2026ko urriaren 30a.

Egun on.

Beldurra eraginda engainatzen gaituztela-eta kontatzera natorkizu gaurko buletinean... Bada, behin testua idatzita neukala begiratu ditut efemerideak, eta hauxe aurkitu dut, inozentziarena: gaur dira 88 urte Orson Wellesek Munduen arteko gerra irrati-nobela interpretatu zuela, kontatu zuen estralurtarren inbasio bat gertatzen ari zela… eta jende askok sinetsi egin zuen.

Ekartzeko modukoa iruditu zait, gezur ugari irentsiko baititugu egun.

Goazen astea biribiltzera.

Beste behin, beldurra

Hozkia ematen du Espainiako abiadura handiko trenaren istripuak, ez besterik gabe Espainian gertatu delako, baizik eta azpiegitura eta zerbitzu kasik berberak ditugulako Hego Euskal Herrian, eta izango direlako AHTa egiten denean ere. Baina gaur ez da ari inor AHTaz hizketan.

Beldurra eragiten du gertatu denak eta beldur hori arma elektoral gisa ere erabili daiteke. Horixe irakurri nion atzo The New York Times-eko analista entzutetsu bati, David M. Halbfingerri, egunkariak Jerusalemen duen egoitzako buruari. Netanyahuz ari zen, ez Espainiaz. Aspalditxotik galdutzat jotzen zela Netanyahuren gobernua, baina Mendebaldea gehiegi fidatu dela, ohikoa duen moduan. Eta beharbada, nik gehitzen dut hau, sinplekerietan ere jausi garela, Netanyahuri agintea kentzea ez delako zertan palestinarren salbazioa izan. Zeren azkenean Netanyahuren gobernua jausiko bada, izango da ez delako gustatu nola kudeatu duen bahitu israeldarren auzia; horixe diosku Zisjordanian bizi den Antxon Barrosok ere. EHUko ekonomia ikerlaria da eta Ramallahn bizi da.

Agian izango da onak eta txarrak etengabe bereizteko dugun joeragatik. Horrek politikari ez dio mesederik egiten. Are gutxiago beldurra tartean sartzen denean. Izan ere, The New York Times-eko artikuluak dioen moduan, etsaiak propio elikatu ditu Netanyahuk eta aldi berean haien aurka egin du hauteskunde kanpainan. “Aspaldi ikusi zuen Netanyahuk komunitate arabiarretan boto-emate handia egongo zela, baina ez zela zertan txarra izan berarentzat, betiere Israelgo nazioaren diskurtsoa bazen arabiarrei zilegitasuna kentzea, gaizkiletzat hartzea”. Hauteskunde egunean bertan ere “iruzurra” salatu zuen, nork eta berak, lider gorenak; eta “iruzurra”, jakina, arabiarrek egina.

Gero, ja, beste mundu bateko zerbait iruditzen zaizkit bere taktikak. Adibidez, hauteskundeen egunean, bere boto emaileak mobilizatzeko, adimen artifizialarekin egindako bideo bat publikatu zuen sareetan, non arabiar emakume ugari ageri ziren botoa emateko ilaran, burua eta aurpegia estalita. Edo gamelu gainean hauteslekuetara iristen, zibilizatu gabe jendea balitz bezala. Bi kasuetan, Netanyahuk biribiltzen du bideoa: “Hil ala biziko kontua da Israelgo Estatuarentzat; boto emaile maitea, joan botoa ematera”. 

Harrigarria dirudi, baina bideo horiek funtzionatzen dute, funtzionatuko dute, egin egiten baitute... Euskal Herrian hauteskundeak dira laster; zenbat eragingo dute horrelako kontuek?

·····>   Ez galdu hauek

  • Blocus. Neurriak hartzen eta Polizia mobilizatzen hasi dira erakundeak Hego Euskal Herrian, sare sozialetan Blocusek astebururako iragarritako deialdiak direla-eta. Bihar arratsalderako Bilbon, adibidez. Erabili duten leloa: Espainia ere altxatzen ari da.
     
  • Greba gaur Osakidetzan. Gehiengo sindikalak hilabeteak daramatza Osakidetzako langile guztien lan baldintzak hobetzea eskatzen, eta zuzendaritzarekin asteazkenean bilera egin bazuen ere, ez dira akordiora iritsi, eta greba deitu dute gaurko. Dela dela, ospitaleetan adibidez, ohiko langile kopuru bera egotea agindu du Jaurlaritzak.
     
  • Repsol. Urteko lehen bederatzi hilabeteetan, iazko tarte berarekin alderatuta, laukoiztu egin ditu irabaziak EAJko buru zen Josu Jon Imazek gidatutako multinazionalak. Bederatzi hilabeteotan egindakoarekin soilik, urte osoan inoiz irabazitakoa baino gehiago egin dute dagoeneko. 

    Stock handia du Repsolek, eta krisi geopolitiko oro suertatzean, erregai falta baldin badago, Ukrainako edo Irango kasuetan bezalaxe, stockari izugarri handitzen dio balioa. Orain arteko marka 2022an ezarri zuen, Ukrainako gerra lehertu zenean: urte hartan, urte osoan, 4.251 milioi euroko irabaziak izan zituen, eta aurten jada 5.006 milioi euro gainditu ditu.

ASTEKO KOORDENADAK >>

 

Asteko tendentzien bildumatxoa egiten dut ostiralero, iparrorratza hartuta, era patxadatsuago batean informazioari heltzeko.

  • I > Israel. Aipatu dizut arestian Ramallahn bizi den Antxon Barroso arabar gaztea, ekonomia ikerlaria. Zisjordanian bizi da, ez Tel Aviven, Palestinako lurretan oso modu diferentean bizi dira Israelgo hauteskundeak, ez baitute botoa emateko ohitura handirik. Salbu eta aurten. Baina zertarako? Palestinarrentzat gauzak zertan diren kontatu digu. 
     
  • H > Hautsi. Haira Aizpuruaren Berria-ko artikulua oso aproposa iruditu zait sakeoen, lapurreten eta “gazte liskartsuen gaia” aztertzeko. Honela dio: “Bitrinak puskatu dituzte, bai, baina ez dio nehork so egiten kristalezko ikasleriari, gizartearen ispilu sintsikatuari edo erakusleiho mediatikoen atzean dagoen eskuin muturreko ideologia suntsikorrari”. 
     
  • E > Erretreta. Ekainean itzali zuen mikrofonoa Allande Boutin kazetari eta euskaltzaleak. Parisen hazi eta hezia, gaztetan egin zuen euskalduntzeko hautua, ama miretsita, zuberotarra baitzen. Txomin Peillenen eskutik jaso zituen klaseak Parisen, eta gerora, Ipar Euskal Herrira bizitzera etorrita, mundu euskaltzalea bultzatzen lan egin zuen: besteak beste, ETBren Baionako ordezkaritza sortzen lagundu zuen. Boutinek France 3 telebista katean egin izan du lan. Tira, euskarari besarkada ederra bidali dio iritzi artikulu batean Kazeta-n.
     
  • M > Maitasunez. Hala begiratzen dio lurrari Libe Plaza lekeitiarrak, maitasunez bai, ilusioz ere bai, eta errespetu handiz: bizitzan elkar laguntzea inportantea dela, bai jendearen artean, bai norbera eta lurraren artean. Bere etxera joan dira Euskadi Irratiko Faktoria saiokoak, hamaika emakume baserritarren bizitzak jasotzen dituen Erein, borrokatu, bizi liburua besapean hartuta, EHNE sindikatuaren argitalpena; liburuko lehen kapitulua Libe Plazarena da.

Honaino gaurkoa. Konplituta aste hau ere. 

Asteburu ona izan.

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN