Barkatuko didazue, baina Gabriel Arestiren Emazurtz poema ezin hobeto datorkit Ceuta aldeko kristoa hitzetara ekartzeko. Lehen estrofak honela dio:
Emazurtz jaio hintzen
Lurraren erdira,
pobreen esperantzak
benetan zer dira?
Ama urrikariak
hala zinan erran,
esperantza guztiak
hil zirela gerran
Hilabete da Marokoren lurrak utzi eta Espainiako Estatuaren menpeko Ceutan sartu zirela 80.000 migratzaile inguru, denak ere uste ustel batzuek gidatuta, itxuraz ultraeskuinaren, mafien eta auskalo nortzuk hedatutako gezurra irentsita, erregularizazioa ohi baino errazago lortuko zuketelakoan. Baina ez. Erregalurik ez. Eta gainera, tori polizia. Gizatasunik gabe, eta migratzaileen eta pertsonen eskubideak besapetik igarota, Espainiako Gobernurik ezkertiarrenak ostikadaka bidali ditu gehientsuenak bueltan.
Arazoa da, eta arazo erreala da, milaka batzuk oraindik ere Ceutan daudela, baldintza negargarrietan bizirauten; hiria oso txikia dela eta gainezka eginda dagoela; eta limusinetan eta auto ilunetan bidaiatzen duten jakadun gizonak direla, xextra politiko negargarrian dabiltzanak, erroari behar den bezala heldu beharrean.
Laburpen sinple bat. Eskuin muturrak dio “inbasioa” dela, nazioaren aurkako erasoa, marokoarrek espainiarrak “ordezkatuko” dutela eta indarrez bueltan bidali behar direla denak, baita bakarrik eta beldurtuta dauden 8 urteko umemokoak ere. Eskuin tradizionala, berriz, hainbesteraino joan gabe, gobernua egiten ari den gauza oro kritikatzen ari da, zentzu barik. Eta ezkerra, egia esan, ez da ari ezertan; gobernua gutxi gorabehera babesten.
Asuntua ez da, ordea, Espainiako Estatura mugatzen. Ikusteko dago Hego Euskal Herrian zer nolako indarra duten ultraeskuinak egindako deialdiek. Esan dizudan “inbasio” kontzeptuaren bueltan, biharko deitu dituzte mobilizazioak Bilbon (Vox), Gasteizen (PP) eta Donostian (Lo que no te cuentan de Donosti sare sozialetako kanal arrazista da deitzailea).
Espainiako markoan, dena dela, interesgarria izan zen atzo presidentea bere irrati-kate afinean entzutea. Ke pixka bat bota zuen titular sakabanatu batzuk ere sortzeko, baina gakoa izan zen Marokoz egin zuen planteamendua: Marokok ez duela ezeren errurik esan, eta laguntza eskatu zion. Hori bai, Espainiako erregeak Ceuta bisitatuko duela ere iragarri zuen, eta hori Marokori esatea da Espainian gauzak serio daudela iradokitzea.
Ez dut gaiarekin gehiago luzatuko, gaur goizean publikatu baitut artikulu bat Marokoren bueltakoa. 2030eko futbol mundiala ere xake-partidaren barruan sartu dut, eta Medgaz gasbidea ere bai.