Betikoa da. Poltsikoa nabarmen ukitzen digutenean asaldatzen gara, amorraziotik bizi izaten dugu, eta orduan hasten da zergatiak azaltzeko bonbardaketa mediatikoa, Teleberrietako pantailak, infogramak eta denak. Bada, horretarako prest egon beharko dugula iradoki digute etorkizuneko merkatu deritzenek, prebisio ekonomikoak egiten dituztenek. Inork ez du gogorik honetaz hitz egiteko, baina energiaren garestitzeaz lau kontu jakiteak lagundu dezake azaroan derrepentean aditu bihurtuko den lagunari beste gerri batekin entzuteko. Horretarako, Goiener kooperatibako kideek ARGIAn publikatu duten artikulua irakur dezakezu; inork baino hobeto azaltzen dizute zer ari den pasatzen eta zer etor daitekeen.
Argindarraren ordukako prezioek eman dituzte pista batzuk udan: eguzkiak jotzen duen orduetan nahiko prezio arruntean egon da argindarra, baina gainontzean, eta batez ere haize zipitzik izan ez dugun udako gauetan, disparaturik egon da prezioa. Hainbat konturengatik. Batetik, argindarra sortzeko gas natural asko erabili dutelako; bere kostua garestitu egin da AEBek Iran bonbardatu zutenetik, eta Ormuzko itsasartea blokatuta dagoenetik, Europar Batasuneko gas-biltegiak ohi baino edukiera apalagoan baitaude. Eta bestetik, eta berriz ere uda honetako eguraldiari kasu eginda, arazo bat larriagotu da etxe guztietan: beroa. Horri aurre egiteko ohi baino energia gehiago kontsumitu da etxeetan, eta hala dela konfirmatu du Energiaren Euskal Erakundearen txosten berriak: iazko uztailetik aurtengora, ia %60 energia gehiago kontsumitu da.
Goienerrek diosku aurreikustekoa dela argindarraren merkatuak “gorabehera handiak” izango dituela udazken eta negu honetan. Baina “gorabeherak”, gora egingo du gehiago behera baino. Ormuzko egoera korapilatzen ari zaie AEBei, eta ez dute amore emateko itxurarik; eta udazkenean sartuta, argi-orduak laburtuta eta eguzki-energia murriztuta, beste sorkuntza modu (ziurrenik garestiago) batzuetara jo beharko da. Haizeak freskatu beza poltsikoa.