2026ko irailaren 8a.

Egun on.

Eta eskumuinik beroenak Hondarribiko Kale Nagusian gaupasa bat edo bi egin dituzuenoi gaurko alarderako lekua hartzeko. Ondo pasa eguna.

Goazen mamira.

2020ko irudia. (Dani Blanco / ARGIA)

Sototik kalera, emakumeak alardera

Gaur dira 30 urte Hondarribiko alardean sartu zirela 26 emakume, ezkutuan, soto batean zain egon ostean tropa osoa noiz helduko. Horrelaxe egin zuten: izuak jota, baina ausart. Esan daiteke, ordea, esperientzia apur bat ere bazutela, bi hilabete lehenago egiten baita Irungo alardea, eta hor ere desobedienteak izan ziren 57 emakume. Irunen bezala Hondarribian ere, urteotan biolentzia fisiko, psikologiko eta era guztietako bidegabekeriak jasan dituzte emakume haiek, lagunek, senideek, babestu zituzten herritarrek…

Ez dakizunetik ezertxo ere ez dizut kontatuko. Bidasoaldekoak ez garenok ziurrenik oso presente ez dugun auzietako bat da, baina garaia heltzean edota notiziak iristen direnean flipatu egiten dugu oraindik ere desfile zibil-militarraren “ohitura” eta mantra guztiekin. Duela bi aste, adibidez, Hondarribiko Udalak bi aldeekin eta bitartekaritza fundazio batekin abiatutako elkarrizketa prozesua uztea erabaki zuen Alarde Baztertzaileak, fundamentuzko ezer argudiatu gabe. 

Portzierto, oraindik ere hedabideetan, sareetan zein kalean entzuten bada ere, utz dezagun behingoz tradizional deitzea baztertzaile den alardeari. Hitz hori ondo barneratuta daukagu, nahigabean ihes egiten eta gero hitza zuzentzen entzun diot bateren bati. Zeren, sortze datez-eta ari bagara, 1993an hasi ziren Hondarribiko emakumeak parte hartzea eskatzen, eta beraz, “derrepentean sartu zarete eta ez duzue alardea maite” dioen horrek ez dakit zer esan nahi duen, bere argudioak ere ez baitio balio. Eta ez nuke ur sakonagoetan murgildu nahi, baina beharbada tradizio kontzeptua beste era batera uler genezake, Ion Celestino musikariari leitu nion moduan duela lauzpabost urte, tradizioa ez dela estatikoa, baizik eta beti mugimenduan dagoen zerbait, gauza berriak sortzen dituena, gizartea nola den erakusten duena. 

Tira, alardera itzulita. Aurreko asteko ARGIA eskuetan izan baduzu, ikusiko zenuen (eta beharbada irakurri ere bai) Ixabel Alkaini egin diogun elkarrizketa. Duela 30 urteko alarde hartan irten zen Alkain. Urtebete geroago sortu zuten Jaizkibel konpainia parekidea, eta orduan hasita eta hamar urtez bertako kapitaina izan zen Alkain. Urterik gogorrenak irentsi zituen.

Ordu laurdeneko tarterik baldin baduzu gaur, proposatzen dizut elkarrizketa bideoz ikustea. Argazki mordo bat erakutsi ditu kamera aurrean, emozioek ere gain hartu diote uneren batean... Atsegina da ikus-entzuteko.

Eta zerbait jostariagoa nahi baduzu, Gorka Bereziartuaren artikulu trufatsu hau irakurri dezakezu. Rap sample batzuk jarrita akaso hobeto, dena errimatuta baitoa.

· · · · · · ·

Bide batez, efemeride borobila dugu hau ere Hondarribikoa: duela 50 urteko alardean Josu Zabala irundarra hil zuen Guardia Zibilak. 

Festa egunera arrunt-arrunt hurbildu zen gaztea. Artean ikurrina legeztatu gabe zela, Hondarribian, alardeko parte hartzaile ugarik paparrean ikurrina txiki batekin desfilatuko zutela esana zuten, eta Espainiako Gobernu Zibilak herria poliziaz bete zuen, alkateak ez egiteko eskatu bazion ere. Guardia Zibilak kargatu egin zuen, eta istiluak izan ziren. Lekukoen arabera, polizia bat gazte bat jipoitzen ari zenean, Zabalak aulki bat jaurti zion agenteari, gaztea lagundu asmoz, eta agenteak, atzetik korrika abiatuta, kalezulo batean tirokatu zuen. Udal gobernuak dimisioa aurkeztu zuen gertaeren ostean.

Iragan larunbatean egin zioten omenaldia Josu Zabalari. 

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • Selektibitateko euskara azterketa. Ekainean utzitako lanak eginda iritsi da irailera Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosa: erantzun ditu talde parlamentarioek selektibitateko euskara azterketagatik egin zizkioten galderak. Bere erantzunak xehe-xehe ekarri dizkizu Mikel Garcia lankideak, baina emango dizut titular parea: ezer arrarorik ez da egon, egotekotan ere bi epaimahai konkreturen zuzenketa irizpidetan dago; eta ez duela zerikusirik zero piloa jaso zituzten ikasleak A eredukoak izateak.
     
  • Israeldar epailea Zinemaldian. BDZ taldeak salatu du Donostiako Zinemaldiak epaile israeldar bat hautatu duela Zuzendari Berrien saileko epaimahaikide, eta bere kanporatzea eskatu du. Dana Blankstein da pertsona hori, Jerusalemgo Zinema Eskolako zuzendaria, Israelgo Estatuak sortua eta finantzatua.
     
  • Flotilla berria. Misio berria du Global Summud Flotillak. Dagoeneko zenbait itsasontzi Mediterraneora bidean dira. Horietako bat Bilboko itsasadarrean egon da ainguratuta asteburuan, Euskalduna zubiaren aldamenean, euskal herritarren babesa jasotzeko eta Palestinaren aldeko kontzientziak jendarteratzen segitzeko. Maria Ortega lankideak bertan egoteko aukera izan du, bertan joango diren kideekin hizketan.

POSTALEKO IRUDI

Plaça de Catalunya. Cronos filma estreinatu berri dute. Ez naiz ikustera joan, baina anuntzioan ikusi dut badela Bartzelonako Katalunia Plazaren plano ikusgarri bat, airetik egina, plaza bete-betean ageri dena…

Hiriaren “hasiera puntua” da plaza hori. Hala irakurri dut hainbat gida turistikotan. Ramblatara sarrera, Gràcia pasealekura lotura, erdigune historikoa... Nik ere, turista on baten gisan, adimen artifizialari bota diot galdera, ea zer moduzko lekua den, interesgarri ote den. Beltzunez beteriko informazio pilari zera gehitu dio: “Belardiak eta iturriak ditu, egoteko lekua da”. 

Ez naiz aspalditxoan bertan egon, baina deigarria egin zitzaidan udan sareetan zabaldu zen irudi bat. Alde batean, autobus turistikoaren zain dagoen jendea itzaletan, zuhaitzaren gerizpe gozoan, hor baitute markesina; eta metro batzuk harantzago, errepide ertz zikinean eta eguzki berotan, aterperik gabeko egonlekuan, hiriaren erdigunetik etxera itzultzeko desiran dagoen jendea.

Begira argazkia.

“Behin-behinekoa” omen itxaronlekua, obra batzuk tarteko. Uda osoa eman dute horrela.

Hor, eskuinaldean eta alkandora urdinez ageri den andrea, 72 urtekoa, marmar betean. “Giriak itzaletan, eta teila bat bezala gaude gu su gorrian”, leitu diot prentsa kronika batean.

Honaino gaurkoa.

Astearte ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN