Asko ari gara etxebizitzaz berbetan, baina asuntu honi buruz gutxi samar hitz egin da azken boladan. Eta dekretuan dator, e. Dekretu hori, bai, beno, dekretu bi direla azkenean, estandar eta pro balira bezala; pro da super-ezkerrekoa, ideia bat egiteko. Bada, hori: eskuinetik aurreratu eta dekretuan datorrela etxejabeei opari fiskala egiteko proposamena, indarrean jarriko dela. Eta ez da gaur goizeko kontua, urtarrilean asmoa adierazi baitzen.
Ipuin bat kontatuko dizut.
Demagun Miren etxejabea dela eta 1.200 euroan jarri duela alokairua. Ez dakit nongoa zaren zu, irakurle, baina horixe da hirietan eta kostaldeko herrietan gutxi gorabehera bota dezakegun prezioa, kasu batzuetan behetik ere gelditzen naizela jakitun izanda. Esan dugu 1.200 euro hilean. Beraz, maizterrek urtean 14.400 euro pagatuko dizkiote Mireni alokairuarengatik. Diru gozoa. Udaberria iritsi eta zergak pagatzea tokatzen da. Ez gutxi, azken finean diru irabaziak direlako. Eta gainera Miren ez da errentista zikin horietako bat, lana eta soldata ditu, eta beraz, kutxa berera doaz alokairuaren irabaziak eta laneko soldatarenak. Batura hori geroz eta handiagoa izan, orduan eta zerga gehiago pagatzeke. Ez dut nire larruan bizi eta zail da kalkulatzen, baina Espainiako aholkulari fiskalen elkarteari irakurri diodanez, alokairuan irabazitakoagatik, urtean 6.750 euro pagatuko lituzke Mirenek zergatan.
Orain, Miren etxeko sofan hankaz gora dagoela, Pedro Sánchez super-ezkertiarra entzun du etxebizitzaren arazoa konponduko duela esanez, indarrean dauden alokairu kontratuak legez luzaraziko dituela hitzemanez, ezker beso sozialista altxatuta... eta kikildu da. Kikildu da ezagun dirudun batek duela urte batzuk aholkatu ziolako zituen aurrezkiak hiriaren erdiguneko etxebizitza batean xahutzeko. Orain, ordea, “maizterren iraultza” datorrenaren beldur da, bere idealak ehun aldiz saldu dituen PSOEren eskuetan ikusten duelako bere burua. Baina lagun dirudunek beti arrazoi: “Establishment alderdiak beti gure soziedadeko!”.
Kaosaren erdian, aholkulariaren deia. “Alokairuaren prezioa ez baduzu igotzen, Miren, Espainiako Gobernuak hitzematen dizu horko irabazi guztiak zergak ordaintzetik salbuetsita egongo direla”. Hau da, 6.750 euro barkatuko dizkiola ogasunak datorren urteko errenta aitorpenean. Hain sinple eta hain erraz. Ezin jokaldi biribilagorik egin, zeren, zergatan 6.750 euro barkatzea da 1.200 euroko alokairua beharrean 1.762 eurokoa izatea. Eta zergatan barkatuko zaio hainbeste diru Mireni, Mirenen lagun dirudunari, ezagun duzun hango etxejabeari...
Halakoetan akordatzen naiz Bilbon eta Donostian grabatutako Netflixen telesailez. Super-produkzio horiek ez dira etortzen hemen grabatzeko gutizia dutelako, baizik eta beste inon baino zerga gutxiago pagatzeko aukera ematen diegulako.