Eusko Jaurlaritzak enegarren “proiektua” aurkeztu du etxebizitzaren problema sakona konpontze bidean-edo. Izena: Etxebizitza Gizarte Funtsa. Helmuga: 2032rako 10.000 etxebizitza eraikitzea, alokairuan jarriko direnak “klase ertainarentzako”, “neurrizko prezioan”. Proiektuaren garapenerako finantza premiak: bi urteko epean 2.000 milioi euro biltzea. Zailtasuna: handia. Aliatu posibleak: aberatsak. Gozokia: interesak, luzera begirako errentagarritasuna. Deia nori: aberats horiek hainbeste diru dutenez eta haien aberastasuna ez dutenez eurek kontrolatzen, kitzikatu haien holding-ak edo family office-ak, haien dirua kontrolatzen dutenak. Adibideak: Badira halako bi familia handi Bizkaian, Getxoko Lequerica familia burges historikoa bata, eta Jose Antonio Jainaga bilbotarra bestea, itzal handiko enpresaria hemengo industrian, Sidenorren jabea, Talgon ere sartua dena, eta kasualitatez edo ez, iazko enpresari onenaren Korta saria jaso zuena, Jaurlaritzak ematen duena.
“Klase ertainarentzat etxeak”, hori da Jaurlaritza darabilen leloa. Zehaztapenik ez, ordea, zer den klase ertaina izatea, oraindik ere existitzen bada behintzat. Ez du balio kalean galdetzeak nor sentitzen den klase ertaineko; jende mordo batek uste baitu dela halako; lau gutizi erosteko gai, eta gutxi gorabehera “lasai” bizi dena, normalki baita klase baxuko.
Biztanleriaren gehiengo-gehiengo zabala langile klasekoa izanik, imajinatzen dut asko eragiten dutela lurralde bateko batez besteko soldata kalkulatzerakoan. Baina har ditzagun zifra horiek, eta jardun dezagun Europa mailan, Vienako Unibertsitateko bi ikerlarik egin duten azterlan handiari segika. Europako 31 herrialdetako 22 milioi etxebizitza-eskaintza hartu eta konparatu dituzte tokiko batez besteko soldatarekin, herrialde horretakoarekin. Eta galdera errepikatu dute kasu guztietan: soldata horrekin, eta bizi diren herrialdeko eskaintzarekin, eros daiteke etxerik?
Gauzak argi: hamar europarretik zazpik ezin dezakete 75 metro karratu baino gehiagoko etxebizitzarik erosi bizi diren leku horretan. Zifra katastrofikoa da, hala da, baina txostengileek badute tesia horretarako: Europako biztanleriaren gehiengo zabala, gero eta gehiago gainera, hiriguneetan edota hiriguneetatik gertu bizi dela, hau da, hain justu ere etxebizitza eskuratzea (izan erostea edo izan alokatzea) gero eta zailagoa den lekuetan. Aldiz, batez besteko soldata duenak konplikazio handirik gabe eros dezake etxea landa ingurunean, hiriguneetatik, kostalde gentrifikatuetatik edota turistifikatuetatik urrun. Baina jendearen migrazioa, txostengileek dioten zentzuan, kontrako norabidean doa. Pentsa, Europako populazioaren %5 soilik bizi da etxebizitza eskuratzea “erosoa” den lekuetan.
Mapa bat osatu dute. Uste dut esanguratsua dela, eta pantaila-argazkia egin diot eta honelaxe dakarkizut. Begira, sinpleki azalduta: gero eta gorri ilunago, orduan eta etxe txikiagoa erosteko gai zara herrialde horretako batez besteko soldata kobratzen baduzu.