Espero gabe, eta itxuraz asmo politikorik gabe ere, hacker batzuek aldi berean izugarrizko kaltea eragin dute Europako zenbait herrialdetako hamarnaka supermerkatuetan: birtualki, auskalo nondik, hozkailuen eta izozkailuen tenperaturak aldarazi dituzte, eta ahalik eta altuen ipini, edo hori egiteko programarazi, 50 edo 80 graduko tenperaturara ere iristeko.
Duela hiru aste horixe bera egin zuten Frantziako hainbat supermerkatu handitan, eta pasatu den igandetik astelehenerako gauean jokaldia errepikatu dute Belgikan, Herbehereetan, Irlandan, Luxenburgon, Estonian eta Suedian (teknikoki ez omen da jokaldi bera izan, informatikariei hala irakurri diet, baina ulertzen didazue). Ia aldi berean egin dute supermerketau denetan, itxita zeudenean eta jendea lo zegoenean, goizaldeko ordu batean, ordu bietan eta hiruetan.
Klik baten edo batzuen bidez, birtualki eta ordenagailu baten aurretik, horrek flipatzen dit niri. Inozentea izango naiz, baina ez nuen imajinatuko Carrefour bateko hozkailurik arruntenak ere software batekin funtzionatzen zuenik, zerbitzari bati lotuta egongo zela eta... Tira, gizaki eta gizarte moduan, burujabetza txikienak ere urtu eta zakarretara bota ditugu.
Kiloak, kiloak eta kiloak, izugarri janari mordoa bota dute zakarretara. Ondorengoa Bruselako supermerkatu baten kanpoko irudia da.