Hasi kalkuluak egiten. Demagun gauero 7 ordu egiten ditugula lo. Hala, 56 lo ordu galtzeak esan nahi du urtean zortzi gau oso lapurtzen dizkigula beroak. Asko da. Izugarri da. Benetan inportantzia emateko zifrak direla diote Climate Central taldeko ikerlariek. Arazoak adar ugari direla adierazi dute, baina bat nabarmentzekotan, azken bost urtetan biderkatu den problemetako bat da: gauetan ez direla etxeak hozten, kaleak (asfaltoa!) bero daudelako, eta bero hori botatzen dutelako.
Aintzat hartzeko azken zertzelada bat ekarriko dizut, beraiek ere txostenean aitortzen dutena, eta poztu nauena: desfase handia dagoela hiri, auzo eta bizilagun batetik bestera. Desberdintasun sozialak eragin handia duela beroak lapurtzen dituen lo ordu horietan; aire girotua pagatu dezakeenak pagatzen du, eta ziur hobeto egiten duela lo.
Datuak zenbateraino diren ziurrak ez dakit, eta egia esan, oraintxe bertan, ez zait gehiegi axola 30 lo ordu diren, 20 edo 40. Gero eta jasangaitzagoak diren gau sargoriez hitz egiteko aitzakia izan zait gaur. Eta desberdintasun soziala ere mahai gainean jarri behar da larrialdi klimatikoaz hitz egiten dugunean, bai jakina.