Behingoagatik notizia on bat euskararentzat. Eta nondik, eta epaitegietatik. Gorde mezua, zeure buruak ez baitu sinetsiko hilabete batzuk barru, zoritxarrez euskararen aurkako oldarraldiak segituko baitu.
EHUren aldeko ebazpen judizial bat heldu da, selektibitateko euskara azterketen harira. Bai, Euskarako azterketan 0, edo 1, edo berdin zait zer kalifikazio atera zuten ikasleei, errekurtsoa jarri zutenei, ez zitzaien salbuetsi behar nota hori batez bestekoa egitetik. Alegia, A ereduko ikasle erdaldunek zeroa jaso bazuten Euskarako azterketan, ba merezi zutelako jaso zutela, eta ez zitzaiela nota hori ipini inolako diskriminazio asmoengatik.
Hori bagenekien. Nobedadea da epaileek ere guk bezala pentsatzea.
- Xextra politiko galanta sortu zen egun horietan. Gogoan izango duzu zeinen baldar posizionatu zen EAJ, unibertsitateari “gardentasuna” eskatzen, nolabait ere ulertarazten trapu zikinak-edo egon zitezkeela. Eta kontxo, ez da egokia Jaurlaritzako alderdi nagusia horrela mintzatzea bere menpeko unibertsitateaz. Orain, ordea, tankera du eskua gordetzen ari direla jeltzaleak, atzo Euskadi Irratian entzun baikenuen Unibertsitate sailburua, Juan Ignacio Pérez Iglesias, EHU beti babestu dutela esanez.
Ikasle erdaldun haiek berrikuspena eskatu zuten lehenik, ez zitzaien nota apenas aldatu, EHUk esan zuen kalifikazioak ongi jarrita zeudela, eta hori ikusita, giroa gehiago aztoratzeko, salaketa ipini zuten. Eta epaile batek “behin-behinean” onartu. Bi kontu agindu zizkion EHUri: Euskara azterketako emaitza aintzat ez hartzea, eta salaketa ipini zuten ikasleek hautatzen zuten graduan plaza gordetzea.
Zalapartaren ondoren, azkenean, propio zenbati sortu zaien plaza? Aste honetan jakin dugu eta kontatu dizut: pertsona bakarrarentzat sortu da plaza. Gainontzeko guztiak ez dira EHUn matrikulatu, edo matrikulatu badira ere Euskarako zeroarekin berdin-berdin sartzen ziren graduan.
Berariaz sortu den plaza hori EHUk esan zuen ez zela bidezkoa, eta “behin-behinean” sortzen zuela, epaitegietako bidea amaitu arte. Orain, hortaz, zer gertatuko da? Ikasle hori kanporatzea eskatzen du legeak… baina zer nolako burrunba sor daiteke?
Ez dago dudarik, ordea, ebazpen honekin aurrekari indartsu bat sortzen dela euskararentzat. Babes eta berme bat. Tira, erdarekin sekula planteatuko ez litzatekeena.