2026ko urriaren 28a.

Egun on.

Hemen da asteazkena ere. 

Eta badut kontu bat iragartzeko: Euskal Herriko talde bat Danimarkan egongo da gaurtik aste amaierara, ekonomia sozial eraldatzailearen topagune handi batean parte hartzen, Kopenhagen. Lau gonbidatu: Koop57, Olatukoop sarea, Biba Ardoak eta ARGIA. Lander Arbelaitz kazetariak ordezkatuko gaitu. Ohore handiz hartuko dugu parte, zuzendaririk gabeko proiektu honek nola funtzionatzen duen kontatzea nahi baitute. Gauza ederra zaigu.

Goazen mamira.

Segi, ba

Mikel Aramendiri ari nintzaion irakurtzen BRICSen B-ak bere lekuan jarraituko duela eta yanki laranjaren “Donroe doktrinak” ez duela funtzionatu. “Donroe doktrina” da 1823ko “Monroe doktrinaren” kopia zakar bat; “Monroe doktrina” zen Hego Amerika kolonizatzen zebiltzan europarrei aurre egiteko estrategia politikoa, lurralde horietan ez zezaten agintea europarrek izan, baizik eta AEBek. Gutxi gorabehera Trumpek gaur egun lortu nahi duena: Amerika osoa bere esaneko izatea. 

Horixe bada, esaten ari nintzena: BRICS-ek (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hego Amerika) ez duela B galdu. BRICS-ek segitzen duela NATOren kontrapuntua izaten. Zorionez ezkerrak agintean jarraituko duela, alegia, eta Brasilek eutsi diola inperio yankiaren zabalpen politiko-ekonomikoari. Txinak pozik hartu du albistea, harreman ekonomiko gero eta sendoagoak baitituzte bi herrialdeek.

Igande gauetik hona pixka bat zalantzati geunden, yankiek ez ote zuten “Donroe doktrinako” estrategia ezkutu bat abian jarriko. Baina itxuraz, ez. Lularekin buruz burukoa galdu eta gero, ez du bada herrialdetik ihes egin Flavio Bolsonarok. Argentinako Infobae komunikabideak eman zuen notiziaren berri, atzo arratsaldean, Argentinako txokoren batean ezkutatu zela tipoa, eta azkar asko ibili ziren Brasilgo komunikabideak, Bolsonaroren hegazkinaren matrikula hartu, hegaldien jarraipena egiteko web orri batean sartu, eta Iguazun zegoela ikusi zuten, Argentina eta Brasil arteko mugan. AEBetara omen doa, AEBetako Gobernuaren babesa duelako. Joan dadila, ba. Eta ez itzuli.

Kontua da apustu etxeen bidez dirua zuritu izanaren auzi judizial batean murgilduta dagoela Flavio Bolsonaro, eta ikerketapean, besteak beste, hauteskunde kanpaina “atzerriko diru ezezagunarekin” finantzatzeagatik. Senatari izanda, eta hauteskundeetara aurkeztuta gainera, babes berezi bat izan du eta irits zitekeen presidente kargura, baina porrotaren ostean, ordu gutxietara, agindua jaso zuen pasaportea entregatzeko, ihes egiteko arriskua zuelako. Eta halaxe izan da. Jair Bolsonaro aita 27 urteko espetxe zigorra ari da betetzen (etxean dago zaintzapean), Lularen aurkako estatu kolpe saiakeragatik; eta semea, orain, Trumpen magalera joango da. 

  • Trumpen magalera, Mileiren motozerra nardagarriaren hankapetik pasatuta. Inork ez du nahi-eta Mileiren aldamenean egon. Espainiako Estatuan Voxi ere ez dio mesede egiten, pentsa zertan diren gauzak. Madrilera egindako bisitan, duela astebete, Abascalen agerpena bideo baten bidezkoa baino ez zen izan, ez ziren elkarrekin agertu, Abascalek “ezin zuelako”; eredugarritzat daukazun presidente bat zure hirira joaten da, kanpaina betean zaudenean, gora egitea espero duzunean, eta nola da posible unea ez aprobetxatzea?

· · · · · · ·

Tira, eta azken orduetako notizia da, bi hamarkadatako agintaldiaren ondoren eta genozida hitza motz geldituta ere, israeldarren gehiengoa pozik dagoela Benjamin Netanyahurekin, berak lortu baitzituen boto gehien atzoko hauteskundeetan. Berak irabazi ditu, baina ez duela lau urte bezain aise, eta matematikek ez die emango koalizio gobernua errepikatzeko, hori ematen du. 

Zerbait esan nahi didazu? Erantzun mezuari edo idatzi buletinak@argia.eus helbidera, eta gustura irakurriko zaitut.

·····>   Ez galdu hauek

  • Vito Quiles. Istiluekin matraka ematen segitzen dute komunikabideek, baina badago isilean igarotzen ari den detaile bat. 19:00etarako deitua zegoen Quiles zalapartariaren ekitaldia, ordu erdi lehenago jakinarazi zuen tipoak bertan behera uzten zuela hitzordua, ordurako protestak zabaltzen ari ziren Bilbon, baina Jaurlaritzak lehendik zekien ekitaldi faxista ez zela egingo: debekua ipini zion 16:00etan.
     
  • Herri harresia. Canon Français enpresa faxista “herri bazkaria” egitekoa da Miarritzen azaroaren 28an, mezu xenofoboak eta abarrekoak helarazteaz aparte, Frantziako Estatuko dinamikan, eskuin muturra normalizatzea eta hauspotzea xede duena. Makina bat kolektibok elkarretaratzea egin dute bazkaria egingo den lekuan: herri harresia egiteko deia luzatu dute.
     
  • Irakurmena ikastetxeetan. PISAko emaitza txarren ondoren, irakurmena sustatzeko neurri zehatzak hartuko zirela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak, eta ari gara pixkanaka xehetasunak ezagutzen: ez da ikasgairik kenduko, ezta eskola ordutegia luzatuko ere... Astean gutxienez hiru saio dituzten ikasgaietan aplikatuko da irakurmena lantzeko denbora. 
     
  • Mutil bat nesken taldean. 8 urteko mutil gipuzkoarra da Aitor, herri txiki batekoa, nesken lagun taldea duena. Futbolean jolastu ohi du haiekin, eta beraiekin batera herriko futbol klubean hasi nahi izan du. Baina mutilen taldean ez, nesken taldean, lagunak hor dituelako. Klubean ez da problemarik izan. Gurasoekin hitz egin du Mikel Garcia lankideak.

KULTUR AGENDA

 

Datorrenaren entresaka bat duzu hemen. Irudian, Aretxabaletan bi saio eskainiko dituen Sidari antzezlaneko taldea.

  • Antzerkia. Rikardo III eta ni  gaur Iruñean ikusteko aukera izanen da, asteazkenez. Bihar, berriz, Zanbuila eskainiko dute Durangon, Durangoko Azoka aurkeztuko duten egun berean; eta Imanol Epeldek Berastegin eskainiko du Zerbait sartu zait begian bakarrizketa. Ostiral zein igande, bestalde, Xake konpainiak Sidari antzezlana eskainiko du Aretxabaletan; ostiralean Nor naizen baneki helduko da Tafallara; Herentzia Irunera; Trajea Bermeora; Txondor Plaza Gorlizera; eta larunbatean Senperera Atearen bestaldean. Azpeitian, bestalde, ostiralean hasiko dira euskal antzerki topaketak, eta izugarrizko aukera dago azaroaren 22ra bitartean, ia egunero.
     
  • Bertsolaritza. Eibarren jokatuko da larunbatean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoa; hauexek dira kantuan ariko direnak: Alaia Martin, Asier Azpiroz, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran. Sarrerak agortu dira, baina ETB On-en jarrai daiteke zuzenean. Eta tira, txapelketako fokuaz aparte ere badira saio interesgarri ugari asteburuan, esaterako hauek: ostiralean Zimurrak izango ditugunerako bertso saio literarioa egingo dute Deban; Errexil saria jokatuko da Urruñan, sei kantularirekin; eta Altxa kopla hori! saio literario-musikatua egingo dute Asparrenan. Eta beno, zinematik gehiago badu ere, Bertsolari filma Miarritzen bihar ikustea aukera aparta izan daiteke.
     
  • Musika. Bihar, ostegunez, Arrasateko gaztetxean, Aiert igoko da oholtzara; eta zarata apur bat nahi duenak Lasarte-Orian topatuko du zita, Kuma No Motor talde baionarrarekin. Ostiralean Atarrabian, Totemen, Etxekalte taldea oholtzaratuko da, Sara Hebe Donostiako Dabadaban, Ateri eta Ezta Ilen taldeak Durangoko Piztu tabernan, Bele Legazpin, Neu Troia Baionan, eta Rudiger Mendaron, besteren artean. Zapatuan Nogen Azpeitian, bere azken biran; Errenterian La Txama, disko berria aurkezten; Hor Hor talde xiberotarra Iruñeko Laban; eta Uztaritzeko gaztetxean, Oi!hua festibalaren tartean, Perlata eta pilo bat talde. 

Honaino gaurkoa.

Asteazken ederra izan.

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN