Zulo handi batean da Frantzia. Atzo leitu nuen datua: estatu gisa, termino ekonomikoetan, sortzen duen euro bakoitzeko 1,2 euro zor ditu. Ez da inoiz erraza ulertzen, baina etxeko soldata baino gehiago xahutzen baduzu, eta ez bada hilabete honetako kontua soilik, baizik eta urtetan pilatu duzuna, hala, ez da sostengarria. Aita pontekoak (alegia, Europak) ez dizu beti avanti esango.
Gerrikoa estutu behar du Frantziak, eta defizita jaitsi. Horregatik, espero bezala, murrizketa askoko aurrekontu proiektua aurkeztu du Sébastien Lecornu lehen ministroak. Detaile eta zifra dantza, eta ke asko dago baita ere, horrelakoetan ohikoa den moduan, baina titular solte batzuk emango dizkizut.
- 43 mila milioi euroko murrizketak izango dira, eta zaplazteko handiena Gizarte Segurantzak jasango du: guztira hamar mila milioi euroko aurrekontu jaitsiera.
- Horietatik hiru mila milioi euro aurreztu nahi dituzte botiketan, eta bi milioi euro baja medikuetan. Funtzionarioen soldata ia izoztu egingo dute, eta bi mila euro baino gehiagoko pentsioa dutenen ordainsaria ere bai.
- Etxebizitzarako eta familiek bestela ere jasotzen dituzten dirulaguntzak, esaterako, izoztu egingo dituzte. Eta osasun gastuak, adibidez, gehienez %2 handituko dira, inflazioaren azpitik.
- Eta dirua nondik lortu? Zergak igota etxebizitza turistikoei, autobideei eta azukredun produktuei eta zenbait produktu prozesatuei. Ondasun handiak dituztenei zergak pittin bat igoko dizkiete, eta iruzur fiskalaren aurkako programak indartuko dituzte, tranpati gehiago atzemateko. Eta erretiroa hartzen duten funtzionario batzuen lanpostuak ez dira berrituko: mila funtzionario gutxiago nahi dituzte.
- Dena ez da behera, ordea. Gora egiten duten kontuen artean, alor militarra: 6,4 mila milioi euro gehiago inbertituko dituzte “Defentsa” deitzen dioten horretan.
- Eta kontrakoa aurreikusten bazen ere, gora egingo du Hezkuntza eta ikerketa alorrak: mila milioi euro gehiago.
Ikastetxeetako protestek eragin handia izan dute Hezkuntza gaiek murrizketarik ez pairatze horretan. Beharbada ikusiko zenuen atzo, Nantesen, ikastetxe baten fatxada nola erre duten. Istilu handiak izan dira makina bat lekutan. Ipar Euskal Herrian ere bai, Baionan hain justu, protestak izan ziren atzo: gas negar eragilea erabili zuen Poliziak, eta gazte batek begitartean pilotakada jaso zuen. Ez da itxuraz larri.
Aurreko astean hasi ziren protestak Paris inguruetan, langabezia eta pobrezia tasa handia den auzoetan. Gazteak dira kalean daudenak, ikasleak. Izan ere, diru publikoaren murrizketekin, aspalditik txarrak diren hezkuntza baldintzak are gehiago okertuko zaizkielakoan daude. Atzo 900 institutu baino gehiagotako sarrerak blokatu zituzten, eta soilik atzo bi mila gazte atxilotu zituzten.
Detaileak, Jenofa Berhokoirigoin lankideak.