Txikitik hasten omen dira gauzak eta horregatik du duen garrantzia asuntu honek. Saxonia-Anhalt edo Goi Saxonia estatu federal alemaniarrean egin zituzten hauteskundeak atzo, eta aurreikuspenak beteta, aise nagusitu da AfD (Alemaniarentzat Alternatiba) alderdi ultraeskuindarra. Azken asteetako inkestek botoen %40 eta %43 artean ematen zizkioten, duela bost urteko emaitza bikoiztuta, baina gorago bota du: botoen %44 jaso ditu. Baina itxuraz ez du gobernua osatuko, eserleku baten faltan geratu baita gehiengo absolututik. Aspaldiko parte hartzerik handiena ere izan da, esan behar da: hamarretik zortzi joan dira botoa ematera.
Txikitik hasi diot, krisi ekonomiko, politiko eta sozial gero eta larriagoa duelako oinarrian Saxonia-Anhalten gertatu denak eta oro har kapitalismoaren krisiek mendebalde eder honetan eragiten dutenak. Europa mamuz beterik, eta ezkerra noraezean. Ikustekoa izan da gobernuko CDU alderdiak jaso duen kolpea: botoen erdiak galdu ditu.
Alemaniako eskualde horretan, “iragan loriatsu alemaniarra” da Ulrich Siegmund zerrendaburuak behin eta berriz garai on eta eredugarritzat aurkeztu duena, “alemaniar harrotasuna”, zuzenean nazismoarekin lotu gabe (delitu larritzat daukalako Alemaniako legediak) baina nolabait ere esanez orduko hartan ez zegoela langabeziarik, ez segurtasun arazorik, ezta “LGTBI txorakeriarik” ere. TikToken esan ditu halakoak motor vintage batean igota. Jarraitzaile pila ditu, 800.000 baino gehiago, eta hor aritu da jo eta su kalean itsatsitako afixetan baino.
Der Spiegel astekariak artikulu zabala egin zuen Siegmunden profilaren inguruan, eta mozorroa kendu zien hainbat gauzei, inork eskuin muturraren amua irentsi bazuen begiak zabal zitzan. Azalera eraman zuen titulua: Ulrich Siegmund, Alemaniako gizonik arriskutsuena. Bada, tipoak kanpaina egiteko erabili du, eta beharbada kontrako efektua ere izan du, aleak sinatu eta jendeari oparitzen aritu baita mitinetan.