Berehala itzuliko naiz gaurko kontuetara, baina egin ditzagun 50 urte atzera, eta jo dezagun 1976ko abuztura.
Frankismo osteko lehenbiziko udaldia du Espainiako Erresuma errestauratu berriak. Estatuburu berria, Juan Carlos I erregea, eta demokrazia ezartzeko ardura ipini dion Adolfo Suárez gobernuburua. Demokrazia, hitz larritan. Eta askatasuna. Hitzak aldarritzat hartu eta Europako bira abiatuko du Suárezek, buru argi eta senez, lau hamarkadaz zikindu den Espainiaren irudia garbitu asmoz.
Lehen kolpeetako bat Parisen emango du. Vanity Fair baten modura, elkarrizketa zabal, garden eta gertuko bat eskainiko dio Paris Match aldizkariari. Baina gauzak ez dira oso ongi irtengo, kazetariak zorrotz jokatuko baitu. Hasteko, Suárezek ez ditu Opus Dei eta Falangea kritikatuko, eta presidente bat eskuin muturretik ez aldentzea, garai hartako Frantzian, ixaz markatzeko modukoa zen; eta kazetariak horixe egiten zion.
Baina beste erantzun jakin batek harrotuko zituen hautsak Euskal Herrian eta Katalunian. Kazetariak galdetuko zion ea batxilergoa euskaraz eta katalanez egiteko aukerarik izango ote zen, izan ere, demokrazian sartuta, eta Espainiako Gobernuak “elkar ulertzea” bultzatzen zuenez gero, beharbada urratsetako bat izan zitekeen. Bada, Suárezek hau erantzun zuen: “Zure galdera, barkatuko didazu, ergela da. Aurki iezazkidazu lehenik kimika nuklearra euskaraz, katalanez irakasteko gai diren irakasleak. Izan gaitezen serioak”.
50 urte pasatu dira. Ez dakit asko edo gutxi diren. Baina Hego Euskal Herrian euskaraz egin daiteke batxilergoa, eta Katalunian ere bai. Gero, funtzio publikoan-eta ondo asko dakigu zer nolako egoera bizi duen euskaraz. Arreta ematen dit, ordea, kazetari frantses hark galdera hori egin ziola Franco hil osteko Espainiako lehen presidenteari. Zeren 2026a da, eta baxoa eta brebeta etsaminak ezin daitezke euskaraz egin Ipar Euskal Herrian. Eta ondo borrokatu eta urtez urte desobedientzia eginda ere, Parisek ez du ametituko. Argi geratu da oraingoan ere erakunde publikoetatik ezin zaiola euskarari aitortza sinbolikorik txikiena ere egin; Paueko Auzitegiak doktrina atera, konstituzioa irakurri, eta indargabetu egin ditu Baionako eta Sarako herriko etxeek euskara “herriko hizkuntza” izendatu izana.