Azken egunotako saltsa beroan, tekla eta lokuzio prediku ugaritan berreskuratu dute Pedro Sánchezen esan hau, gobernuan PP zegoenekoa, 2015ekoa: “Banka entitateak erreskatatzeko dirua baldin badago, familia zaurgarriak erreskatatzeko dirua ere egongo da; ez da etxe kaleratzerik egongo gobernu sozialista dagoenean, horixe da nire konpromisoa”.
Agian ez zen ari gezurretan. Agian egungo gobernu hau ez da sozialista. Agian alderdiak bere izena jan du, sozialismo hitzari balioa ebatsi dio.
Giroa oso bero dago Madrilen. Honezkero jakingo duzu hiriaren erdigunean kanpaldi mugagabea egiten ari direla asteburuaz geroztik, Maizterren Sindikatuak deituta, Espainiako Gobernuak fitxa mugitu zain. Eta gaur mugituko du, etxebizitzari buruzko dekretua berrituta eta jendaurrean aurkeztuta.
Suma daitekeena da, ordea, araudi berriak ez dituela manifestarien eskakizunak aseko, besteak beste, eskatzen duten kontratu mugagabeen figura ez baita inola ere orokortuko. “Etxe kaleratze guztiak gelditzea” ere, adibidez, PSOEk dio ez dela gertatuko ez bada pintzekin hartuta, “zaurgarritasun handiko familien” kasuan soilik, baina hori ere ongi zehaztu gabe itxuraz. Litekeena da, hori bai, pisu turistikoei zergak igotzea eta “negozio” gisa kontsideratzea, gaur egun ez baitira horrela hartzen, izango ez balira bezala. Eta litekeena da, baita ere, oztoporen bat ipintzea kanpoko kapitalak ez ditzan hain erraz eraikin osoak erosi. Herritarrari begira, berriz, etxebizitza erosteko edo alokatzeko laguntzak areagotuko dituzte, hori jada esanda dute.
Madrilgoaren estiloko herritarren mugimenduek ekartzen dituzten gauza onen artean, ikusteko gauza ederra izaten ari da PSOEren gisako establishment alderdiak nola ari diren mugitzen, eta hain ageriko itxurakeriak egiten. Etxejabe txikien alde lerratu ohi diren EAJ eta Junts ere isil samar daude, esanguratsua da, baina egia da horiek beti zer edo zer poltsikoratzen dutela, eta orain ere lortu dute, bart gauean jakin zen: dekretu berri honetan ere Maricarmenen gisako pertsona bat, adibidez, kale gorrian gera daiteke etxejabeak jabetzan bi etxe edo gutxiago baldin baditu. Lehentasunak argi.
Ea zer dakarren zehazki gaurko dekretuak, eta ea manifestariek zer egiten duten. Atzo behintzat, Bartzelonan, Pedro Sánchez presidentea handik zebilela, manifestariek oihukatu zuten greba orokorra dei daitekeela fundamentuzko ezer iragartzen ez badu Espainiako Gobernuak.
Tira, baina edonola ere interesgarria da ikustea ezkerretik eskuinerako jendea lerratzen dela etxe kaleratzeen aurka. Zerbait orokorra dela desjabetzeak gaitzestea. Hori bada positiboa. Gero, ordea, ea horrek zenbateraino balio duen, ea establishment-ak eta bere botere mediatikoak hurrengo gol diskurtsiboa nondik sartuko diguten, asteburu pasa joan eta etxea okupatzen zizuten ipuin hori izan zen bezala. Horren kontura zeinen ondo aberastu dira segurtasun enpresak, e?