Ea nork hartzen duen orain abiadura handiko tren bat lasai.
Urte hasieran istripu lazgarria gertatu zen Andaluzian. Tren bat errailetik irten eta paretik oso azkar zetorren beste batek kolpatu zuen, 46 pertsona hil ziren gertakari hartan. Eta atzo goizean, Gaztela-Mantxan, beste talka latz bat gertatu zen. Atzetik jota, oraingoan. Hildakoak gehiago dira, gutxienez 68.
Saiatuko naiz atzokoa labur eta erraz kontatzen.
Hamar minutuko tartean, Madrildik Sevillarako bidea hartu zuten bi trenek, bata bestearen atzetik, 08:00en bueltan. Ohiko gauza omen, eta ohikoa omen, baita ere, sei tren ia elkarren segidan bide bera egiten aritzea. 08:30ean segurtasun sistema informatikoa jausi zen, eta ibilbideko tren guztiak, prekauzioz, gelditu egin ziren. Akats informatikoa ere nahiko kontu “normala” itxuraz, edo normalizatua.
Halakoetan agintea Madrilgo egoitza zentralak hartzen omen du, eta teknologiak beharrean, gizakiek ematen dizkiete aginduak. Halaxe izan zen. Baina itxuraz, bidaiari berrekiteko agindua atzetik zihoan trenari baino ez zitzaion eman, “ohiko abiadura” eskatuta gainera, 200 kilometro orduko abiaduran ipintzeraino. Aurreko treneko gidariari ez zitzaion abisatu, ez zitzaion mezua heldu edo dena delakoa; kontua da geldirik jarraitzen zuela, eta atzekoa, 25 kilometrotara. 17 minutu behar izan zituen bidaiari berrekin eta aurrekoa kolpatzeko.
A ze kalamidadea.
The New York Times, The Guardian, Le Monde, La Repubblica... Lehen lerroa hartu zuen notiziak nazioarteko hedabide handietan.
Niri bereziki izorratzen didana da trenarekiko halako sentsazio ezkor eta laidoztatu bat eragiten duela honek, justifikatua benetan. Baina trena da, berez eta ustez, garraiobiderik puntualena, seguruena, erosoena eta gutxien kutsatzen duena. Aurreko tren istripu lazgarriaren ostean azpimarratzen zen enpresa batek baino gehiagok eskaintzen dutela zerbitzua eta elkarrekin lehiatzen dutela; tren gehiegik zirkulatzen dutela; eta mantenua ez dela egokia. “Giza akatsa” aipatzen da atzoko istripuaz: giza akatsa izango da tren zerbitzua liberalizatzea. Gauza onik ez zerbitzu publiko bat emanez etekinak lehiatzen badituzte enpresa pribatuek.
Orain tren gidariei entzun beharko zaie, sindikatuei eta teknikariei, benetan dakitenei. Esan dutena da ezin zaiela langileei errua egotzi, sistema bera dela huts egiten duena. Portzierto, greba deitu dute gaurko Renfen.
Matraka helduko da orain, gertakari lazgarria izateaz aparte, alimentua baita eskuinarentzat. Espainiako hauteskundeetarako hilabeteren faltan, PSOEri eta ezkerreko alderdiei kalte baino ez die egingo gaiak. PPk hartuko du olatua, eta eragin handia izan dezake kanpainan.