2026ko irailaren 9a.

Egun on.

Zer moduz? Astea ongi doakizula espero dut.

Banoa mamira, gauza batzuk baditut-eta.

Datuak interpretatu

Lehenbiziko suspentsoa ikasturtea hasi orduko. 

PISAren emaitzak heldu ziren atzo. Zientzia, matematika eta irakurketa gaitasunak aztertu dizkiete 91 estatutako 760.000 ikasleei, 15 eta 16 urtekoak denak ere. Ez da proba makala, batez ere Mendebaldeko herrialdeentzat, gehienbat horiek baitira parte hartzen dutenak. Munduan, bestela, adin horretako 33 milioi ikasle daudela kalkulatzen da, eta beraz, lagina %2,3koa da. Hori, hortaz, bada interpretazio bat, “mundu mailako proba” zeri deitzen diogun.

Ikasleen emaitzak hartuta, ezer gutxi interpreta daiteke etxafuegoak jaurtitzeko modukotik. Beheranzkoa da joera mundu osoan eta arlo guztietan. Eta ez diot nik, probaren antolatzaileek baizik: deskalabrua eta hondamena hitzak erabili dituzte.

Kaskartze joera bera bizi dugu hemen ere. Tira, Ipar Euskal Herriko datuak ez daude bereizita, baina Hego Euskal Herrikoak bai: EAEkoak daude alde batetik, eta Nafarroakoak bestetik. Matematikan batez ere, baina irakurketan ere bai, Hego Euskal Herriko ikasleen gaitasunak munduko batez bestekoaren gainetik egon dira normalean, batez ere probaren hastapen garaietan, 2003tik aurrera. Baina 2015era arte-edo. Eta nabarmen, kolpea 2018an jaso zen alor denetan eta herrialde guztietan, eta okertzen segitu du.

Eta gehiago okertzea espero zen. Zintzoak izanda, hogei segundoko TikTokek ez dutelako ulermen gaitasuna hobetzen laguntzen, eta hor ikusten delako arazorik larriena, ulermenean. Zientzia kontuetan, enuntziatuak ulertu eta konprenitu ezina; eta irakurketan, oro har, arreta eta ulermen falta. 

  • Pentsa: 2022tik 2025era, Hego Euskal Herrian 40 puntu egin dira behera irakurketan. Eta hogeina puntu da, probaren antolatzaileen esanetan, ikasturte batean adinako maila. 
     
  • Eta konparaketa hori erabat horrela jota, ulermen gaitasunetan, esan daiteke lau kurtso beherago daudela gaur egun 16 urte dituztenak eta 2003an adin hori zutenak.

Ez dut katastrofismoan jausi nahi. Baina inguruan hautematen dudana hein batean bada emaitza horiek erakusten dutena. Eta emaitzei, behintzat, ezin zaie aurpegi onez begiratu. Eitb.eus-ekoei, adibidez, ez dakit zer pasa zitzaien atzo baikortasunarekin, txostena argitaratu zenean ez dakit zer interpretatu nahi izan zuten; baina lehen titularra bestelako datu batekin jo zuten, Hego Euskal Herriko ikasle gutxik errepikatzen dutela ikasmaila. Hori bai, behin Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hain kezkaturik hitz egin zuenean, izenburu aldaketa.

Tira. Dagoeneko 350 hitz pasatxo idatzi ditut. Orain artekoan galdu egin da 16 urteko ikasleen erdia, eta aurrera jarraituko duten gehientsuenek ulermen arazoak izango dituzte.

Egin dizut nik PISAko emaitzei buruzko nire interpretazioa. Eta ziur kitzikatu zaitudala, eta gehiago jakin nahi duzula. (Nik ere gaian aditu den jendea leitu nahi dut). Horregatik, sakonago eta detaile hobeekin mintzatu zaigu Gonzalo Larruzea. Elkarrizketa interesgarria egin dio Mikel Garcia lankideak.

· · · · · · ·

Portzierto.

Gaur, asteazkena, aste honetako ARGIA publiko egiteko eguna. Zuetakoren batzuk emailean jasoko zenuten atzo, halako buletin bereziak jasotzeko kutxatxoan altan zaudetelako. Besteoi aurreratzen dizuet gaur eguerdian zabalduko duguna: esklusiba bat daukagu Loiuko aireportuan flotillako kideekin gertaturiko istiluaz. Hainbat ertzain agentek baja hartu zuten lesioengatik. Mediku txosten horiek eskuratu ditugu. Ikustekoa da zenbat eskumuturreko min-eta dauden: lunbarretako mina, sorbaldakoa… 

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

Nazioartekoak denak ere:

  • Israel, urriak 7. Benjamin Netanyahu lehen ministroak bazekien Hamas “eraso handi bat” prestatzen ari zela, hala abisatu zion Arabiar Emirerri Batuetako presidenteak, informazio hori zuela. Baina Netanyahuk ez zion kasurik egin, antza, edo besoak gurutzatuta gelditu zen gero erantzun doilorragoa emateko. 
     
  • Erresuma Batua, etorkinen aurka. Mantxako kanala zeharkatu ostean, igandean, itsasertzera heldu zen 140 etorkin inguru zeramatzan ontzia. Bada, notizia zabaldu bezain pronto, eskuin muturrak dei egin eta errepideak moztu zituzten ehunka herritarrek, normalean migratzaileak beste herri batzuetara lekualdatzen baitituzte. Istiluak izan ziren Poliziarekin.
     
  • Ratko Mladic. Akordatzen Sbrenicako genozidioaren egile ezagunenaz? Militar serbiarra zen Mladic, 1995eko uztailean, Bosnian, 8.000 musulman baino gehiago hiltzeko agindu zuenetakoa. 2011n epaitu zuen Nazioarteko Justizia Auzitegiak, eta bizi osorako zigorra ezarri zion. Duela gutxi hil zen espetxean, adina bazeukan-eta. Bada, Serbiako hiriburuan, Belgraden, hileta elizkizuna egin dute eta milaka lagun elkartu dira jeneralari azken agurra emateko. Omenaldiak, jakina, kritika ugari sortu ditu nazioartean. 

Begira irudia. Ez da txantxetarakoa.

AGENDA KULTURALA

Datozen egunetarako entresakan, irudira ekarri dudan La Furia rap musikari nafarra: Ugaon ariko da zapatuan. Dani Blancoren argazkia da.

  • Musika. Udako jaien azken hondarrak, ezta? Gaur, Eibarren, Maruxak taldea oholtzaratuko da Arrateko jaietan, eta Latzen Hondarribian. Baionan, bihar, Murgi taldea ariko da Zamai ostatuan eta Reder+Mugarri Elorrioko gaztetxean. Ostiralean Skaregekasko Altsasun, Tu-K Iruñeko Laban, Ahuen Laudion, Kaskezur Zuian, Dukkha Aramaion, Merina Gris Bermeon, eta Neomak Galdakaon. Ostiralean eta larunbatean, berriz, BogaBoga festibala egingo dute Donostian, eta egitarau zabala dago. Bestalde, larunbaterako egitarau zabalaren artean, Saran Sünek joko du, Bengok Tolosan, eta La Furiak Ugaon. Olatz Salvadorrek hartuko du Bizkaiko oholtza hori igandean, eta Bermeoko txosnagunea, berriz, Jon Basagurenek eta Libe Kortazarrek.
     
  • Antzerkia. Asteburuan, Donostian, Rigor Mortis lanaren lehen emanaldiak eskainiko dituzte. Ostiralez, Lezon, saritua izan Itzulera antzezlana emango dute. Eta Arraia-Maeztun, berriz, Urteberrion. Larunbatean, Urbasa ikuskizuna eskainiko dute Igorren, eta Altxaliliren kabareta Larresoron izango da. Iluntze horretan baita ere, Leitzan, Agur, joan da nere soñue antzezlana jendarteratuko dute kalean. Eta iganderako bi proposamen, biak ere bakarrizketa trazakoak: Ordizian Eskailerapekoa, eta Lesakan Zerbait sartu zait begian
     
  • Dantza. Irunen, etzi, Dantza Hiria programaren barnean, Nondik emanaldia estreinatuko dute, eta Nahas ere eskainiko dute gero. Bermeon, berriz, Haurreskolari dantza emanaldia egingo dute Tio Teronen semeek, jaien egitarauaren barnean, igande eguerdian. Eta Itsasuko plazan, azkenik, igande iluntze honetan badira hiru ikuskizun elkarren segidan: Hastapenetik, Aztarna eta Lapatina

Honaino gaurkoa.

Egun ederra izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN