2026ko irailaren 24a.

Egun on. 

Gero sartuko naiz Koldo Almandozen Zinemaldiko agerraldia komentatzera, hori izan baitzen Kursaalek atzo benetan dir-dir egin zuen aldi bakarra. Baina utzidazue lehenago beste kontu esanguratsu batzuk kontatzen.

Goazen mamira.

Ardurak eta arduradunak

Azken agurra da Koldo Almandozen film berria, atzo Donostiako Zinemaldian aurkeztutakoa. Kontatzen du 40 urte pasatxoko gizon baten istorioa. Frustrazioz betea dago tipoa, lekuetara berandu iristen da, eta gauzak gaizki irteten zaizkio. Iraintzeko betarik gabe, gizon miserable bat dela esan dezakegu. Miserablea den bezalaxe herri honetako euskarazko prentsa zenbait aspektutan, gertakizun arrunt bat baita atzo Gedar-ekin pasa zena. Istorio arrunt bat, Azken agurra bezala, euskaraz kontatua eta Euskal Herrian kokatua. 

Izango da Gedar hedabide partidista (erredakzio orok begira diezaiola bere buruari), kasu honetan Mugimendu Sozialistakoa, eta ez lerratua, baizik eta errotik hala sortua. Baina tira: Santurtziko Ander gazteari buruz orain arte argitaratu den informaziorik interesgarriena eta landuena Gedar-ekoek atera dute, propio adierazita edukia nahieran erabil daitekeela (egileak beraiek direla aitortuta, zer gutxiago), baina euskal hedabideek ez diete kasu zipitzik ere egin. Kontrara: bizkarra ematen diete. Ander zenaren aitari eta bere abokatuari egindako elkarrizketa da argitaratu dutena, eta kontatzen dituzte hainbat gauza orain arte esan gabe zeudenak, detaile inportanteak. Eta hala ere, hori existituko ez balitz bezala jokatu. El Correo-k egingo balu, sikiera.

Esan dut erredakzio orok begiratu beharko liokeela bere buruari. Gehitzen dut gutxiago begiratu beharko liokeela bere zilborrari.

Zinemalditik etxera nindoala entzun nuen elkarrizketa atzo. Gaztelaniaz da gehiengoa; euskaraz irakurtzeko aukera duzu, lizentzia libreei esker ARGIAra ekarri baitugu gaur

Benetan hunkigarria da Fernando Saenz entzutea, Anderren aita. Negarrari eutsi ezinda, detaile handiz kontatzen du duela hiru hilabeteko arratsalde hartan gertatutakoa: udaltzainek 16:13an deitu zioten etxera, bere semea liskar batean sartuta egon zela esateko, eta egin zezakeen bakarra “itxarotea” zela, geroago izango zuelako Anderren berri. Handik bi ordura ospitaletik deitu zioten; oso larri ingresatu zuten. Laster batean hara heldu, eta medikuak esan zion deigarria egin zitzaiola gauza bat: osasun langileek lurrean aurkitu zutela gaztea, udaltzainez inguratuta, gorputzaren tenperatura 42 gradutan zeukala eta ezin zutela kontrolatu. Denbora asko zeramala lurrean, eguzkitan, bero denboraldia zen gainera, eta bi aldiz taser pistolaren deskarga jasota zegoen.  

“Gau hartan bertan udaltzain baten deia jaso nuen”, esaten du Fernandok, Anderrek aitak. “Anderren egoerari buruz galdetu zidan. Esan nion ZIUn zegoela, egoera kritikoan. Eta berak esan zuen: ostia ”.

Hurrengo egunean, El Correo-n albistea: liskarren bat egon zela, eta atxilotu bat eta hiru polizia zauritu. Ez zuten atxilotuaren berririk eman. Santurtziko Udala udaltzainen alde lerratu zen, ESAN sindikatu poliziala ere bai, eta, kurioski, Vox alderdiak ere ohar bat atera zuen, gauza bera esaten. Denetarik esan zen, eta mota guztietako zurrumurruak zabaldu ziren. Baita Anderrek agure bati eraso egin ziola ere, eta makulua kendu. Gezurra dena. Zeren, agure horrekin ere hitz egin du Anderren aitak, eta istripua izan zela esaten du: Ander agerraldi psikotikoa izaten ari zela, eta korrika zihoala tupust egin eta biak lurrera jausi zirela. 

Adar gehiago ditu auzi honek, eta horietatik garrantzitsuena alkatearen jarrera da beharbada. Gezurretan aritzea leporatzen dio aitak. Dei batzuk egin dizkiola alkateak, bileraren baterako dei ere bai, “gauzak baretze aldera”, baita “distrakzio maniobra batzuk” ere. “Alkateari esan nion bideo argigarri bat geneukala, ikerketaren esku utzi genuela, eta joan zedila eta ikus zezala; baina, nire harridurarako, erabateko hoztasunez esan zidan bera ez dagoela bideorik ikusteko”. 

Kazetaritza independentea estimatzen baduzu, animatu proiektua babestera.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • Eskozia eta CAF. Eskoziako Gobernuak lehiaketa bat ipini du martxan proiektu handi baterako, eta tren gidarien sindikatuak esan du ez duela gidatuko Beasaingo CAF konpainiak ekoiztutako trenik, lehiaketa berak irabazten badu jakina. “Ez dugu gerra krimenetako konplize den enpresa baten trenik gidatuko”. Israelek Palestinan okupatuta dituen lurretan CAF egiten ari den proiektuaz ari dira. 
     
  • Txagos uhartedia. Indiako ozeanoan dauden 55 irla tropikal dira, gainontzeko uhartedietatik urrun. Administratiboki Erresuma Batuaren konkista da. Baina azken 80 urtetan AEBak ari dira presio egiten, Txagosen jabetza izan dadin milioi bat biztanle dituen Maurizio estatu-irlarena, hartara yankiek errazago izango dutelako nahi dutena egitea. Hala, duela bi urte, Trumpi mesede gisa, akordioa sinatu zuten Erresuma Batuak eta Maurizioko Errepublikak. Baina orain, ingelesek esan dute berrikusi egingo dutela erabakia. 

    Izan ere, bien arteko harremana okertu egin da duela bi aste eskas AEBek irain gisako jokaldia egin ziotenetik Erresuma Batuari. Yankien Londreseko enbaxadako langile bat pedofiloa zela jakin zuten, eta ezer esan gabe, prentsak jakin aurretik, laster batean pertsona hori AEBetara itzularazi zuten. Delituak, berez, epaitzen dira egindako lekuan; ondo ikasita gaude herri honetan.

· · · · · · ·

Tira, eta Zinemaldiaren atalean sartu aurretik, baimenduko didazue Koldo Almandozek esandakoan zentratzea, euskaldunontzat atzoko gauzarik onena horixe izan baitzen Donostian, eta tristea da Brad Pitti buruz hizketan amaitu dugula. Garen horren adierazle, hori ere bai. 

Ideia batzuk, Berria-n Itziar Ugartek egin zion elkarrizketatik eta prentsa agerralditik

  • “Donostiako zentroa bakarrik Madrilen bizi direnei interesatzen zaie. Jendea auzoetakoa da, auzoetan bizi da. Horiek dira gure bizitzen erdiguneak eta horiek erakustea gustatzen zait”.
     
  • Azken agurra filmean ere Aitor Etxebarria arduratu da musikaz. Eta filmean, telefonoaren tonu moduan, Internazionala entzuten da. Anari ageri da pertsonan, taldearekin, Vesna Vulovic kantutzarra jotzen. Eta kredituetan, amaieran, besteak beste Amorante eta Xabier Zeberio ageri dira. Horiek ditu Almandozek erreferente eta erreferentzia. Bere munduaren parte direlako. Ez Shakira eta ez Bad Bunny. “Ni ez naiz egon bere Casita-n; egon naiz Anariren kontzertuetan, egon naiz berarekin, eta miresten dut”. 
     
  • Eta aurten, bigarren urtez segidan, Sail Ofizialean sartu dute Almandozen lana, baina lehiaz kanpo berriz ere. Berak argi dio: “Pelikula hau lehian sar zitekeen, baina Zinemaldiarentzat errazagoa da Georgiako pelikula ez komertzial bat jartzea”. Arrazoi sinple batengatik: kritikarengatik. Maila eman behar hori, ez ote lituzkete gero Madrilgo kritika txarrak entzungo, Zinemaldiaren ospe kalterako. 

Begira argazkia. Brad Pitt kanpoaldeko jendea agurtzen. Zenbat mugikor daude?!

Propaganda yankia. CIAko agenteei buruzko pelikula bi ikusi ditut azken orduotan, biak ere ekoizpen estatubatuarrak. Brad Pitt protagonista duena bata, eta Martin McDonagh zinegile irlandar-britainiarrarena bestea. Heart of The Beast bata, eta Wild Horse Nine bestea. Txarra lehena, interesgarria bigarrena.

Dirua belarrietatik irteten zaion Brad Pitt ez da, bada, AEBetako armadan dauzkaten txakur-soldaduak miresten hasi, munduan beste ezer ez balego bezala? Gara-k eraman ditu bere hitzak titularrera: “Txakur batekin egun bat pasatzeak egiten du bizitza hobea izatea”. Toma. Txakurrak onenak direlako. Eta txakurrek, batez ere gerran aritzen direnek, gizakion maitasuna behar dutelako hainbeste sufrimendu ikusi eta bizi eta gero. Yankiek mila aldiz kontatu izan diguten pelikula da, armadaren gorazarrea egiten duena, eta politika belizistaren zuriketa ere bai. 

Film horren bideorik ez daukagu, sentitzen dut. Uste dut ez ginela minutu eta erdian sartuko.

Wild Horse Nine ez da hemen sekulako iraultzailea izango, anti-yankia edo auskalo zer. Baina beharbada AEBen markoan ezkerrekoa da. Irrigarriki erakusten digu matxistak eta antikomunistak direla CIAko agenteak, zakarrak, harroak, drogazaleak eta leloak, eta iradokitzen digu, baita ere, beraien herrialdeko presidentea hiltzeko gai direla. Hori behintzat badu. Eta McDonaghek ez gaitu epel uzten, anbiguotasunarekin jokatzen baitu.

Film honen bideorik ere ez daukagu. Baina biharko izango duzu. Dena dela, gaurko pieza, atzo ikusi genuen film beliko gay bat: Coward. Ederra.

Honaino gaurkoa.

Egun ona izan.

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN