Hilabete barru hasiko da klima larrialdiaren inguruko Cop31 goi-bilera. Australian eta Turkian egingo da eta hamabost egun iraungo ditu. Auskalo, lagunok, zenbat hegaldi hartuko diren jende hori dena leku berean elkartzeko, eta ez dakit, egia esan, zergatik hautatu diren 15.000 kilometroko distantzian dauden bi herrialde, ez bada praktikan gehiago kutsatzeko.
Tira, kontua da, inoiz baino hobe esanda, giroa berotzen ari dela. Hainbat talde ekologistek salatu dute bi estatu horiek direla munduan CO2 gehien kutsatzen dutenetakoak. Eta hortaz, nola demontre izango ote diren klima larrialdiari aurre egiteko goi bilera inportante baten anfitrioi.
Turkiak ez dio deus, itxurakeriarik egin gabe erregai fosilen kontsumoa handitzen segitzen baitu, eta Europako herrialderik kutsatzaileena da; baina Australiak greenwashing-a era agerikoan egiten du. “Erregai fosilen aroa bukatu egingo da”, esan zuen aurreko goi bileran Australiako ordezkariak, eta aldi berean argi berdea eman zion meatzea ustiatu eta ikatza ateratzeko izugarrizko proiektu handi bati. Ea, proiektua martxan zegoen aspalditik, baina lizentzia aurten iraungitzen zaienez, beste 22 urtez jarraitzeko baimena eskatu zuen enpresak, ekoizpen ahalmena asko handituta gainera.
Aste honetan, baina, Australiako organo judizial gorenak ontzat jo du komunitate batek jarritako salaketa. Demostratu dute ez dituztela ondo kalkulatu meatzearen isuriak. Izan ere, komunitate herriak argudiatu bezala, meatze baten ingurumen inpakturik handiena atzerrian ematen da, ikatza erretzen denean, gehiengo zabala Australiaren mugetatik kanpo, beraz. Eta hori ez dute kalkulatu, eta auzitegien ustez kalkulatu egin behar da. Hori gabe ezin baita esan proiektu baten kutsatze mailak “legediaren barruan” daudenik. Estreinako aldia da horrelako ebazpen bat egiten dela hain eskala handian.
The Guardian egunkariak elkarrizketatu du salaketa ipini duen ekintzaileetako bat, eta argi dio tipoak: “Ezin dugu ikatza erauzi, atzerrian saldu, klima larrialdia nola areagotzen duen ikusi, eta besterik gabe esan horren eraginek ez dutela zerikusirik gurekin eta ez digutela guri ere kalterik sortzen”.
Sententzia hori aurrekaria izango ote da? Hortik planteatu du artikulua Berria-ko Iñaut Mautauko kazetariak.