Jatetxeak oro har huts ikusi ditugu Herrialde Katalanetan, oporretan ginela gu. Urriko aste burusoil bat, egia da, neu ere ez nintekeen kalean otorduak egiten ariko. Baina politikaz ezertxo ere ez zekiela minutu batean bi aldiz esan ondoren, jatetxe bateko jabeak ez zizkigun bere penak tristura indibidual gisa kontatu, eta gauza argigarria iruditu zitzaidan hori, hasi baitzitekeen esanez ohiturak aldatu direla, jendeak beste gauzetan xahutzen duela dirua edota jatetxeak ez direla baloratzen. Baina ez. Martxa honetan pertsiana jaitsi beharko duela kontziente bazen ere, oso kontziente zen arazoa askoz ere orokorragoa dela, gaur egungo soldatekin ezin dela bizi. Bizitzea ez delako jatetxera joatea soilik. Okelaren industria handia den zonalde batean egon gara, fabrika eta lantegi ugari ikusi ditugu martxan, eta jatetxeko jabeak ere esaten zigun langabezia ez dela problema, baizik eta prezioak asko garestitu direla soldatekin alderatuta.
Zuk ere ikusiko zenituen Parisko kaleak sutan. Baina ez dut uste zilegi denik protesta, jendearen kezka eta asaldura guztia txikiziora mugatzea. Egia da, Frantziako Estatuko makina bat hiritan sakeatu dituzte dendak, edukiontziak gurutzatu eta barrikadak muntatu, Jaka Horien mugimenduan berreskuratuta. Lille eta Grenoblen edozer jaurti diote udaletxeari; Marseillan barrura ere sartu dira; Limogesen su eman diote duela 150 urte eraikitako udaletxeari, eta orratza jausi da; Lyonen turismo bulegoa kiskali dute; Normandian unibertsitateko fatxada; eta Bordelen, besteak beste, prefetaren etxera sartu dira. Baionan autobidea blokatu dute, eta istiluak izan dira suprefeturan.
Biolentzia handia, irudi ikusgarriak... Macronen eguzkitarako betaurreko txulo eta garestiak saltzen dituen dendara ere sartu dira manifestariak. Poetiko samarra iruditu zait.
Tira, inozokeriak aparte: pertsona bat hil zen larunbat arratsean Parisen, manifestazioan zihoala, bihotz-biriketako geldialdia izan zuelako, Poliziaren esanetan.
Macron jaunak ez du, bada, hildako pertsonari buruzko deus esan. Atzo iluntzean egin zuen telebista agerraldia, eta mehatxu tonua nabaritu zitzaion: “Larrutik ordainduko du Errepublika irauli nahi duenak”. Triskantzaz baino ez zen mintzatu.
Txikizio guztiez aparte, oinarriari garrantzia ematera goazen: bizitzaren garestitzeari. Asuntua ez baita Sena ibaiaren ingurumarietara mugatzen. Prezioak biderkatu egin baitira Aturri aldean ere. Eta Errobin, Ühaitzan, Argan, Zadorran, Nerbioin, Urumean…
Gaitza zabala da. Sua da sintoma.
- Italian, Milan “gerrilla-leku” bihurtu da, adibidez, La Repubblica egunkariak titulatu duenez, eta Turinen eta Bolonian ere izan dira istilu handiak. Inflazioak etenik gabe igotzen jarraitzen du han ere, eta greba orokorra deitu dute azaroaren 20rako.
- Portugalen, azken astean ikasleek kanpaldia abiatu dute Lisboan eta Porton, alokairu eskuragarrien alde, eta era berean turismoaren hazkunde mugagabearen aurka. Datua: azken hamar urtetan %125 hazi da alokairuaren prezioa. Asteburuan mugimendu sindikala batu da protestara, soldata eta pentsio igoerak eskatzeko. Mobilizazio jendetsuak egin dituzte hiri ugaritan.
- Belgikan ere izan dira protestak, murrizketak iragarri baititu gobernuak. Milaka pertsona irten dira kalera Bruselan eta Liejan.
- Eta Albania. Sekulako liskarra dago kalean. Ia astebete daramate gazteek protestan, eta istilu handiak ari dira izaten. Herrialdea ekonomikoki apal, ikasleei bekak murriztu dizkiete eta uda aurretik ezagutarazi zen Trumpen oporretako etxeak ez du graziarik egin. Ingurune babestu gisa izendatuta dagoen Albaniako irla bat erosteko asmoa du Trumpek, familian uda han pasatzeko, eta Albaniako gobernuburuaren oniritzia du.