2026ko irailaren 28a.

Egun on.

Zer moduz asteburua? 

Zine kontuak utziko nituela hitzeman nizun ostiralean, baina ezin izan diot tentazioari eutsi… Nik ere kasinoko bola zuri eta beltzei begiratuko diet.

Goazen mamira.

Dena ez da loria: arriskuak dituen fenomenoa

Jarrai dezakegu esaten Tourist remember: this is not Spain, neither France, baina turista ez da leloa, bere begiekin ikusten du Espainiako Estatuko pop kulturak berdin-berdin funtzionatzen duela Hego Euskal Herrian. Que viva el cine español! egin zen oihu larunbatean Kursaalen, Donostiako Zinemaldiaren itxiera galan, eta inori ez zaio ilerik mugitu, ordurako milaka euskaldun joanak baikinen La bola negra ikustera. 

Aspaldian ez bezala bete dira zinema aretoak Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan. Estreinaldi oso-oso jendetsua izan da; aurresalmentan sekula baino sarrera gehien saldu dira. Baina horrek ez du gertakari bat besterik gabe “fenomeno” bihurtzen. Kontua da ezker zein eskuin politikoak bikaintzat hartu dutela filma, eta apenas dagoela alderik Espainiako hedabide ezkertiarretatik eskuindarretara. Zeren hangoek eta hemengoek diote filmak memoria egiten diola 1936ko Gerraren sufrimenduari. Ea, ez da batere ohikoa El Mundo gisako egunkari eskuindar batek bostetik bost izar ematea filmari, badakigu-eta gauza hauetan irizpide denak direla politikoak. Eta ezkerretik, El Salto-k adibidez, besteengandik diferentziatzeko dio eskuin politikoak horra itzularaziko gaituela eta otsoari benetako beldurra izan behar diogula.

Film bikaina da. Hala da, hala uste dut. Ikusteko ederra, 35 milimetrotan grabatuta, muntaia bikaina, eta musika ere zoragarri erabilita. Asko gustatu zaizkit trantsizioak, nola lotu dituzten hiru pertsonaien istorioak, eta ildo narratiboak nola garamatzan batetik bestera. Inbidiaz begiratu dut pantaila, benetan diot, oso film espainola delako, oso ondo sustraitua Espainian, erreferentzia guztiak mimoz zainduta hala izan dadin. Eta hori ona da, ona da Espainiarentzat eta Espainiako zinemarentzat, anbizio internazionala duen kutsu lokaleko film handi bat delako. 

Badira kontentatzen ez nauten kontuak. Tira, garai hauen forma oso konkretuak. Zeren, pop kulturak gaurko egunean funtzionatzen badu, estetizismoan jausten delako da, dena eder erakutsi nahia gailentzen zaiolako edonolako aspektu sozial, moral eta politikori. Eta ea, zinegilea ez da historialaria, film bat garai batean kokatzeak ez du esan nahi garai historiko hura zehatz-mehatz erakutsi behar duenik, horretarako baitago fikzioa. Baina tira, ezkerreko indar politikoek esatea “memoria historikoaren ariketa” dela film hau, urrunegi joatea da. Federico García Lorca ez zuten hil homosexuala zelako soilik, batez ere eragin handiko sozialista zelako baizik. Eta ideia sozialista, errepublikano eta antifrankistarik ez da ageri filmean, bakar bat ere ez.

A, eta filma ikusi duenak ulertuko nau: zergatik dira hain gizagabekoak Mussolinik Francori bidaltzen dizkion militar faxista italiarrak? Zergatik dira espainiar kolpistak baino gaiztoagoak? 

Diskurtsiboki filmaren tonua harrapatu dezazun, hauxe da esaldi top bat: “Espainiak maitasun istorio asko ditu soroetan lurperatuta. Lurra harramazkatu beharko litzateke argitara atera daitezen”. 

Sare sozialetan milaka mezu daude filma txalotzen. Erabiltzaile bati hau irakurri diot, asko zabaldu eta asko txalotu dena baita ere: “Federico [García Lorca] eta Rafael [Rodríguez Rapún, sozialista eta Lorcaren maitalea], pozik zeundekete egin dizueten filmarekin, eskuin muturra gora egiten ari den garai ilun hauei argia ematen dielako. Pozik zeundekete zinema aretoak beteta eta adin guztietako jendea hunkituta ikusita. Askatasunaren alde [bihotza]”. 

Eta tartean-tartean, gehiago gustatu zaizkidan batzuk ere topatu ditut. Hau adibidez: “La bola negra filma ikustera joan naiz eta krispeten artean PSOEko afiliatu txartela topatu dut”. Grazia egin dit.

La bola negra-ren fenomenoak denboran iraungo du. 

Horri lotuta irakurri ditut hainbat mezu larregi positibo. Zeren zuzendariak entzun ditut esanez film honek gizarte polarizatua “batu” egin dezakeela, eta bistan da, esan dizut, ezker zein eskuin politikoa kontent baita filmarekin. Baina gauzak ez dira egun batetik bestera aldatzen. Kritikarik txikiena egitea motibo bihurtu baita bueltan “homofobo” deitzeko. Batzuetan badira horretarako motiboak, baina oro har politika ulertzeko manera eta etsaiak bataiatzeko joera da hori.

Jakin dut, bestalde, Espainiako Zine Akademiak bozketa egin behar zuenean erabakitzeko zein film eramango duten Oscar sarietara, akademiako kideek email mezu bat jaso zutela La bola negra-ren zuzendariarena, botoa ematea eskatuz, esanez “boto probetxugarri bakarra” haiena zela, Oscarretan seguru aukera gehiago dituztelako gainontzeko film espainiarrek baino. Detaile esanguratsua, ezta? 

“Film honek gainditu egiten gaitu”, irakurri diet asteburuan La bola negra-ko zuzendariei. Fenomeno gisa, behintzat, Espainiako Estatutik harago doa. Izan ere, AEBetan filma zabaltzeko eskubideak Netflixek erosi ditu, eta 47 egun eman dizkie hango zine aretoei plataformetan eskegi aurretik. Inoizko egun gehien zinemetan. Inoizko gehien. AEBetan. Eta gero, berehala Oscarrak. 

Zerbait esan nahi didazu? Erantzun mezuari edo idatzi buletinak@argia.eus helbidera, eta gustura irakurriko zaitut.

·····>   Ez galdu hauek

  • Gudari Eguna. Sortuk 60 ekitaldi baino gehiago egin zituen atzo, Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi ETAko militanteak erail zituztenetik 51 urte bete diren egunean. Loturak askatzera! izan da erabilitako leloa. Jarki antolakundeak, berriz, Ziburun ospatu du eguna, eta EHKS-k, aldiz, komunikatu bidez, konpromisoa adierazi du autodeterminazioarekin eta sozialismoarekin.
     
  • 7+35 = 42. Hotelak Gasteizko Alde Zaharrean. Gaur egun zazpi hotel dauden lekuan, 42 egon daitezke; horixe baimenduko du udalaren araudi berriak. Alde Zaharra “birgaitzeko plan berezia” du izena proiektuak, eta PSE, EAJ eta PPren botoekin egingo du aurrera. Zigor Olabarriak ekarri digu xehatuta zertan datzan.
     
  • EHBT. Oier Etxeberriak irabazi du larunbateko saioa, Altsasun, eta Eneko Araiztegi “Korta” izan da bigarrena. Igandeko saioan, berriz, Lekeition, Ane Labaka nagusitu da. Oso estu puntuazioan, hurrenkera honetan: Aner Peritz, Maddalen Arzallus eta Aitor Bizkarra. 

 

Bide batez. Misio internazional baten parte izan berri da Leire Artola lankidea Guatemalan, Mugarik Gabe GKEak antolatutako bidaian. Hamar egunetan hainbat komunitate indigenaren errealitateak ezagutu dituzte, nola ari zaizkien atzerriko enpresak ingurunea kaltetzen, ibaiak zikintzen, lurra pribatizatzen, legedia zapaltzen… Agerraldi baten bidez aldarrikatu dituzte herri zapalduen eskubideak, eta Europako enpresak interpelatu, nahieran jarduten dutelako han.

PANTAILARA ITSASTEKO BAZKA

 

Ikus-entzunezko gomendioen txanda, baina gaur atseden emango diet pantaila kontuei, nahikoa matraka eman dizut-eta zine kontuekin azken boladan.

Honaino gaurko buletina, hortaz.

Egun ona izan dezazula.

Besarkada bat.

Ordaindu nahi duzuna. Jaso nahi duzuna.

EGIN ARGIAKOA

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN