2026ko urriaren 7a.

Egun on.

Ulermen gaitasuna galdu dela ikastetxeetan, gaztetxoek ez dutelako irakurtzeko ohiturarik… Eusko Jaurlaritzaren proposamen berria irakurri dut: irakasgai guztietan, astean gutxienez 30 minutuko irakurketa tartea izatea. Tira, altxako dut besoa, ala zer? Buletin honetan bi baten truke, supermerkatuetan bezala: albisteak jaso eta ulermena landu. 

Jeltzale lagun, meza santua bezala da hau: nire jarraitzaileek ordu berean jasotzen dute beti nire predikua. Zer gehiago behar da?

Tira, esker handi bat zuri, irakurle, goizero hor egoteagatik. Jardin bat zuretzat.

Goazen mamira.

Arrastoa

Gasteizko “Frai Francisco ibilbidea” esanda ezer gutxi esaten dizut. Baina kale bat da metro gutxian “jauregi izaera” asko biltzen dituena. Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren etxea, Ajuria Enea, hor bertan dago, inguruan ditu belardi zabaleko beste etxe ikusgarriak batzuk, Espainiako Gobernuaren ordezkaritza egoitza ere bai, Arabako abokatuen kolegioa, arma museoa... eta Arabako Arte Ederren Museoa. Hau da, Julian Zuluetak esklaboekin Kuban egindako diruaz eraikitako jauregia. 

  • Interneteko bilatzaileak segituan diosku “ekintzailea” zela Julian Zulueta (1814-1874). Klik bat egin behar da “esklaboen ekintzailea” zela jakiteko, eta klik bi Kuban langile esklabo gehien izan zituen tipoa izan zela argitzeko. Azukre findegiak zituen jabetzan, eta horietako bati “Alava” izena jarri zion: hor, 800 esklabok egiten zuten lan aldi berean.
     
  • Alabak, Elvira Zuluetak, aitaren diruak erabili zituen jauregia eraikitzeko, gaur egun Arabako Arte Ederren Museoa. 

Bada, notizia on bat: jauregiaren iragan esklabista gogoratzeko eskultura bat jarri dute atarian. Arrastoa. Hala izena du eskulturak. Irati Antia gasteiztarrak egin du, eta artelanaren azalpenetan ipini dute, argi eta garbi, gizateriaren aurkako krimenak egin zituela Julian Zuluetak, dirutza egin zuelako pertsonen salerosketaren eta haien lana ustiatzearen bidez. 

Lau xafla ditu eskulturak: batek Araba irudikatzen du; beste batek Afrikako kostaldea; Kuba da hirugarrena; eta itsasoa laugarrena. Erdian zulo bat dago, eta horrek irudikatzen du esklaboak gatibu edukitzeko eta zigortzeko zepoa; zuloak erakutsi nahi du ere iraganari begiratzeko leihoa.

Ez pentsa, ordea, EAJren eta PSEren gutizia izan denik eskultura hori egitea: baldintza hori jarri zien Podemosek aurrekontuak babesterakoan.

· · · · · · ·

Bide batez, atzo, gure historia andre ederrak, miss Nagore Irazustabarrenak, bosgarren denboraldia abiatu zuen Oroimen Histerikoa podcastean. Ohi moduan Axier Lopezek gidatuta eta historiako kontu frikiei buruz solasean. 

Lehen kapitulurako gaia, emakumeen edertasun lehiaketak: miss lehiaketak, alegia. Titulua: Miss Oginia.

Tira, eta lehengoari segika, arrastoez hizketan, orban handia utziko du Palestinaren genozidioak eta Israel gerarazteko gizarte moduan daukagun gabezia latzak. Gaur dira hiru urte. Gaur dira hiru urte, Jenofa Berhokoirigoin lankideari irakurri diodan moduan, Israelgo Gobernuak palestinarren desagerpena modu asumituan areagotu zuenetik Gazan. “Desagerpena”, “asumitu” eta “areagotu”. Hitzek garrantzia dute. (Jenofaren artikulua eguerdian irakurri ahalko duzu, aste honetako aldizkaria argitaratzen dugunean).

Ez naiz gaian gehiago luzatuko, baina egin kasu honi, izugarria iruditu zait-eta.

Aipatu nizun Naza dokumentala argitaratu dutela bi zinegilek. Akronimo bat da Naza, Israelgo soldaduek eta inteligentzia zerbitzuek erabiltzen duten estrategia kriminal eta gizagabe bat. Funtzionamendua kontatu dute bi zinegilek Naza dokumentalean, 24 agente eta soldadu anonimoren testigantzak jasota. Oihartzun handia lortu dute nazioartean, Donostiako Zinemaldian ere aurkeztu zen dokumentala, eta Euskal Herriko zine areto batzuetara heltzen hasiko da asteburu honetan.

Bada, Israelen makineriak “kontradokumental” bat argitaratu du: Naza. The Real Story (Naza. Benetako istorioa). Webgune bat sortu dute eta bertan eskegi 50 minutuko bideoa. Debalde. Ez dute Naza aipatzen ez ezer, eta ez da ageri ekoiztetxearen izena, “segurtasun” kontuengatik. Elkarrizketa sorta bat da, Israelgo soldaduak eta zerbitzu sektoreko kideak heroi gisa aurkezten dituena, operazio handienak nola koordinatu dituzten-eta esateko.

Egin zitekeen praktikarik zikinenetakoa iruditu zait. Ez duzu uste?

ARGIAren kazetaritza estimatzen baduzu, animatu eta babestu gaitzazu.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • Ikasleak Baionan. Protestan jarraitzen dute, Frantziako Estatuko mobilizazioen sintonian, gobernuaren murrizketak salatzeko. Jakin dugu 15 urteko neska gazte bat bortizki kolpatu zuela Poliziak, euskaraz zuzendu zitzaielako. Hitza euskaraz zuzendu ondoren agenteek korrika jarraitu zioten eta lurrean jo zuten. Salaketa jarri du.
     
  • Puigdemont. Bederatzi urteren ondoren, Kataluniara itzul daiteke. Izan ere, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du Amnistia Legea aplikatu beharko litzaiokeela. Horregatik, bera atxilotzeko emana zegoen agindua kendu egin dute. “Behin-behinean” momentuz, baina “behin betiko” izateko tankeran. Badirudi laster itzuliko dela etxera.
     
  • AHTaren lotuneak. Ondare historikoaren txikizioa aurreikusten du AHTaren proiektu berriak Lezon eta Pasaian. Besteak beste, nekazaritza lur eremu zabal bat ebatsiko litzateke, eta XV. mendeko eta kultur ondare izendatutako bi baserri bota ere bai.

KULTUR AGENDA

 

Entresaka bat datorrenari. Irudian, Saioa Alkaiza; iragan larunbateko bertso saioa irabazi eta finalaurrekoetarako txartela eskuratu zuen.

  • Antzerkia. Gaur hasiko da Antzerki Aroa Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan; gaurko emanaldia, Metrokoadrokaren Bi baso bat ur antzezlana. Eta gaur, Hernanin, Kulunka konpainiak Herentzia lana estreinatuko du. Bihar, Getxon, Demode Quarteten Rip, azken musikala jendarteratuko dute. Eta etzi, ostiralean, umeentzat Xelebreixon kale antzerkia Eskoriatzan. Astebururako hainbat kontu: larunbatean, Ortzaizeko Kulturaldiaren barnean, Promesarik txikiena antzezlana taularatuko du Infinitudramak; Gernikan izango da Kolapsoa antzezlana; eta igandean, Leitzan, Arizona jendarteratuko dute.
     
  • Bertsolaritza. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren lehen fasea biribilduko da asteburu honetan, larunbatean Gotaine-Irabarnen eta igandean Agurainen. Seina bertsolari kantuan. Matematika lanean ariko dira bertsozale asko; hona hemen orain arteko sailkapena. 24 bertsolari igaroko dira finalaurrekoen fasera, haien saioak irabazi dituzten zazpiak eta puntuazioz hurrengo hamalauak.
     
  • Hizketaldiak, batzuetan literaturari so. Biharko hiru zita interesgarri ekarri dizkizut, punta banakoak: itxura dotorea du Itxaro Bordak Baionako Euskal Museoan egingo duen bisita gidatuak; Gasteizen, aukera paregabea hiriak euskalduntzean egin duen bidea errepasatzeko, Iñaki Iurrebasoren eta Iñaki Martinez de Lunaren bidez; eta Bermeon, ARGIAk eta Bizi Baratzeak Zuhaitzak eta arbolak liburua aurkeztuko dugu. 

    Haurrentzat, bestalde, bada hitzordu dotorerik asteburuan Lapurdin: ostiral eta larunbat Ikusi Mikusi azoka egongo da Saran, eta larunbatean ipuin kontaketa Uztaritzen, Kattalin Sallaberry eta Arantxa Hirigoiyenen eskutik.
     

  • Musika. Bihar, Arrasateko gaztetxean, Mikel Urdangarin ariko da bakarka. Amorante ere bihar Bilboko Kafe Antzokian, eta etzi Gasteizko Izaskun Arruen, gozo. Eta ostiralez baita ere, beste bi hitzordu hauek: Bergaran Olaia Inziarte, eta Baionan Xabier Zeberio eta hiriko kontserbatorioko ikasle orkestra. Bestarako konturik ere bai asteburuan. Besteak beste, metal musikaren festibala izango baita Hendaian, eta Gazte Topagune Sozialista Elizondon, saio politikoen ostean musika eskaintza zabala.

Honaino gaurkoa.

Asteazken ederra izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN