2026ko urriaren 23a.

Egun on.

Ongi iritsi zara ostiralera? Halaxe espero dut. Ez da aste makala izan.

Goazen mamira.

Essere al verde

Essere al verde. Literalki, gaizki itzulita, “berdean egon”. Dirurik gabe egon, ekonomikoki porrot eginda, alegia. Italiako esamolde zahar bat da, XVI. mendekoa, jauntxoak edo ustezko dirudunak enkanteetara joaten zirenekoa. Berde koloreko oinarria zuen argizarizko bela bat piztu eta apustuari ekiten zioten, nork gehiago eman. Bada, isilik geratzea, eta hortaz bela agortzea, berdera iristea, ekonomikoki sostengatu ezin zenezakeen egoera batera heltzea zen. Hortik omen dator adiera.

Giorgia Melonik ez du bela agortu nahi. Baina berdera gerturatu da, kontziente da. Eta beti baldin badu zoro itxura, azken orduetan gehiago: zoro moduan ari da erregaien prezioaz kexu diren garraiolarien greba bertan behera utzi nahian. Izan ere, arazo oso larriak pilatu dira Italian, batik bat hegoaldean, Erromatik hasita eta beherantz joanda, dena. Halako kasuetan geografiak ez die askorik laguntzen italiarrei, beste herrialdeekin duten lurreko konexioa iparraldera mugatzen delako; greba eraginkor bat egiteko bai, a zer aukera.

Horixe ari da gertatzen: dieselaren prezioa hain dago altu, garraiolariak direla kexu, oso kexu, eta ez dago deus, inon. Erromako gasolindegi asko erregairik gabe daude, hasi hortik. Pentsa beherago, Napolin-eta nola dauden. Eta irletan. Gasolinarik ez, erreserbak dituenak prezioak garestitzeko aprobetxatzen du gainera; bi aireportu itxi dituzte, eta Napolikoak murrizketak ezarri ditu; supermerkatuetan gero eta apal gehiago hutsik; eta produktu freskoak, zakarretara.

Irakurri dut Sizilia “gainezka eginda” dagoela berenjena eta kuiatxoez, ezin merkaturatuta. Campania eskualdean, adibidez, Napolitik barnealdera, bufalo emeen esnea ez da gaztandegietara iristen ari, eta alferrik galtzen ari da. Eta kiwiak ez dira Italiako produktu izarra, baina milioika ale txartu egin dira, eta azken bost egunetan 30 milioi euroko galerak pilatu ditu sektoreak.

  • Hau da asuntua (I): dieselaren prezioa litroko 2,30 euroan dagoela, aurreko urtean baino %40 garestiago. Irailetik urrira %6 igo da prezioa. 
     
  • Eta hau ere bada asuntua (II): arrazoi handiz protesta olatu batean murgildutako dagoela herrialde osoa, Milandik hasi eta Napoliraino, baina Italiako Gobernuak, oinarrizko arazoari heldu beharrean, gaueko protesta eta liskarretan jarri duela fokua. Zera esan du Justizia ministroak: “Litekeena da errepideak blokeatzearen ardura krimen antolatuko taldeena izatea, eta baliteke mafiak probetxua ateratzea”. 

Krimen antolatua. Diskurtsoetan ez al duzu antzekotasunik ikusten Frantziako Estatuko panoramarekin?

Bihar, Frantzian, mobilizazio egun handia espero da. Jaka Horiek, sindikatuek eta eragile politiko ugarik protestak deitu dituzte bizitzaren garestitzeari eta gobernuaren murrizketei ezinegona adierazteko. Eta, goian esaten nizunaren ildotik, pultsuari eutsi eta esku gogorra iragarri du Macronek. Oraingoz jakina da manifestazio “ez ofizial” guztiak debekatuta egongo direla, alegia, indarra erabiltzeko justifikazioa jada emana duela, eta horrez aparte, litekeena da etxeratze aginduak ematea hainbat herri, hiri edo auzoetan, aste honetan gertatu den moduan.

· · · · · · ·

Portzierto. Azaroaren 11ra begira, Hego Euskal Herrirako greba deialdi bateratua egin dute sindikatuek. Iruñean egin zuten agerraldia atzo. Afixa laranja izango da, eta hauxe izango du leloa: Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!

Eguerdian egingo dira manifestazio handiak. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Eibarren eta Tuteran dira hitzorduak.

Eta etxebizitzari lotuta, gaurko egunak ekarriko duen kontu bat: sei haurreko familia bat etxetik kaleratzeko agindua emana dago Gasteizen. Etxebizitza Sindikatu Sozialista ari da familiari babesa adierazten, gaia lantzen, eta salatu du Gasteizko Udalak ez duela borondaterik konponbidea aurkitzeko. 

  • Etxe kaleratze agindu horrek zalaparta sortu du Gasteizen, haurrengatik. Abendaño eta Miguel de Unamunoko ikastetxeetan ikasten dute, eta bi hezkuntza komunitateek, irakasleek eta gurasoek, protesta egin dute alternatiba eske.

Ordaindu nahi duzuna. Jaso nahi duzuna.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • “Terrorismo” delituaz atxilo. Espainiako Auzitegi Nazionalak espetxera bidali dituen bi gazteen etxeak miatzeko baimena eskatu du Ertzaintzak, baina epaileak ukatu egin dio eskaera. Argudiatu du errepide kontrolean informazioa atzeman zienetik hilabete pasatu dela, eta hori asko dela.
     
  • Subflubiala. Hasi dira Getxo eta Portugalete lotuko dituen ur azpiko tunelaren obrak, bizilagunek inolako informaziorik jaso gabe, Subflubiala EZ plataformaren esanetan. 45 milioi euroko gastua aurreikusten dute, eta plataformak dioenez, autoen zirkulazioa handitu baino ez du egingo. Bihar dute manifestazioa deituta.
     
  • Errigora. Udazkeneko kanpaina abiatu du, hiru saskiren eskaintzarekin, eta azaroaren 12ra arte bilduko dituzte eskaerak beraien webgunean. Diru zati bat Nafarroako euskalgintzara bideratzen da. 2013tik gaur arte, bi milioi euro baino gehiagoko ekarpena egin dute. “Ez dago euro bat ere sobera, beharrizana handia baita”, irakurri diet Berria-n.

· · · · · · ·

Bide batez, iragarpen bat. Bertsolaritza gustatzen bazaizu, edota familian edo lagun artean txapelketa iruzkintzen ari bazarete, mahai bueltarako jolas berria argitaratu dugu: karta-jokoa. Bertsolaritzaren historian murgiltzeko jolasa da. Adibidez, ba al dakizu Txirritak zer abestu zuen Plazida Otañoren omenaldian? Noiz sortu zen Hitzetik Hortzera telebista programa? Zenbat urterekin eta non egin zuen Xabier Amurizak bere lehen plaza? Eta Maialen Lujanbiok?

Aner Peritz aritu da edukiak prestatzen eta Eñaut Aiartzaguenak egin ditu marrazkiak. Ea gustatzen zaizun!

ASTEKO KOORDENADAK >>

 

Asteko tendentzien bildumatxoa egiten dut ostiralero, iparrorratza hartuta, gai batzuk patxada handiagoz jorratzeko.

  • I > Iritsi nahi du jendearengana Gure Esku ekimenak, eta iritsi eztabaida politikoetara. Hamahiru urte dira sortu zirela, eta hasierako aldarriei tinko eusten diete: herri bat garela, herri izan nahi dugula eta erabaki nahi dugula. Bihar, zapatuan, zazpi lurraldetako hiriburuetan aldi berean, 12:00etan, “zazpi jauzi” dantza egingo dute. Bilbo Hiria irratia bisitatu du Josu Etxaburuk; beti da erraza bera entzutea.
     
  • H > Hego Amerikan areagotzen ari da turismo psikodelikoa. Hau da, hara joan eta helburu terapeutikoen aitzakian-edo “zeremoniak” egitea, “ongizatea” helburu, aluzinazioak eragiten dituzten onddoekin eta horrela ibiltzea. Ez nau batere erakartzen, eta ez dut batere kontrolatzen. Baina Garbiñe Larreak badaki zertaz ari den. Eta argi eta garbi hitz egin du horien kontra Menda bikoitza podcastean. Hemen entzun dezakezu.
     
  • E > Espainol. Soldadito español... Halaxe dio markak hausten ari den La bola negra pelikulako abestiak. Judeline artista andaluziarrak kantatzen du, eta hala egin du Espainiako telebista publikoaren late night-ean, zuzenean. Sareak bor-borka ipini ditu. Abeslari bikaina da, eta jendeari izugarri gustatu zaio. Baina bada kontu bat hor, Kattalin Barcenak Berria-n ekarri duena: kantu hori Primo de Riveraren diktadurapean jaio zen, gerrara bidaltzen zituzten soldadu espainiarrak omentzeko, eta gero, frankismo garaian, harrotasun espainiarraren ereserki bilakatu zen. Historia ahaztuta erosiko dugu? Badago eztabaida.
     
  • M > Memoria. Barrenak astindu dizkigu Oiana Ortega Arinek aste honetan: gutun bat bidali digu ARGIAra, alzheimerraren fase garatu batean dagoen bere aitaz mintzo. Miki. Memoria falta zaio, baina zeinen deigarria, jasandako torturez soilik oroitzen baita. Oso irakurgai ederra da. Gogorra, jakina.

Honaino gaurkoa.

Ostiral ona izan. Eta asteburu on.

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN