2026ko irailaren 2a.

Egun on.

Atzo Marokoz, Espainiaz eta migratzaileez hizketan, kasualitatea, justu gaur dira 11 urte Aylan Kurdî haur kurduaren gorpua agertu zela Turkiako hondartza batean. Siriako gerratik ihesi zihoan. Bere argazkiak munduari bira eman zion, gogoan izango duzu.

Bihotza apurtzen duen oroitzapen hori eta gero, goazen mamira.

Oria ibaia, Tolosan, artxiboko irudian.

Harro hadi, Oria

Goierri aldean notizia da siderurgian aritzen den Arcelor Mittal multinazionalak bere laberik handiena itzali duela Olaberriko lantegian. Itzali du Oria ibaiaren ur eskasiagatik. Larunbatean amatatu zuen, eta buletin hau irakurtzen ari zarenerako segur asko piztu dute atzera ere, aurreikuspenak bete badira behintzat. Labeak txatarra erretzen du 1.600 gradu zentigraduko tenperaturan, eta Oria ibaiko ura erabiltzen dute makineria hozteko. 

Itzalaldiaren eta prozesu tekniko guztiaren xehetasunak nahi badituzu, El Diario Vasco egunkarian dauzkazu irakurgai. Enpresako arduradunekin hitz egin dute, eta hondamendi baten bueltan egindako publi-artikulu baten tankera du gehiago. Irakurri dut Olaberrian eta inguruetan “ibaiari adi” segituko dutela, ibaia “funtsezko” delako... Enpresa ugariren makineriarentzat. 

Faltan sumatu dut irakurketa osatuago bat. Labe galant hori ur eskasiagatik itzaltzen den estreinako aldia da, ados. Baina Oria ibaiaren osasunak makineria hozteko baino gehiagorako balio duela espero dut. 

Antzerako zerbait gertatu da udan, Europan, Danubion. Kontinenteko bigarren ibairik luzeena ur faltan ibili da hainbat lekutan, tartean Errumanian, eta foku guztiak hor bertan jarri ziren esklusiboki motibo ekonomiko eta energetikoengatik: Errumaniako Gobernuak arroka batzuk leherrarazi zituen, aldameneko ibaietako ura Danubiora bideratzeko, bestela ezin zuelako herrialdeko zentral nuklearrik handiena piztuta mantendu. 

· · · · · · ·

Eta segi dezagun lehorte kontuekin.

Kontatu nizun atzo abeltzainak haserre daudela Eusko Jaurlaritzarekin, ur eskasia medio abereek apenas dutelako bazkarik. Eta eskaintza murriztean prezioak garestitu egiten dira, jakitun gara denok. Bada, uztail amaieran bilera egin zuten, bazirudien abuztuan bazka-erosketa bateratua egingo zuela Jaurlaritzak, prezioz duin eta kantitatez franko, baina azkenean ez du horrelakorik egingo.

Sindikatuek eta Jaurlaritzak ia bi orduko bilera egin zuten atzo arratsaldean Lakuan, Gasteizen. Dirudienez, ezertarako ez. Jaurlaritza ateak itxita dago; sailburuak dio ganaduarentzat bazka “bermatuta” dagoela, eta “prezio justuan” gainera. Kontrakoa esaten entzun nituen bart EHNE eta ENBA sindikatuetako ordezkariak Euskadi Irratian: merkatua “disparatuta” dagoela diote, normalean bazka erosi beharrik izaten ez duten abeltzainak hura erosten ari direla, eta Jaurlaritzarekin etsita daudela.

Zerbait esan nahi didazu? Erantzun mezuari edo idatzi buletinak@argia.eus helbidera, eta gustura irakurriko zaitut.

·····>   Ez galdu hauek

  • Marienia. Lurrak husteko agindua eman du Baionako Auzitegiak; hilabeteko epea eman diete desobedientzian ari direnei. Beraz, aurrera doa Kanboko nekazaritza lur batzuetan egin asmo duten etxebizitza proiektua. Iragan ekainean abereak sartu zituzten bertan ELB sindikatuko eta Lurzaindia elkarteko hainbat kidek.
     
  • Gernikako gaztetxea. Gauzak bero jarraitzen du: alkateak esan du espero duela hilabete honetan hustuko dela gaztetxea, eta hala egiten ez bada, kalte-ordainak eskatuko dizkiela gaztetxeko kideei. Alternatiba eskatzen dute gaztetxekoek. Liburutegia eraiki asmo du udalak hor; gaztetxeko kideek diotenez, hura okupatu aurretik, udalak ez zuen planik eraikinerako. 
     
  • EAJk aldaketa Madrilen. Alderdiari emaitza kaskarrak besterik eman ez dizkion Beatriz Artolazabal jeltzalea Espainiako Senatuan ariko da orain, zortzi urtez Jaurlaritzako Segurtasun sailburu izandako Estefania Beltran de Heredia ordezkatuta. Azken aldi laburrean Madrilen zebilen, eta erretreta hartzeko adina heldu zaio. 

AGENDA KULTURALA

Beti daude makina bat plan egiteko, baina askotan ezin aukeratu. Epe motzean datorren guztiaren ganorazko entresaka bat egiten ahalegintzen naiz asteazkenero, gaindosirik gabe. Irudian, dantzari bat aurreskua egiten; igandean jokatuko da Bizkaiko txapelketa.

Honaino gaurkoa.

Asteazken on. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN