2026ko urriaren 29a.

Egun on.

Eta ezer baino, zorionak Sustatu-ri: gaur dira 25 urte blog komunitarioa sortu zutela. Teknologiari buruzko informazio interesgarria argitaratu ohi dute; ARGIAn dezente erabiltzen dugu.

Goazen mamira.

Kalamidadea (eta alimentua)

Ea nork hartzen duen orain abiadura handiko tren bat lasai. 

Urte hasieran istripu lazgarria gertatu zen Andaluzian. Tren bat errailetik irten eta paretik oso azkar zetorren beste batek kolpatu zuen, 46 pertsona hil ziren gertakari hartan. Eta atzo goizean, Gaztela-Mantxan, beste talka latz bat gertatu zen. Atzetik jota, oraingoan. Hildakoak gehiago dira, gutxienez 68. 

Saiatuko naiz atzokoa labur eta erraz kontatzen. 

Hamar minutuko tartean, Madrildik Sevillarako bidea hartu zuten bi trenek, bata bestearen atzetik, 08:00en bueltan. Ohiko gauza omen, eta ohikoa omen, baita ere, sei tren ia elkarren segidan bide bera egiten aritzea. 08:30ean segurtasun sistema informatikoa jausi zen, eta ibilbideko tren guztiak, prekauzioz, gelditu egin ziren. Akats informatikoa ere nahiko kontu “normala” itxuraz, edo normalizatua. 

Halakoetan agintea Madrilgo egoitza zentralak hartzen omen du, eta teknologiak beharrean, gizakiek ematen dizkiete aginduak. Halaxe izan zen. Baina itxuraz, bidaiari berrekiteko agindua atzetik zihoan trenari baino ez zitzaion eman, “ohiko abiadura” eskatuta gainera, 200 kilometro orduko abiaduran ipintzeraino. Aurreko treneko gidariari ez zitzaion abisatu, ez zitzaion mezua heldu edo dena delakoa; kontua da geldirik jarraitzen zuela, eta atzekoa, 25 kilometrotara. 17 minutu behar izan zituen bidaiari berrekin eta aurrekoa kolpatzeko.

A ze kalamidadea.

The New York Times, The Guardian, Le Monde, La Repubblica... Lehen lerroa hartu zuen notiziak nazioarteko hedabide handietan.

Niri bereziki izorratzen didana da trenarekiko halako sentsazio ezkor eta laidoztatu bat eragiten duela honek, justifikatua benetan. Baina trena da, berez eta ustez, garraiobiderik puntualena, seguruena, erosoena eta gutxien kutsatzen duena. Aurreko tren istripu lazgarriaren ostean azpimarratzen zen enpresa batek baino gehiagok eskaintzen dutela zerbitzua eta elkarrekin lehiatzen dutela; tren gehiegik zirkulatzen dutela; eta mantenua ez dela egokia. “Giza akatsa” aipatzen da atzoko istripuaz: giza akatsa izango da tren zerbitzua liberalizatzea. Gauza onik ez zerbitzu publiko bat emanez etekinak lehiatzen badituzte enpresa pribatuek.

Orain tren gidariei entzun beharko zaie, sindikatuei eta teknikariei, benetan dakitenei. Esan dutena da ezin zaiela langileei errua egotzi, sistema bera dela huts egiten duena. Portzierto, greba deitu dute gaurko Renfen.

Matraka helduko da orain, gertakari lazgarria izateaz aparte, alimentua baita eskuinarentzat. Espainiako hauteskundeetarako hilabeteren faltan, PSOEri eta ezkerreko alderdiei kalte baino ez die egingo gaiak. PPk hartuko du olatua, eta eragin handia izan dezake kanpainan.

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

Portzierto, ederra liatu da Kylian Mbappé futbol jokalariarekin, e? Ez nuen hona ekartzeko asmorik, baina La Vanguardia-n irakurri dut meme-aren egileari egindako elkarrizketa. 

Ea, asuntua da Mao Zedongen figura iraindu dutela sare sozialetan, Txinako Alderdi Komunista eta Txinako Errepublika eratu eta buruzagitu zituen tipoari aurpegia aldatu eta Mbappérena jarri diotela, txorakeria bat finean. Baina podcast batean edo ez dakit nongo elkarrizketa batean galdetu diote futbolariari ea zein duen meme-rik gustukoena, eta horixe erantzun du. Futbolariak, bere ogibideari zor, ez zekien Maoren izena ere, eta “diktadore txinatar hori” gisa deskribatu du. 

Horra noa, asuntua interesgarri jarri bada, puntu horretan delako. Min ematen dutenak hitzak direlako. Aspergarria da ikustea hedabide izugarri mordoa ari direla Txinaren eta Espainiako futbol ligaren negozioak (garbiak) esplikatzen, egia da urtero 64 milioi ordaintzen dituztela futbola han emititzeagatik, eta kontratua orain bertan behera utzi du Txinak; hango hiru enpresa handiri publizitatea egiten zien Mbappék, eta hori ere eten dute. Baina interesgarriena egin zaidana da baieztatzea hedabide handienak eta botere faktikoei lotuta daudenak ez direla ausartu esatera Mao Zedong “diktadorea” zela. “Buruzagi” hitza irakurri dut egunkaririk salduenean, Marca-n: “Bere figurak oraindik ere pisu handia du Txinan, bereziki sentsiblea”. Esan nahi baita: “Diktadore deituko genion, baina orain ez da komeni”.

·····>   Ez galdu hauek

  • Durangoko Azoka. Aurkeztu dute aurtengo edizioa: abenduaren 4tik 8ra izango da. Andoni Beristainek egin du iruditegia. Adimen artifizialaren garaiotan, kultur sorkuntzaren tresna klasikoetara jo du, tresna garaikide eta ez hain garaikideak bistaratuta. 
     
  • J Martina. Hirukote larrabetzuar gazteak iragarri du azken bira egingo duela, eta esker bereziak eman dizkie gaztetxeei, gune autogestionatuei eta zentro sozialistei. Bira Donibane Garazin abiatuko dute, abenduaren 12an, eta otsailean amaituko Donostian. Bide batez, atzodanik entzungai da Badok-en Ibil Bedi talde nafarraren disko berria, eta gaurdanik beste plataformetan. Badaezpada izena du.
     
  • Soldataren %78. Kantitate hori bideratu behar du alokairura lanaldi osoan dabilen 25 urtetik beherako langile batek, bakarrik bizi nahi badu. Batez beste, Hego Euskal Herrian, 1.270 euroko soldata gordina dauka hamalau pagatan. Azken hamar urtetan, adin tarte horren soldata %18 handitu da, eta alokairuak, berriz, %53. Txostena argitaratu dute LABek eta Ernaik.

ITZALETIK ARGIRA

 

ARGAZKIA: Aitor Bayo / ARGIAren Fototeka
1992ko apirilaren 12an egina, Iruñean.

Landaben (orduan Seat, orain Volkswagen). Argazkia egin zenean bi urte beharko ziren ekoizle alemaniarrak lantegia erosteko. Baina fotokazetaria Landabenen sartzearen motiboa ez zen hori, ez. 

Begira argazkia.

Toyotismoa-ren kezka. Garai horiek bizi ez genituenok ez dakigu ondo zer den. Lan gehiago egiten al dugu orain? Sindikatuak, behintzat, existitzen dira.

Bi zalantza horiek bazeuden lan egiteko modu berriarekin, Japoniatik etorritako toyotismo-rekin. Krisi garaietan sortu zen, eta helburua zen, Ford lantegietan ez bezala, hau da, langile bakoitza berean espezializatua egon beharrean, langile polibalenteak izatea, taldean gehiago lan egitea eta, konkretuki, stock-a ero moduan betetzen aritu beharrean, just in time edo momentuko eskariari erantzunez jardutea. 

Oraingo kezkak, ordea, kontratuen biziraupenei loturik doaz.

Segi irakurtzen Urkorekin.

Honaino gaurkoa.

Ostegun gozoa izan.

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN