2026ko urriaren 5a.

Egun on.

Zer moduz asteburua? Ongi joan dela espero dut.

Goazen mamira.

Dani Blanco / ARGIA

Udazkena bero zetorrela-eta

EAEko osasungintza hobetzeko mobilizazio ziklo baten berri eman zuten sindikatuek uztailean, abuztuko oporren aurretik. “Udazken beroa” iragartzen zuten, hitzez hitz horrela. Eta Eusko Jaurlaritzari ez zitzaion gustatu, mehatxu keinua ote zen-edo, “hori ez da bidea” paternalismoz esanez. 

Enpin. Osakidetzaz gutxi hitz egin da azken asteotan, baina bai, bero hasi da udazkena. Aspaldiko mobilizaziorik jendetsuena egin zen larunbatean Santurtzin, udaltzain arduragabeek eta haien taser pistolek hil zuten Ander gaztearentzat justizia eskatzeko. Esan zuten 10.000 lagun juntatu ginela han; ez dakit, egia da karrikak ere ez direla Bilboko Kale Nagusiaren parekoak, baina jende oldearen ipurdian joanda ez genuen sekula muturra ikusi.

Haserre handia sumatu nuen nik herritarrengan, eta hala jaso du Maria Ortega lankideak bere kronikan. Irainak eta orroak Santurtziko Udalaren eta Udaltzaingoaren aurka, batik bat Itziar Carrocera alkatearen kontra. Ea, arraioa, herriko gazte maitatu bat hil dute, eta zer, eta ardurarik hartu edo dimisiorik eman beharrean, gezurretan ari dira. Alde horretatik, Anderren familiaren, senideen eta lagunen diskurtso politikoa gehienbat hortik doa, alde humanotik, desmuntatu nahi dutelako udalak, Poliziaren sindikatuek, hainbat alderdi politikok eta zenbait komunikabidek iradoki dutena, hau da, Anderrentzat justizia eskatzeaz aparte, argi diote Ander ez zela gatazkatsua eta ekaineko egun hartan ez zela liskar bila aritu. Anderren aitak, Fernando Saenzek hori azpimarratu elkarrizketetan.

Dani Blanco / ARGIA

Santurtziko manifestazio hori larunbat eguerdian izan zen. Aldi bertsuan mobilizatu ziren Hondarribian, aurreko astean udaltzain baten hiru tiro jasota hil zen Babacar senegaldarraren hilketa salatzeko. Hor ere ikustekoak dira Poliziak eta hainbat komunikabidek darabiltzaten hitzak, eta nola ari diren justifikatzen tiroka hil izana.  

Horiek zapatu goizean. Arratsaldean, Iruñean eta Bilbon, azken horretan euri jasaren azpian, beste milaka lagun elkartu ziren Palestinaren alde eta batez ere palestinarren erresistentzia txalotzeko, goraipatzeko eta animatzeko. Hau da, genozidioa salatzeaz aparte, aldarrikatu zuten Palestinak izan behar duela defentsarako eskubidea, nahiz ezkerreko sektore batek gaitzetsi egiten duen ideia hori, ustezko bake eta su-eten baten izenean. Etzi beteko dira hiru urte Hamasek Israeli eraso egin eta sionismoak izugarrizko ofentsiba abiatu zuenetik Gazaren aurka. 

Iruñeko manifestazioa. (Ahotsa.info)

Eta beste gai potolo bat da etxebizitzarena. Manifestazio ugari egin dira azken ordu eta egunetan Hego Euskal Herrian, handienak beharbada ostiral arratsaldekoak lau hiriburuetan, etxebizitza sindikatu ugarik elkarrekin antolaturikoak. LAB sindikatuak zapatu goizean deitu zuen berea Donostian, Gasteizen eta Iruñean, eta igandean Bilbon.

Gaiari lotuta, gaurkoa egun interesgarria izango da Espainian. Izan ere, ostiralean eskuinak bi dekretuak atzera bota ondotik, krisi sakonean da Espainiako Gobernua, apenas ikusten baitzaio gobernagarritasunik duela. Asteburua “pentsatzeko” hartu du Pedro Sánchez presidenteak, alderdiarekin eta bazkideekin hitz egiteko. Posible da hauteskundeak deitzea; “%70eko probabilitatea” dagoela diote gobernuaren gertuko komunikabideek. Erabakia gaur jakinaraztea espero da. Hauteskundeak aurreratuko balitu, azaroaren 29an lirateke.

Euskarak ezinbesteko ditu ARGIAren gisako proiektuak.

BABESTU ARGIA

·····>   Ez galdu hauek

  • “Haragi-tamainako argazkia”. Akordatzen zara Gasteizko Udaleko lan deialdietako azterketez, euskarazko enuntziatuak zeinen gaizki zeuden idatzita? “NAN tamainako argazkia” galdegiten zenean, adibidez, gazteleratik itzulpen negargarria egin eta “haragi-tamainako argazkia” ipini zuten euskaraz. Bada, gutxienez azterketa egin zuten bi herritarrek helegitea aurkeztu zuten, hala jakin dugu. Baina udalak ez du onartu galdera bakar bat ere baliogabetzea. Ez du zergatirik eman.
     
  • EHBT. Saioa Alkaizak irabazi du Donapaleuko saioa, larunbatekoa, Oihana Iguaranen aurretik. Igandean, berriz, Julio Soto gailendu da Tolosan, eta koska majo batera utzi du bigarrena, Amaia Iturriotz.
     
  • Edorta Agirre. Euskaltzale eta euskal sukaldaritza tradizionalaren aldeko idazle, itzultzaile, kazetari eta filologo donostiarra hil da. “Kaka jatera ohitzen bagara, kaka izango gara”, esaten zion ARGIAri elkarrizketa batean, 2005ean, elikaduraz kezka zabaltzen ari zenean.
     
  • Chromebook-a ikastetxeetan. Zabar esango dut: ordenagailu eramangarria bai edo ez? Bi urteko ikerketa sakon bat abiatuko dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 20 ikastetxeetan, guztira 80 ikasgelatan, LH5 eta DBH1 mailetan. Ikasgela batzuetan orain arte bezala segituko dute, hau da, ikasleko Chromebook bat izaten eta ikasketa prozesuan ordenagailuei pisu handia ematen; eta beste ikasgela batzuetan erabilera mugatuagoa egingo dute. Errendimendu akademikoa, gaitasun kognitiboa, ongizate psikoemozionala... Gauza asko aztertuko dituzte.

    Testuingurua esanguratsua da, zeren azken ikasturteetan pantaila erraldoiez eta web-kamerez josi dituzte ikastetxeak, Eusko Jaurlaritzak aginduta, eta orain, PISAko emaitza kaskarrak heldu direnean, derrepentean ez ote gara ari atzera egiten? Aholkatzen dizut Mikel Garciaren artikulu hau irakurtzea. 

Tira, badakigu gaia zabalagoa dela, baina argi dago pantailak hain masiboki erabiltzen ditugun garaiotan, eta uste dugunean inoiz baino konektatuago gaudela, aldi berean areagotzen ari dela bakardade sentsazioa. Nerabeen ikuspegitik jorratu dugu gaia Etxerako lanak podcastean. Gaur abiatzen dugu bigarren denboraldia; astero, atal berri bat.

PANTAILARA ITSASTEKO BAZKA

 
  • Hard Truths. Hor zehar entzun dut Mike Leigh ezagun egin dela egunotan gurean, Donostiako Zinemaldiko sari nagusia jaso duelako. 83 urte ditu gizonak eta Tender Loving Care izango da bere azken filma. Tira, pena da orain ezagutzea, eta pena da bere azken film hori oraindik ezin dela ikusi, baina aholkatuko nuke horren aurrekoa ikustea, Hard Truths. Langile klaseko etxe batean kokatuta, etxekoandrea da protagonista; frustrazioak jota, bizitzaz aspertuta eta nazkatuta dago. Sinplea, gordina eta errealista. Hegoaldean Filminen dago, eta Iparraldean Apple eta Canal+ plataformetan.
     
  • Belén. Dolores Fonzi aktore argentinarra aurten ere Donostian egon da lan berria aurkezten (Mis muertos tristes). Ez dut ikusi, baina iaz Donostiara ekarritakoa bai, Belén (hemen kritika). Uste dut garaiari ondo datorkiola: abortuari eta bere borroka kolektibo feministari buruzko filma da, benetan gertaturikoa, Argentinan kokatua 2014an. “Panfleto” izatea aurpegiratu dio eskuin politikoak, eta ulertzen dut nondik doan kritika, ados nago ez dela batere anbiguoa, baina gauza batzuetan eskertzen da zuzentasuna. Amazon Primen dago. 
     
  • Ted Lasso. Etxean tarteka ikusi dugu telesail hau azken hilabeteotan. Esan dezakegu “futbolari” buruzkoa dela, baina aldageletakoa batik bat, ez hainbeste zelaikoa. Komedia britainiarra da, ikusteko eta haria jarraitzeko erraza, eta uste dut futbolaren aitzakian sartzen dituela hainbat balore (ez flipatu gehiegi, baina ongi dago). Laugarren denboraldian doaz orain, eta emakumeen futbol munduarekin ari dira, gizonezkoena baztertuta. Uste dut gai horri ere ongi ari zaiela erantzuten. Apple plataforman dago.

Honaino gaurkoa.

Ongi hasi astea. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN