Laranja gizonak beti lehenetsi du “interes nazionala”. Ez zioen gezurrik “America First” zioenean. Baina kuriosoa da, Errusiak Ukrainari eraso egin izana mundu osoaren akabera balitz bezala zelako, eta azkenean, buelta eta buelta, Errusiari atzera ere erregaia erosten amaitu dezakegulako. Zergatik? Gai bakar bihurtu zaigun honengatik: bizitzaren garestitzeagatik.
Donald Trumpek asteburuan iragarri du Errusiaren aurka Joe Bidenek ipinitako legea indargabetuko duela, eta beraz, orain bai, lasai asko egin ahalko dituztela negozioak oligarka errusiarrekin. Zigorrik ez aurrerantzean, ez eta presio ekonomikorik ere Errusiaren aurka. Tira, esan dute bi hilabete hartuko dituztela pentsatzeko, zigorrak altxatzeak sor ditzakeen mugimendu ekonomikoak baloratzeko, baina beno, ez daude horren zain, dagoeneko 300 milioi litro diesel erosi baitizkie Errusiari, eta beste 500 milioi litroko erosketa aurreikusten dute datorren hilean.
Kontua da hauteskunde legegileak dituztela azaroaren 3an AEBetan, eta kongresua berrituko dela. Tartean, senatuaren zati bat. Eta gaur egun gehiengoa dute errepublikanoek, eta horrela gobernatzen du hain erraz Trumpek, baina inkestak ez dituzte oso aldeko orain, batez ere inflazioa gogor kolpatzen ari delako, %6 pasatxoan baitago. Hilabete bakarrean gasolina %20 garestitu da, eta “ekonomia onbideratzera” eta “estatubatuarren interesak lehenestera” zetorren presidente bati ezin zaizkio horrelakoak barkatu. Horregatik, Errusiari erregaia erruz eta saldoka erostea litekeena da Trumpentzat soluzioa izatea.
Gutxi gorabehera da Alemaniari eta Europa osoari egitea komeniko litzaiokeena, Errusiari gasa merke erostea eta krisi energetiko eta ekonomikoak kaudimenez kudeatzea. Baina balioek, baloreek, etikak eta moral kontuek pisua dute oraindik ere Europan, batez ere etikaren kodeak yankien inperioak eta NATOk jartzen dituztelako.
Ea zer bide hartzen duen jokaldiak, baina Trumpen norabideak ez dirudi nolanahikoa. Hau da unea Ukraina aspaldian baino gutxiago inporta ahalko zaiguna.
- Ukrainak, horregatik, erasoaldi bortitzak egin ditu azken egunotan. Propio ari da Errusiaren azpiegitura energetikoak bonbardatzen, petrolio lantegiak, logistikoak eta informatikoak.
- Zelenskik salatu du ez dela bidezkoa AEBek Errusiari ipinitako zigorrak indargabetzea, haiei erregaia erostea, eta iradoki du ahaleginak egingo dituela errusiar diesela ez dadin AEBetara heldu. Trumpek, haserre, esan du Zelenskik kargua utzi beharko lukeela.
Atzo gaueko notizia da, gainera, hiru-aldeko bilera egiteko asmoa dutela AEBek, Errusiak eta Txinak, Ukrainako gerrari buruz hitz egiteko, Ukraina kanpoan utzita. The Wall Street Journal-ek aurreratu zuen atzo gauean.