Jakin nahi nuke zein den Espainiako herritarrei gogora etortzen zaien lehen gertakaria “estatu kolpe” hitza aditutakoan.
Esango nuke 1981eko saiakera dela lehen kolpean datorkiena. Berriena izan ohi delako oroitzeko errazena, ezta? Esan nahi dut 1981eko horrek beharbada itzala egiten diola 1936ko estatu kolpeari, eta hura bai izan zela potentea, nahiz benetan efikaza ez izan; faxistei efikaza izan zitzaien geroko gerra. Tira, 1981ekoak itzala egiten dio, bereziki, memorian askoz ere urrunago daukagulako 1936koa.
Hitzen borrokan aritu nahi duenari komenigarri zaio beste zerbait gainetik jartzea, zerbait berriagoa inposatzea, dagoen diskurtsoa zanpatzea. Gutxi gorabehera da Donostian metroari “topo” deitzeko dagoen estrategia bezala, ezta? “Metro” hitzak konnotazio negatiboa duenez, mila aldiz “topo” esan, komunikabideak konbentzitu, eta ea jendeak “topo” karismatiko hori deitzen dion metroari. Estrategia bertsua da Kataluniako procésari “estatu kolpe” deitzea; ea Tejero koronel frustratuarena ahazten dugun behingoz, eta ea “estatu kolpe” aditzen dugunean Puigdemonten aurpegia datorkigun.
Atzoko notiziaren ostean, etxera itzulera gertuago ikusten du Carles Puigdemont presidente ohi erbesteratuak. Izan ere, behingoagatik egia esan, Europako Justizia Auzitegiak hitz egin du asuntuaz: Amnistia Legea legezkoa dela esan du, eta hortaz, Espainiako epaileek zuten “zalantza” hori argituta geratu da. Eskatu die, baita ere, utz ditzatela ergelkeriak, erreferendumaren diru publikoa “beraiek aberasteko erabili” zutenaren ideia hori-eta. Alegia, auziak itxita egon behar lukeela. Hori da Europako Justizia Auzitegiaren tesia. Baina esanak ez dira lotesle; azken hitza Espainian dago. Eta pilota, orain, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean: itxura guztien arabera, udazkenean esango du zer edo zer.
Kataluniako buruzagi independentistek pozik hartu dute Europatik heldutako berria. “Garaipen handi” gisa aurkeztu dute, eta exijitu Amnistia Legea behingoz aplikatzea azken auziperatuei. EAJk eta EH Bilduk ere lerro bertsuan hitz egin dute. Eta PSOEk ere bai, nabarmenki gainera; goi kargudun askok hitz egin dute gaiaz. Independentistei bezainbeste axola baitie Amnistia Legeak, bistan da, hauteskunde kanpaina kutsua du-eta. PSOErentzat ere bada garaipena.