Ondo jo dute perretxikoek azken boladan, e? Neuk bezalaxe izan al duzu zortea egunotan bildutako aleren bat dastatzeko? Neu ez naiz mendira joan, baina sukaldera heldu zaizkit; hori da luxua, hori.
Tira, onddoen kontua ezin hobeto zetorkidan albiste bitxi hau buletinera ekartzeko. Kontua da, Norvegian, iruzurgile batzuk hainbat herritar konbentzitu dituztela urrea erosteko eta lingoteak basoan ezkutatzeko, zuhaizpean, hitzemanda haiek zainduko zituztela. Eta jakina, gezurra. Iruzurra. Ez da kasu isolatua izan, Norvegiako hainbat hiritan gertatu da azken hilabeteetan, estimazioen arabera ehun milioi euro inguru lapurtu dituzte dagoeneko, eta horregatik, kanpaina abiatu du banka entitateen patronalak inor gehiago ez dadin amarruan jausi.
Katastrofismoari lotuta doa iruzurra. Bizitza hain dago garesti, sistema kapitalista hain dago gaizki, eta ekonomia hain desorekatuta, iruzurrean jausi direnei “larrialdi egoerarako soluzio” gisa aurkeztu zaiela urre lingoteen inbertsioa. Zeren aurrezkien balioa galtzen ari da, eta inbertsioek eta finantzaketek ez dute lehen bezalako irabazirik ematen, hori hala da, eta horrekin jokatuta, iruzurgileek zurrumurrua zabaldu dute esanez urrearen balioa asko handituko dela etorkizunean.
- Interneten begiratu dut urre gramoaren prezioa 115 euroan dagoela orain, eta nazioartean “ohikoena” omen da urre ontza bat erostea, 31 gramo pasatxoko neurri estandarrekoa, hau da, ia 3.600 eurokoa. Hortik ehun milioi euro urre basoan lurperatzera badago koska.
Nolako iruzurra, halako gizartea. Iruzur maila absurdoetan jausten den gizartearengandik zer espero behar dugu, bada.