Mus, mus eta mus. Kartak behera auskalo zenbat bider. Aurkariak beti gorde ditu pare bat, eta badirudi, beraz, zerbait baduela. Sánchez jaunak mus eman du. Mus, mus eta mus. Kartak iritsi arte. Eta eutsita, iritsi dira. Edo hauexekin konformatu da, ziurrenik hauexek ziren-eta etorri ahal zitzaizkion onenak: etxebizitzarenak.
Hego Amerikako herrialderik handiena, Brasil, eskuin muturraren atzaparretan jausteko lehen zantzuak erakusten hasi den egunean egin du hauteskunde deialdiaren iragarpena Espainiako Gobernuak; hilabete baino ez denean falta AEBetako ordezkarien ganbera berritzeko, eta itxura guztien arabera Donald Trumpen aginte gaitasuna handitzeko, bai han eta bai, finean, Amerika osoan. Aldiz, martir baten gisan, PSOEk eta Pedro Sánchezek auzi bat planteatu dute hauteskundeak deituta: mundua eskuinerantz eta eskuin muturrerantz biratzen ari den garaiotan, Espainiako Gobernua izango al da salbuespena?
Sánchezek bazekien zer zetorkion eta buru argia izan da: eztabaidaren erdian migrazioa eta ustelkeria egonda ez, baina etxebizitza ipinita bai, eutsi dezake jokoa, eutsi dezake PPren enbidoa, eta mantendu dezake itxaropena azaroaren 29ra arte. Gauzak diren bezala: ondo etorri zaio Madrilgo Sol plazako kanpaldia. Ziurrenik nahiago zukeen aurreko ostiralean etxebizitzaren dekretua onartu, baina eskuinak gerarazi zuen eta, gobernuaren zorionerako, herritarrek gaizki hartu dute haien ezezkoa.
- Gai honetan badu kanpaina egiterik PSOEk: inkesta baten arabera, lau espainiarretik hiru ados daude pertsona zaurgarrien etxe kaleratzeak legez atzeratzearekin, eta horixe da Juntsek, PPk eta Voxek atzera bota zutena.
Karta horiek horrela jasota, eta panorama ikusita, jokatzea erabaki du Sánchezek. Hala kontatu du albistea The New York Times-ek ere, webgunean goi-goian ipinita gainera, Sánchezek “aukera bat” duela ezkerreko alderdiek ganoraz heltzen badiote etxebizitzaren krisiari.
Aurrekari bi ditu gai honetan: Berlin eta New York.
- Berlinen, duela hamasei egun, hauteskundeak irabazi zituen Die Linke ezkerreko alderdiak, promesa batekin nagusiki: zortzi etxe-agentzia handienei 220.000 etxe oso merke erostea, gero enpresa publikoen bitartez alokairu merkea eskaintzeko. Erreferendum herrikoi bat egin zen 2021ean, eta gehiengoak agentzien desjabetze leun horren alde egin zuen.
- New Yorkeko alkate Zohran Mamdani ere ezagun egin da aberatsei zergak igo eta etxebizitzari loturiko politikak iragartzeagatik. Trumpekin mokoka ari da hiriari legozkiokeen diruak ez dizkiolako ematen “auzo eskuragarri” bat sortzen hasteko, alokairu merkeko 12.000 etxebizitza, ikastetxe, osasun etxe eta abarrekin.