2026ko abuztuaren 31.

Egun on, eta kurtso berri on!

Hemen naiz bueltan. 

Oporrak egin dituzu? Zer moduz joan zaizkizu? Atseden hartu duzula espero dut.

Gutxi gorabehera hilabete t'erdi egon naiz buletinik egin gabe, eta horietatik bi aste hartu ditut opor. Ongi etorri zaizkit egia esan. Gainontzean, ARGIAko atzeko lanean eta astekarirako produkzioan aritu naiz. Eta ikusi duzun bezala, denbora hartu dut Danirekin argazki sesio bat egin eta goiburua berritzeko.

Gaur itzultzen bazara eguneroko beharretara, animo.

Eta buletin honetara iristen zaren lehen aldia bada, eta ez bazaude izena emanda, hemendik egin dezakezu.

Goazen mamira.

Pello Maudo Herrero / ARGIA

Ai, gure alkateak

Ogitartekoak delitu, kale saltzaileak kriminal, eta jaietan memoria lurperatu. Donostia, Bilbo eta Gasteiz. Perla preziatuak erregalatu dizkigute abuztuan Euskal Erdiko hiriburuetako alkateek haien jaietako lepokoa soinean.

Gertatu hurrenkeran. Hasteko, Gasteiz. Zeledonena egiten duen Iñaki Kerejazuk, jaietako diskurtsoan, 1976ko martxoaren 3an eraildako langileak oroitu zituen, mende erdia bete denaren aitzakian. Eta festen ostean, balorazioa egiteko agerraldian, Maider Etxeberria alkateari ahaztu egin zitzaion komodinak ez duela beti gauza guztietarako balio. Jaia eta politika ez direla nahastu behar esan zuen. Baina zerua gainera etorri zitzaion eta, bejondeiola, inork ez baitu egiten, barkamena eskatu zuen. Festen eraginez nekatuta zegoela esan zuen, kartutxoarekin ez zuela asmatu. 

Gero, Donostia. Jon Insausti alkate donostiar petoaren lehen Aste Nagusiaren atarian, zer eta Kaleko Afari Solidarioak debekatu zituen, eta egunero-egunero 400 pertsona afari gabe utzi. “Behin-behinean”, behintzat. Udalak esan zuen “abuztuan” iragarriko zuela “alternatiba”, hau da, jaiak igarotzean eta turista oldea apur bat jaisten hastean. Baina boluntarioak ez dira batere kontent, udalaren sistemak, hau da, otordu bonuen sistema indartzeak, ez duelako ezer konpontzen. Hala, etxean ogitartekoak kozinatu, aluminiozko paperean bildu, erosketa organ sartu, eta kalean gosez zirenak elikatu dituzte arima errukarriek. Baina hori ere gaizki. Orgatxoak miatu eta horretan ari zirenak identifikatu dituzte udaltzainek, delinkuenteak bailiran. Deigarria, zerbait esateagatik. Zeren, jan daiteke gazta tarta pareko atariko koskan jesarrita, edo jan daiteke tabernako ogitartekoa edozein bazterretan, edo izozkia su artifizialak ikusten, baina gosea duenari jaten emateak zigorra ekar dezake. 

Zumaiako alkate ohi jeltzalearen egoskorkeria oroitu dit horrek. Bazen horma zikin eta abandonatu bat; herritar kuadrilla batek mural benetan eder bat egin zuen, eta ordu gutxira udal langileak bidali zituen alkateak, atzera ere marroi tonu tristez pintatzeko. Herritarrek berriz margotu. Eta alkatea atzetik. Horrela, ia ehun aldiz. Absurdua zen.

Kaleko Afari Solidarioak ekimenak sareetan zabaldutako irudia.

Eta azkenik, Bilbo. Hiru legegintzaldiren ostean, azken agurra dantzatzen ari den Juan Mari Aburtok ere beharbada bitan pentsatu gabekoak esan ditu. Hitzez hitz, Euskadi Irratiko elkarrizketan, kaleko saltzaileak “erakunde kriminal baten parte” direla esan zuen Aste Nagusi betean. Uste dut, benetan, txirrist egin ziola. Edo hori pentsatu nahi nuke, Euskotrenen azken astean gurutzatu ditudan Saharaz azpiko gazteak, Donostiatik Bilbora karga-karga eginda zihoazenak, ez direla pertsegitu, seinalatu eta salatu beharreko gaizkileak. 

Protesta egin dute bai Bilbon, kale saltzaileen kriminalizazioaren kontra; eta bai Donostian, Kaleko Afari Solidarioak ekimenaren alde.

· · · · · · ·

Beno, eta alkateak aipatu ditudanez. Beroaz nazka-nazka eginda amaitu ditugu uztaila eta abuztua, baina askotan hobe izaten omen da sufrimenduari paso egitea, beste zerbaitean pentsatzea, beroa beharrean hotza dugula pentsatzea (?).

Tira, esan nahi dudana da inbidia arraro bat badiodala Irungo Cristina Laborda alkateari. Beroaldi betean, abuztu erdi-erdian, prentsaurrekoa eman zuen iragartzeko Gabonetako argiak azaroaren 28an piztuko dituela Irungo Udalak. Nahiko nuke jakin txorrotetako ura hozten, itzalguneak sortzen eta lehorteari aurre egiteko neurriak hartzen ari zen hiriko mantenuaren udal langileak zer pentsatuko ote zuen.

Buletin hau debaldekoa da ARGIAren komunitateak proiektua babesten duelako.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • Euskal Udalekuen jaia. Bernedoko udalekuen aldeko elkartasun jaialdia egin zuten herenegun, herrian bertan. Adin guztietako jendea batu zen Euskal Udalekuen deialdira, eta eguna giro goxo eta atseginean joan zela esan dit bertan egon zen lagun batek, baita ekitaldia hunkigarria izan zela ere. Kepa Errasti aktoreak egin zuen sarrerako hitzaldia, egungo eta lehengoko hezitzaile, gazte, familia eta pertsona ugariren testigantzak bildu zituzten, kantuan aritu ziren, eta euskaran, feminismoan eta auzolanean oinarritutako aisialdi eredu baten aldarria egin zuten.
     
  • Estelada eta Polizia. Gizonezkoen futbolari loturikoak. Duela astebete, Herrialde Katalanetako Elx hirian, Elxen eta Bartzelonaren futbol partidaren aurretik, Bartzelonaren kamiseta zeraman adin txikiko gazte bat jipoitu zuen Espainiako Poliziak estelada bat zeramalako estadio barrura. Lurrean zela ere joka segitu zuten agenteek. Eta haserrea piztu zuten gertakariek, nola ez. Bada, Bartzelonaren hurrengo partidan, etxean, duela egun gutxi, estadioa estelada ugariz bete dute, gazteari elkartasunez.
     
  • Venezuelaren petrolioa. AEBek ez zuten Maduro besterik gabe bahitu; agintari aldaketa nahi zuten Venezuelan, bertako petrolioa lapurtzeko. Eta hori da bi aldeek iragarri duten “25 urterako akordioa” delakoak atzean duena: ustiapena igo eta AEBek kontrolatuko dutela Venezuelako petrolioaren salmenta. 

PANTAILARA ITSASTEKO BAZKA

Udan gauza dezente ikusi ditut etxeko kobazuloan, edota zine areto freskoan. Gaur dakartzadan bi zinean ikusitakoak dira. Eta horietako lehena, atzo bertan. 

  • El ser querido. Maila handiko lana iruditu zait Rodrigo Sorogoyenek zuzendutakoa. Tentsioa sorrarazteko plano laburrak, elkarrizketa sakon, mingarri eta hunkigarriak, iraganeko mamuak… Aretoko eztul hotsak ez ditut entzun ere egin; bete-betean harrapatu naute Javier Bardem eta Victoria Luengo aktoreek. Aita-alabak dira. Ospe handiko zuzendaria aita, AEBetatik Espainiara itzuliko dena film bat egitera, eta alabari eskainiko dio paper bat. Ez dute harremanik izan aspaldiko urteetan, iraganeko arrazoi gatazkatsu batzuengatik, baina alabak erronka onartuko du. Meta-errodajea da filmean ikusiko duguna. 
     
  • The Odyssey. Ea, ez dut berriz entzun “luzeegia” dela... Badakizue zenbat pasarte edo “kantu” dituen Homeroren Odisea-k? Hori gutxi gorabehera zinera ekartzeko, arrunki pasatzen dira hiru ordu. Eta uste dut merezi dituela hainbeste minutu, bai. Gustatu zait, gainera, Christopher Nolan zuzendariaren hautua: zientzia fikzioari ez dio eman presentzia handirik, eta beharbada merezi zuen istorioak, baina ni behintzat akabatuko nindukeen. Merezi du pantaila handian ikusteak, oraindik aretoetan baldin bada.
     
  • Troy. Gaur goizeko filma, Troiako zaldiarena, Akiles protagonista duena (Brad Pitt, portzierto, Donostiako Zinemaldira dator). Film hau aitzakia gisa ekartzen dut hona, baieztatzeko zinemak hein batean irudimena mugatu egiten digula; tontakeria dirudi, baina The Odyssey ikusten ari nintzela, Historiako pasarte bera da, ezin nuen sinetsi Troiako zaldiak itxura hori zuenik… 2004ko pelikulan guztiz beste era batekoa da, baita Agamenon erregea ere. Troy berriz ikusi nahi baduzu: Hegoaldean Prime Videon, HBOn eta Movistarren dago, eta Iparraldean Apple TVn eta La Cineteken. 

Honaino gaurkoa.

Astelehen ederra izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN