2026ko urriaren 22a.

Egun on.

Izugarrizko jende pilak irakurri zuen atzoko buletina. Amu bezala funtzionatu zuen sareetan: Espainiako Auzitegi Nazionalaren argazki gatzgabea, eta Itxura txarra du titularra. Ez nuen aurkikuntzarik egin. Gaiaz irakurtzeko gogoa dagoela bistan da, besterik ez. 

Gaur ere badakarkizut “terrorismoa” leporatzen dieten bi gazteen berri, abokatuari elkarrizketa majo bat egin baitiogu, baina lehenik utzidazu beste kontu batzuk esaten.

Goazen mamira.

Kanpaina da, lagunok

Poztasuna, emozioa, lasaitasuna... Albiste zoragarria Donostiako Bentaberri auzoan. Eskerrak egia esan, benetan diot, eskerrak babes ofizialeko etxeetako alokairu horiek ez diren merkatu libreko preziora igaro, eta bizilagunei ez dizkieten prezioak bikoiztuko. Edo hirukoiztuko.

Ari naiz 510 etxebizitzez, bi mila bizilagun inguruz, Musikene musika kontserbatorioaren aldamenean bizi direnez. Duela 30 urte eraiki ziren diru publikoz, babes ofizialaren zigilupean eta alokairu formatuan. Hau da, bizilagunek prezio eskuragarri bat ordaintzen dutela, baina jabetza ez dela haiena. Noiz arte alokairuko prezio “merkea” ordaintzen? Giltzak hartu zituztenetik 30 urtez, hau da, 2028ra arte. 

Hor dago koska. Jabetza Blackstone funts putre yankiarena dena, eta Blackstonek ez duela errukirik, langile familiak xukatzea baitu diru iturri. Horrelako mundu batean bizi gara. 

Tira, bada Eusko Jaurlaritza sartu da tartean, eta Bentaberriko etxebizitzen jabetza erosi du, alokairuko prezioek bere horretan segi dezaten. Tratua egin dute: Jaurlaritzak ehun milioi euro pagatuko dizkio Blackstoneri. Ehun milioi euro xahutuko ditu sortzetik diru publikoa duen, promozio babestua den eta lurzoru publikoan dagoen eraikin sorta baten jabetza erosteko. Ea ondo ulertzen dugun: publikoa zena pribatu bihurtzen da, legeak horrelaxe eginda daudelako, eta atzera ere publiko bihurtzeko ehun milioi euro gastatu. Erraz esaten da. 

  • Ehun milioi euro dira Etxebizitza Sailaren aurrekontuaren %15. Eta Bentaberriko operazioa, bera bakarrik, Hizkuntz Politikarako Sailaren aurrekontua baino handiagoa da, 93 milioi eurokoa baita. 

Donostiako auzo horretako bizilagunek lasai egingo dute lo, eta ondo, poztekoa da. Eszitaturik eta bero-bero egingo dute lo, baita ere, PSOEk eta Denis Itxaso sailburuak. Zango artetik gola sartu baitute hauteskundeei begira. Pentsa, Espainiako irratsaiorik entzunenak ere saioa Donostiatik egin zuen aurreko astean, miresmenez hartu eta elkarrizketatu zuten Etxebizitza sailburua, Itxaso jauna, euskal herritar gazteoi buruko minak arinduko dizkiguna. Bentaberri auzoko jokaldia Madrili begira dagoen irrati kate horretan iragarri zuen. Jokaldiari, espero bezala, hauspoa eman dio Espainiako PSOEk, estatuan halako operaziorik egiten den lehen aldia baita. 

Esandakoa: sekulako gola. Baina era berean, diru publikoaren poltsan, halako zuloa. Gola. Kanpainan eragitekoa. Zeren, ondo dakizu zer dagoen ehun milioi euroko operazioaren atzean: “Hau ez zukeen eskuinak egingo”.  

Zer iritzi duzu zuk? Erantzun mezuari edo idatzi buletinak@argia.eus helbidera eta gustura irakurriko zaitut.

Madrildik datorkiguna

Hauteskunde kanpainaren parte da, baita ere, “terrorismo” delitua leporatuta Madrilen atxilo dauden bi gazteren kasua. Eskuin espainola jardunean ari da makineria gogortzen, komunikabideen bidez asko. “Erradikalak”, “ezker abertzalearen disidenteak”, “terrorismoa bueltatzeko ahalegina”... Botoen peskizan ari dela PP, alegia. Eta EAJ eta Jaurlaritza ere beraien estiloan. Ez dute itxurarik asko zikindu nahiko dutenik, eskuin espainolari egiten baitio mesede eztabaidak, baina tirriki-tarraka Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak esan ditu bereak: ez dakitela ezer, atxilotzeko eman diren motiboez aparteko deus gutxi, baina Jardun antolakundea “alegala” dela, hori behintzat bai. Ikatza suari. Eta isilik EH Bildu. Kanal ofizialetatik ez dute gaia aipatu ere egin; gehiago komentatu dute independentista kataluniarrei amnistia aplikatu diela Espainiak.

Tira, ARGIAn beste behin Aratz Estonba abokatuarekin hitz egin dugu. Atzo baino sakonago oraingoan. Atxilotuetako bietako baten abokatua da, eta gogor mintzatu da duten informazio ezaz. Ikerketaren txosten osoa ez diete pasatu, ez dakite zergatik, lauzpabost orriko laburpen bat baino ez. Eta hor ez dago deus larririk, ez armarik eta ez terrorismorik.

  • “Armak gordetzeko zulo bat" aipatu da komunikabideetan; Poliziak duela hilabete izan zuen “zulo” horien berri, errepide kontrolean gerarazi eta paper batzuk konfiskatu zizkietenean, baina, zeinen kuriosoa, Poliziak ez du oraindik zulo hori atzeman, ez dago irudirik… 

Hementxe duzu elkarrizketa. Hainbeste gezur eta desinformazioren artean, argi pixka bat nahi baduzu, onena dela uste dut ikertuen abokatua irakurtzea.

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • EHU eta CAF. Beste enpresa askorekin bezalaxe, unibertsitateak hitzarmena du multinazionalarekin, lau urtean behin berritzen dena, besteak beste ikasleek praktikak han egin ditzaten. Datorren urtetik aurrera ez da posible izango, ordea: EHUk ez du berrituko. Garaipena izan da hainbat herri mugimendurentzat.
     
  • Glovori salaketa Bilbon. Urriaren 3an sekulako euri jasa egin zuen Bizkaian eta batez ere Bilbon. Alde Zaharreko arketek gainezka egin zuten, eta belauneraino pilatu zen ura, gogoan izango duzu beharbada. Zabaldu ziren irudi mordoa; tartean, Glovo enpresako janari banatzaileak lanean, urak harrapatuta. Botatzen ari zuen guztiarekin ere inozo jendeak gupidarik ez duelako pizza bat etxera eskatzeko. Bada, CCOOk salaketa ipini du Glovoren aurka, lan jarduna ez geratzeagatik.

ITZALETIK ARGIRA

 

Ostegunetan, Fototekaren barrunbeetatik ekartzen dugu istorio bitxiren bat.

ARGAZKIA: ARGIAren artxiboa.
1980ko otsailaren 3an egina, Ataunen (Gipuzkoa).

 

Anttoni Urdangarin. 74 urteko etxekoandre arrunta. Ehiztaria, hori bereizgarria, emakumeei debekatutako mundua zelako. Baina gaia ez zihoan hortik, berez. Elixabete Garmendia eta Lurdes Auzmendi kazetariak bere etxera heldu ziren zurrumurru bat zebilelako hor zehar: norbaitek eskopetaz “hegazti arraro bat” bota omen zuela. Anttoni, Anttoni… a zer nolako andrea!

Segitu istorioa leitzen Urko Apaolazaren artikulu honetan.

Honaino gaurkoa.

Segi ondo.

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN