialak debekatzeko. Detaileak finduko dituzte datozen hilabeteetan, baina abiapuntua zera da: debekatu egingo dizkie 13 urtez azpikoei; gurasoen begiradapean aritzea behartu eta funtzioa eta denbora mugatu 15 urtez azpikoei; eta gutxiago, baina dependentzia sortzeko arriskuak mugatuta eskaini 18 urtez azpikoei.
     
  • Ingalaterrako Bankua. Orain urte gutxi jakin zen esklabotzari esker finantzatu zela Ingalaterrako Bankua duela 200 eta 300 urte. Baina uste zena baina negozio handiagoa egin zela frogatu du historialari talde batek. Zuzendari karguan zeudenek jardun zuten batez ere, urte askoan gainera. Gutxienez 24 zuzendari frogatu dituzte. Ikerketa gidatu duen historialariak esan du: “Esklabotzarik gabe ezin da ulertu mende horietan sortu zen finantza britainiarraren garapena”.

Gure hizkuntzak funtsezko ditu euskara hutsean funtzionatzen duten proiektuak.

BABESTU EUSKARA, 
EGIN ARGIAKOA

ITZALETIK ARGIRA

ARGIAren Fototeka atala arakatzen dugu ostegunetan, astekariko tartetxoa hona ekarrita.

ARGAZKIA: Banoa / ARGIA
1976ko uztailaren 21ean egina, Bergaran.

 

Alkateen mugimendua. Tokian tokiko gobernuek erabakimena dutela haien lurraldearekiko, zer demontre. Aldarrikapen argi bezain sinple horrekin, eta batez ere frankismoak Hegoaldean eragin zuen politika zentralista eta autoritarioaren aurka, Bergaran elkartu ziren makina bat alkate eta dozenaka udaletako ordezkari. Egun horretan, 100 urte bete ziren foruak abolitu zituztela.

Ikurrinak erakutsi zituzten (artean legeztatu gabe zegoen), euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zuten… Iskanbila eragin zuten gerora.

Irakurri gehiago hemen, Urko Apaolazaren artikuluan.

Honaino gaurkoa.

Egun ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN