2026ko urriaren 1a.

Egun on.

Urriaren lehena. Egun garrantzitsua duela bederatzi urte Katalunian, eta EAEn gaurko eguna izango da autonomia estatutua onartu zela oroitzeko; 90 urte dira, gerra betean, Agirre lehendakariren alde lerratu zirela gorte errepublikanoak. Tira, eta hau ere bai nabarmentzekoa: 95 urte dira emakumeek bozkatzeko eskubidea lortu zutela Hego Euskal Herrian.

Atzera begirakoen ostean, aurrera begira ipintzera.

Goazen mamira.

Urko Iridoy / Bidasoko Hitza

Eten dadila haria

Beti kontrara planteatu izan da ideia, memoriari eta militantziari lotuta askotan, “ez dadila haria eten”. Baina gai honetan bai, eten dadila joder. Santurtziko Ander, Gasteizko Kerman, Gasteizko Aritz, Bilboko Etxarri II gaztetxeko Iker, Loiuko flotillakoak... eta Hondarribiko Babacar. 

Gaurko egunean pentsatu nahi dut Poliziak ondo asko dakiela ez lukeela inor hil behar. Baina batzuetan begiekin ikusten dugu posible dela. Eta normalean ez dute aitortzen, baina bestetan bai. Ez barkamen eskean, ordea. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak hala esan du: “Poliziek ezin dute onartu pertsona bat herri erdigunean jendea mehatxatzen ibiltzea, eta jokatu behar zuten bezala jardun zuten”. Alegia, western batean gaudela, edo zer? Bai Santurtzin eta bai Hondarribian buru osasuneko arazoak pistola batekin konpontzen dituzte antza, eta ez medikutan edota gizarte zerbitzutan. 

Santurtzikoaren antzekotasunik badu Hondarribikoak. Bi kasuetan, lehen bertsioan esan da “gatazka” bat dagoela oinarrian; “borroka” batean sartu zen Ander, eta “tiroketa” batean hartu zuen parte Babacarrek (jaso bakarrik egin zituen berak, baina tira). Bigarren puntua: bi kasuetan polizia agenteak zauriturik suertatu dira. Eta hirugarrena: Babacarri tiro egin zion polizia kargutik kendu dute. Ez dute, ez, pertsona bat hiltzeagatik espetxera bidaliko.

Nola espetxera, bada, sareetan heroi moduan ere hartu dute-eta ia-ia. Babacarrek beldurra eragiten zuela, sekulakoak egiten zituela... Telebistako erreportariek ekarri dizkigute halako piezak norbere etxeko sofara, eta leku berberetik horiek baino okerragoak esaten ari dira, adibidez, El Diario Vasco-ren iruzkin txokoan. 

Gai potoloa da arrazakeriarena. 

  • Irungo Harrera Sareak esan digu arrazakeria eta bazterkeria pairatzeko egiturazko baldintza guztiak betetzen zituela Babacarrek, kanpotarra zela, beltza zela, pobrea zela, eta buru osasuneko arazoak zituela. 
     
  • Eta senegaldarren elkarteko Awa Seck-ek berriz, hauxe: “Babacar ezin digu itzuli, hilotz bat bueltatuko diogu familiari, baina justizia bai egin daiteke”. 
     

Arduradunen artean Igor Enparan alkatea izan zen lehena esaten, eta bat etorri dira bai Irungo Harrera Sarea eta bai senegaldarren Mankosengal elkartea: gizarteak eta sistemak egin du huts, buru osasuneko gaitzak ez baitira tiroz konpontzen.

·····>   Ez galdu hauek

  • Iker Arana. Atzo deklaratu zuen duela urte eta erdi Bilboko Etxarri II gaztetxearen hustean, ertzainen kargatan, barrabila galdu zuen gazteak. Ertzaintzak dio Arana “beraiek jotzera” joan zela eta horregatik egin zutela tiro; lekuko baten bideoan ez da halakorik ikusten, ordea. Dena dela, argigarriena litzateke ertzainek soinean eramaten dituzten kameretako irudiak ikustea, baina segitzen dute oraindik jaso gabe. Horrez aparte, epaileak ez du tiro egiteko agindua eman zuen ertzain agentea ikertu nahi. 
     
  • Segiko torturatuak. 2009an, Segi gazte antolakundearen aurkako polizia operazio handi bat egin zuen Espainiako Poliziak: 34 pertsona atxilotu zituzten, eta beste zortziren bila joan ziren. 2013an egin zen epaiketa eta 2014an absolbitu zituzten. Torturak salatu zituzten, eta epaileak ebazpenean jaso zuen horiek ikertzeko neurriak hartu behar zituztela, eta ez zutela egin. Eta ez dute sekula egin. Horregatik, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiaren eskutik, 30 tortura kasu ikertzeko eskakizun formala jarri dute. 
     
  • Ehiza, eskola programan? Bizkaiko Foru Aldundiaren eskola kiroleko programan bada jarduera bat ehiza txakurrei eta hegazti harraparien erakustaldiei lotuta. Gazteek ez dute tirorik egingo, noski, baina ehizara gerturatzeko modua delako, eta animalien aurkako indarkeria egingo delako, Ekologistak Martxan erakundeak kexa adierazi du.

ITZALETIK ARGIRA

 

EGILEA: Enbata
1985eko irailaren 27an, Donostian.

Zakurrak hirian. Begira kartela. 

33. Donostiako Zinemaldia. Mario Vargas Llosaren eleberrian oinarritutako filma, ‘La Ciudad y los perros’, Francisco J. Lombardik zuzendua.

Eta kartelaren parean, Urumea ibaiaren ertzean, espainiar polizia gazte bat.

A zer lotura. Eta a zer begi fina argazkilariak.

Zer egiten zuen poliziak hor, kezka aurpegiarekin gainera? Bada, bi egun lehenago, Baionako Monbar Hotelean, GALeko mertzenarioek lau euskal errefuxiatu hil zituzten tirokatuta, eta protestak Euskal Herri osora zabaldu ziren. Irailaren 27 horretarako greba orokorra deituta zegoen.

Eta polizia, jakina, hirian. Izarrak zaintzen.

Segi istorioan Urko Apaolazarekin. 

Honaino gaurkoa.

Ostegun ederra izan.

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN