2026ko irailaren 25a.

Egun on.

Ondo iritsi zara ostiralera? Beharbada aspertzen ere ari zara zine kontuekin. Hala bada, sentitzen dut. Azkenengoa hauxe da, hitzematen dizut.

Goazen astea borobiltzera.

Eguneko ogia ere, zorretan

Supermerkatura zoaz bi gauza txikiren bila, baina eguneko ogi merkeaz aparte fruta pixka bat, gaueko entsaladari jartzeko gazta berezi bat eta gutizia txiki bat ere hartu dituzu. Ez da deus pasatzen; amua irentsi duzu, besterik gabe. Eta ordaintzera zoaz. Bankuko txartelarekin, edo kartarekin. Mezutxoa pantailan. Ez da dohaintzaren mezua, ez. Klarna delako batena da. “Pagatu geroago, interesik gabe”, esaten dizu. Tira, hamar euro pasatxo direla-eta, ez dela ezer askorik pentsatu duzu, ziurrenik eskudirutan ere badituzula, eta akordatu berri zaren lagun horri ere aurreko batean afaria pagatu zeniola; alegia, alderantziz balitz, gaurkoa bezalako bi erosketa egin ahalko zenituzkeela. 

Berdin zait zer egiten duzun. Berdin zait erosketa momentuan pagatu duzun, eskudirutan edo kartaz. Edo Klarna delakoak eskaini dizun interesik gabeko kuota sistemari heldu ote diozun. Berdina pagatuko duzu, e, ez pentsa tranparik dagoenik. Ez dago komisiorik. Berdina pagatuko duzu hiru kuotatan edo hilabete barrura atzeratutako kuota bakarrean. Horrelako formulak eskaintzen ditu Klarna enpresa suediarrak.

Ez naiz brometan ari: eurora iristen ez den mini-erosketa ere epeka pagatzeko aukera daukazu. 

Erromakoa den Pewex supermerkatuetan aukera hori jarri dute uda honetan. Eta jendeak zerbitzua erabili du, Corriere della Sera egunkariko kazetariari irakurri diodanez, nahiz eta daturik ez duen eman. Pertzepzio arruntetan oinarritutako artikulua da, azken paragrafoan asuntua biribiltzen duen arte: “Epeka ordaintzeko sistema sortu zen, berez, luzera begirako bizi kalitatea hobetzen laguntzeko, baina gaur egun familia askoren oinarrizko arazo bihurtu dira baita eguneroko erosketak ere”. Horretara noa: eguneko ogia epeka ordaintzeak arazoak atzeratu besterik ez ditu egiten. Aipatu dudan artikuluak Italiako elkarte baten datu pare bat ematen ditu: 2024tik 2025era %2,4 hazi ziren kreditu eskaerak Italian, eta 2026ko lehen hiruhilekoan, berriz, beste ia %5 egin dute gora.

Arazo larri bat dago oinarrian, eta ez Italian soilik, ez baita horra mugatzen. Ez ditut Euskal Herriko datuak, baina oso bizkor topatu ditut Espainiakoak: pasatu den udan oporretan joan ahal izateko, duela hamar urte baino ia bi aldiz kreditu gehiago eskatu dira Espainiako Estatuan, duela urtebete baino %12 gehiago. Soil-soilik da 2006ko eta 2007ko uda garaikoa baino txikiagoa, hau da, finantza krisi garai bete-betekoa. Etxeko armairuetan zuloak.

Gure lana estimatzen baduzu, babestu proiektua.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • Etxegabetzeak. Zoritxarrez notizia dira. Izan ere, gaur eguerdirako dago aurreikusita etxe kaleratze bat Gasteizko Alde Zaharrean, Nueva Fuera kalean. Auzoan Bizi taldeak protestara deitu du. Eta atzo, glamourrez beteriko Donostian, Herrera auzoan pabiloi bat hustu zuten eta 30 pertsona inguru kalean gorri utzi.
     
  • ‘Aramburu auzia’. Sententzia gaur espero da Miarritzeko errugbilari Federico Arambururen hilketaren auzian. Talde neofaxistan elkar ezagututako hiru gizon dira epaituak, eta motibazio hori erakutsi nahi izan du defentsak. Auziari primerako jarraipena egin dio Berria egunkariko Oihana Teyseyre kazetariak, Paristik bertatik, eta berarekin solastatu da Jenofa Berhokoirigoin lankidea.; ikusi eta bizitu duena xehe kontatu du.
     
  • ‘Irailekoak’ jaialdia. Asteburu honetan egingo dira olerkarien topaketak Itsasun, laugarrenez. Bi eguneko egitarau dotorea antolatu dute, tartean ibilaldi poetiko, poesi irakurraldi eta musika emanaldiekin.

We are Naza too. Beti izango da norbait lehena zerbait konkretua egiten. Kasu honetan ez dakit nor izan zen lehena papertxo hori soinean Donostian eramaten. Esango nuke ez zela izan zinegile hippy bat, ezta yanki bat ere. Nik neuk, estreinakoz, asteartean ikusi nituen Victoria Eugenia antzokiko pasarelan. Euskal jatorrikoren bat izango zen, hortaz. Lau klasiko hautakoren bat beharbada?

Edo gure beste izar hau.

Euskal Zinemaren Gala egin zen asteartean, eta Dani Blanco aritu zen argazkiak egin eta egin. 

Asteazkenean, prentsako akreditatuontzako gunean, kiwi pegata-ren ale bakanen bat baino ez zen geratzen. Baina hasieratik ez ziren asko egongo, hala esango nuke. Atzo, atzo jada bai, onddoak garai honetako euriarekin nola hasi ziren ugaltzen. Gaurkoa beste zerbait izango dela imajinatzen dut: 19:30erako elkarretaratzea deitu du Gernika-Palestina plataformak alfonbra gorrian, eta 600 “izen handi” baino gehiago batu dira: José Luis Rebordinos eta Maialen Beloki buruzagitzatik hasita, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Ramon Agirre, Mireia Gabilondo... Espainiako Estatuko izen handiak ere bai, hala nola Rodrigo Sorogoyen eta Pedro Almodovar zuzendariak. 

Et, et, et.

We are Naza too. Denok errepikatu dugun galdera da: “Naza”-k erreferentzia egiten al dio Gazari? Bada, ez. Filmari esker jakin dugu akronimo bat dela, Israelgo inteligentzia zerbitzuek erabiltzen dutena, zera adierazteko, hain gordin: eraso bakoitzean zenbat zibil hildako egon daitezkeen, hau da, beraien hiztegia erabilita, “zenbat albo-kalte” egon daitezkeen lehergailua eraikin horri botata. Horri buruzkoa da Naza dokumentala, eta Israelgo 24 soldaduk hitz egiten dute funtzionamenduari buruz.  

Tira, penaz diotsut, baina neuk ez dut ikusi. Eta hauxe idazten ari naizen unean uste dut euskaraz dagoen kritika bakarra Irutxuloko Hitza-k dakarrela, Xalba Ramirezek egina. 

Zuretzat, niretzat bezala, notizia on bat: Naza-ren zuzendariek esan dute libre eta doan eskegiko dutela dokumentala azaroan. Beraz, egongo gara adi.

A, eta jo, atzo ahaztu zitzaidan Coward filmaren gure bideo-analisiari esteka gehitzea. Hemen duzu. Eta gaurko erregalua, berriz, hitzemandakoa: Wild Horse Nine. Film interesgarria benetan, batik bat atzerriko politika yankia kritikatu nahi baduzu.

Honaino gaurkoa eta aste arraro honetakoa.

Esan agur Zinemaldiko diseinu ederrari.

Astelehenera arte.

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN