2026ko urriaren 21a.

Egun on.

Zer moduz? Heldu gara asteazkenera.

Notiziak ditugu Madrildik.

Goazen mamira.

Itxura txarra du

Ez da kazetaritzaren jardunbidea suposizioak egitea, oinarririk gabeko hipotesiak zabaltzea, baina jauzi egitea tokatzen da batzuetan, nahiz jauzi laurden bat izan Espainiako prentsak egin ohi duenarekin alderatuta. Zorionez, ordea, Poliziaren ustezko filtrazioez aparteko informazioa daukagula esan dezakegu: Zigor Olabarria lankideak “terrorismoagatik” espetxean dauzkaten bi gazteetako baten abokatuarekin hitz egin zuen atzo arratsaldean. 

Errepasa ditzagun tempoak: irailean errepideko kontrol batean gerarazi zituzten, iragan larunbatean Irungo polizia-etxean aurkeztu eta atxilotu zituzten, atzo Madrilera bidali, Audientzia Nazionaleko epailearen aurretik pasatu, eta behin-behineko espetxealdi ezarri zieten.

Bi kontu deigarri egon dira hasiera-hasieratik, leporatzen zaizkien karguen zergatia: bata, “armak eta lehergaiak fabrikatzen” zituztela, eta bestea, Euskal Herriko hainbat polizien eta guardia zibilen “informazioa” zutela. Bada, bien inguruan galdetu dio Zigor lankideak Aratz Estonba abokatuari, eta hona erantzuna:

  • “Armak”. Bideo bat aurkitu diete, zeinetan atxilotutako bi pertsonak ageri diren estintoreak edo su-itzalgailuak pinturaz nola bete erakusten. Hori da “arma” kontsideratzeko motiboa, bai behintzat abokatuei erakutsi dietena.
     
  • Eta “polizien informazioa”. Honek dirudi katramilatsuena. Zeren bai, polizien informazioa zuten, polizia agente horiek herri mugimenduetan infiltratuta daudela uste dutelako, beraiek parte diren taldeetan. Hain justu ere errepide kontrolean atzeman zituzten egunean hainbat herritan egon ziren, hala nola abokatu, kazetari eta herri mugimenduetako beste kide batzuekin, detektatuta zituzten ustezko polizia infiltratu horiek kontrastatzeko eta nola argitaratu edo horrekin zer egin pentsatzeko. Paperak atzeman zizkieten.

El Mundo egunkaria buru, makina bat ustezko hedabide ari dira bi gazteen argazkia zabaltzen, izen-abizenak ematen, eta hor zehar irakurtzen duten komentario oro albiste bihurtzen. Ezer berririk ez. Eta ezer berririk ez Guardia Zibilaren eta terrorismoaren biktimen Espainiako elkarteen partetik ere: notiziak salto egin orduko esan zuten akusazio partikular gisa aurkeztuko direla.

Hauteskundeak dira laster Espainian.

  • Kataluniako independentismoan eta etxebizitzaren mugimenduetan infiltratutako polizien kasuak gogorarazi dizkit kontu honek. Badakizue nola doan kasua? La Directa epaitegietan dago, agentearen izen-abizenak argitaratzeagatik isuna jarri baitie Datuen Babeserako Espainiako Agentziak, eta uko egin dute pagatzea.

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

Portzierto. Egia da liburu, arropa eta bestelako produktu ugari argitaratu ditugula aurten ARGIAn, eta apurka, agendak eskatzen duenean, hona ekartzen saiatzen naiz. 

Jakizula biratxo batean dabiltzala Ategorrietan fisterra komikiko lagunak, duela 95 urte Donostian zazpi langile hil zituzten garaia oroitzen. Portugaleten, Iruñean eta Errenterian egon ondoren, Donostiako Antiguan aurkeztuko dute komikia bihar, bi aste barru Zaldibian, hiru barru Zumaian… Hemen duzu agenda. 

·····>   Ez galdu hauek

  • Gazteak zigorpean. Frantziako Estatu mailako protesta eta istiluen harira, Baionan bederatzi pertsona atxilo hartu zituen Poliziak. Horietako biri gibelapenezko espetxe zigorra ezarri diete, bost eta sei hilabetekoa, hau da, epe laburrean delituren bat berriz eginez gero bete beharko luketen espetxe zigorra. Beste bi herritar behin-behineko atxiloaldian daude, eta beste bi bihar epaituko dituzte.  
     
  • Langile bat hil da. Bilboko portuan gertatu da istripua, merkantzia garraiatu eta zamaontziak hornitzen dituen Berge izeneko logistika enpresan. Ibilgailuari gurpila aldatzen ari zitzaion ezbeharra gertatu denean. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, Euskal Herrian aurten lanean hil den 60. behargina da. 
     
  • 87 urtetara, aitortza. Tuterako alkate errepublikanoa zen Aquiles Cuadra. Orain, bere fusilamendutik 87 urtetara, Espainiako Gobernuak aitortza eta erreparazio adierazpena egin du. Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak egin zuen eskaera. Duela urte batzuk erreportaje zabala eta azala eskaini genion Cuadrari ARGIAn, intereseko bazaizu.
     

Bide batez, ez ditut sarri hona ekartzen, baina bi liburu interesgarri argitaratu berri dira euskaraz eta aurkezten dizkizut:

  • Erreplika. Berria-n irakurri dut idazle baten eta idazle izan nahi duen neska gazte baten arteko ispilu jokoa dela Maialen Berasategiren eleberriaren mamia. Susa argitaletxeak atera du itzulpengintzan eskarmentu handia duen Berasategiren sorkuntza lan propioa.
     
  • Shakespearek ez zuen inoiz egin. Charles Bukowskiren liburua da, 1979koa, Jone Gartzia itzultzaile bilbotarrak orain euskarara ekarri eta Katakrakek argitaratu duena. Bukowskik eta Linda Lee bikotekideak Europar egindako bidaia bat da kontatzen dena, kronika moduan idatzita. Berria-n artikulua.

KULTUR AGENDA

 

Arazo tekniko bat izan dut atal hau betetzerakoan: Eusko Jaurlaritzaren Kulturklik webgunea erabili ohi dut batez ere antzerkiaren eta dantzaren programazioa jasotzeko, herriz herriko informazio zabala eskaintzen baitu, horretarako dago. Baina arazo informatikoak izan ditu eta ezin izan dut kontsultarik egin. Ez zen kontu isolatua izan, beharbada jabetu zinen Osakidetzarekin tramiteren bat egiten ahalegindu bazinen, edo farmazian… Jaurlaritzaren zerbitzariari loturiko zerbait izango zela imajinatzen dut. Ez dakit konpondu duten.

Enpin. Saiatu naiz kultur agendari itxura on bat ematen.

  • Bertsolaritza. Zapatuan izango da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren lehen finalaurrekoa, Larraun-Lekunberrin. Hauek dira kantuan ariko direnak: Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Gorka Pagonabarraga, Saioa Alkaiza, Xabat Galletebeitia eta Xabat Illarregi. Sarrerak agortuta daude, baina ETB1 On kateak emango du. Datozen sei asteburuetan saio bana izango da, guztira zazpi finalaurreko, eta abenduaren 20an finala. 
     
  • Dantza. Biarritzen, gaur, bertako Maritzuli konpainiak egingo du Euskal Herriko dantza-tradizioen emanaldi bat. Ostiral gauean, Donibane Lohizunen, Ibawa gazte laukoteak (argazkikoa) eskainitako Gaua lana. Eta larunbatean eta igandean, Donostian, euskal dantzen jaialdia egingo dute, baita ikasteko saioak ere, haur zein helduentzat. Larunbatean, Bilbon, kalejira egingo du Beti Jai Alai taldeak.
     
  • Musika. Gaur, Arrasateko gaztetxeko kontzertuetan, Amorante ariko da disko berria aurkezten; Bilboko Kafe Antzokian, berriz, Etxekalte eta Sua taldeak; eta Biarritzen, Atabalen, Ezezez. Ostiralean, lasai planerako, Iruñeko Laban egongo dira Habia eta Garazi Esnaola. Larunbatean, Marte Lasarte Atarrabiako Totemen ariko da; Azkainen Xibalet, Kak eta Lanbro taldeak; eta Hazparnen, besteak beste, DJ Üzkülüz. Larunbatean izango da Kutixik musika jaialdiaren beste edizio bat Donostian, Intxaurrondon: Gartxot, Ithaka, Eire eta Xabier Badiola besteren artean.   
     
  • Bide batez, Hego Euskal Herrian bizi bazara. Bihar amaitzen da “Zinearen Festa”, Espainiako Estatuan hainbat zinema areto batzen direna. Hemen ikus dezakezu zeintzuk diren ekimenera batu direnak. Sarrerak erdi prezioan edo buelta horretan ipini dituzte.

Honaino gaurkoa.

Asteazken ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN