Sakondu dezagun gehiago, zeren merezi du Blocus hori ikertzeak. Sustatu.eus-en ikusi dut: Alemanian ere badabiltza mezu berberak helarazten, kartel berdinak egiten, alemanez jakina. Helburua bera: kaleak aztoratzea eta txikizioa eragitea.
Zer dirudi, zer dute helburu “Blocus”-en deialdiek? Bazterrak nahastea, biolentzia bultzatzea eta katramila guztia ezker politikoarekin lotzea, itxuraz ezkerreko aldarrikapenak dituztelako. Badirudi diskurtso politikoan eragiteko tresna zikin bat gehiago dela Blocus. Eta ez ote dira ari lortzen hein batean: etxebizitzaren problematikaz, bizitzaren garestitzeaz eta beste mila gauzez gau eta egun hitz egiten egon beharrean, egunotan Espainiako eta Hego Euskal Herriko komunikabideetan ez dago istiluez aparteko edukirik. Atzo gauean ETBren albistegia ikusi bazenuen, badakizu zertaz ari naizen.
Nik ez dakit Bilboko istiluak nortzuk eragin dituzten. Hogei-bat gazte atxilotu zituztela esan zuten bart, eta adin txikikoak direla asko. “Liskar bila dabiltzan gaztetxo apolitikoak”, deskribatu zidan handik ibili den batek. “Inguruko herrialdeetan gertatzen ari den fenomenoa”, halaxe esan zuen Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak ETB2ko albistegian.
Saltsa handia dago Europan. Besteak beste Frantzian hauteskundeak egingo dira, Espainian ere bai, eta gero eta giro liskartsuagoan daude bi estatuak. Urtarrilean Net Hurbil batean kontatu zigun Lander Arbelaitz lankideak, AEBen estrategiaz, zer zioen haien Segurtasun Nazionaleko Estrategia dokumentu publikoak. Bi helburu politiko: Amerikako kontinente osoaren kontrola hartzea, eta Europar Batasuneko politikan eragitea, eskuin muturreko alderdiak hauspotzeko.
Hariak asko lotzea izango da beharbada. Baina hamaika ikusteko jaioak gara. Eta ikusi ditugu dagoeneko.