2026ko azaroaren 3a.

Egun on.

Kotxean nindoala, atzo, oroitu nahian aritu nintzen Nerea Ibarzabalen larunbateko bertsoetako batez. Ideia banuen, baina kopla ez. Hauxe zen: Heriotzak gidatzen du / nire ondoko karrilletik. Ea, gordin eta zera hori guztia, beldurrik eragiteko batere asmorik gabe diot, baina biribila izan zen bere bakarkakoa. Irakaslea bazara, ziur ailegatu zaizula handik edo hemendik: ordezko irakasleen panoramari buruzkoa zen, kotxeko bidaia luzeez-eta.

Hori hona ekarrita, goazen mamira.

· · · · · · ·

Klik bat eta dena zakarretara

Espero gabe, eta itxuraz asmo politikorik gabe ere, hacker batzuek aldi berean izugarrizko kaltea eragin dute Europako zenbait herrialdetako hamarnaka supermerkatuetan: birtualki, auskalo nondik, hozkailuen eta izozkailuen tenperaturak aldarazi dituzte, eta ahalik eta altuen ipini, edo hori egiteko programarazi, 50 edo 80 graduko tenperaturara ere iristeko. 

Duela hiru aste horixe bera egin zuten Frantziako hainbat supermerkatu handitan, eta pasatu den igandetik astelehenerako gauean jokaldia errepikatu dute Belgikan, Herbehereetan, Irlandan, Luxenburgon, Estonian eta Suedian (teknikoki ez omen da jokaldi bera izan, informatikariei hala irakurri diet, baina ulertzen didazue). Ia aldi berean egin dute supermerketau denetan, itxita zeudenean eta jendea lo zegoenean, goizaldeko ordu batean, ordu bietan eta hiruetan.

Klik baten edo batzuen bidez, birtualki eta ordenagailu baten aurretik, horrek flipatzen dit niri. Inozentea izango naiz, baina ez nuen imajinatuko Carrefour bateko hozkailurik arruntenak ere software batekin funtzionatzen zuenik, zerbitzari bati lotuta egongo zela eta... Tira, gizaki eta gizarte moduan, burujabetza txikienak ere urtu eta zakarretara bota ditugu.

Kiloak, kiloak eta kiloak, izugarri janari mordoa bota dute zakarretara. Ondorengoa Bruselako supermerkatu baten kanpoko irudia da. 

Belgikan berrogei Delhaize, hamabost Carrefour eta hamar Spar supermerkatu inguru saboteatu dituzte. Herbehereetan hamazazpi establezimendu, eta tartean izozkailu biltegi oso handi bat. Irlandan, SuperValu kateko hamahiru denda. Eta Suedian hamar bat inguru, herrialdeko katerik handienarenak denak ere. Zifretan, establezimendu bakoitzeko, 100.000 eta 300.000 euro arteko galerak izan omen dira.

Ordaindu nahi duzuna. Jaso nahi duzuna.

EGIN ARGIAKOA

Udaltzainen prestakuntza… Guardia Zibilekin?

Tolosako eta Andoaingo udaltzainak Intxaurrondoko txapelokerren kuartelean trebatzen omen dira, bi udalak ere EH Bilduk gobernatuak, hala esan zuen atzo goizean El Diario Vasco egunkariak. Eta hauteskunde kanpainarako propio prestatua dirudien joko-zelaian emanean hasi da EAJ, azaroko hauteskundeak EH Bilduk irabaziko lituzkeela dioen inkesta ezagutarazi eta egun gutxitara. “Hau al da zuen polizia eredu alternatibo ospetsua?”, esan zuen trufaz Gipuzkoako EAJk, jeltzaleen sektore horrek ohikoa duen hizkera burlatian, eta bi alkateen dimisioa eskatu. EH Bilduk ez du ezer esan gaiaz. 

Albiste honen adarretako bat hori da, ika-mika politikoa. Baina funtsa beste ertzean dago, mamian, zeren egia bada, zer ari dira udaltzainak Guardia Zibilekin “tiro praktikak” egiten? 

· · · · · · ·

Portzierto. Atzo gauean publikatu genuen BTLN-ren bigarren saioa, Eibarko finalaurrekoa hizketagai. Joko handia eman zuen bertso saioa kiroldegi batean egin izanak, baita irakasleei zuzendutako bertsoek ere, idazle gehiegi daudela ere kantatu zen eta gure saioko protagonistak “mindu” zituen… Denbora baduzu, plazer baduzu, hemen duzu tertulia.

·····>   Ez galdu hauek

Gaurko egunari lotuta, bi kontu:

  • Sute bat pizteko oharrak. Izenburu hori duten jardunaldiak abiatuko dituzte gaur Iruñeko Katakraken, larunbatera arte, literaturaren, sektorearen, eta argitaratu dituzten zenbait liburuetako gaien inguruan solastatzeko, kolektiboki gogoetatzeko. Aitziber Jimenez de Aberasturi aritu da jardunaldiak prestatzen, eta elkarrizketa egin diogu.
     
  • Hauteskundeak AEBetan. Gaur dira hauteskunde legegileak: Ordezkarien Ganbera osoa berrituko dute, Senatuaren herena, eta 36 estatutako gobernadoreak ere hautatuko dituzte. Inkesten arabera, demokratek izango dute gehiengoa Ordezkarien Ganberan, eta konplikatua ikusten da Trumpen aldekoek Senatua kontrolatzen jarraitzea. Diskurtso eta iragarpen politikoak nondik doazen laburbildu dizkigu Iztebe Oihenartek.
     

Eta bi hauek ere bai:

  • Primark. Arropa merkea saltzen duen multinazional irlandarrak baditu gutxienez bi denda handi Bizkaian. ELA sindikatuak salaketa ipini zien, enpresa barneko hitzarmenaren araberako soldata pagatzen zietelako; sindikatuaren esanetan, Bizkaiko ehungintzakoa zegokien. Justizia auzitegiak arrazoi eman dio sindikatuari. Duela bi urte pasatxotik honako diferentzia ordaindu beharko die orain.
     
  • EHZ, azkenekoz Arberatze-Zilhekoan. Azken edizioan ekonomikoki zuloa egin dutela jakinarazi dute, baina aurrera segitzeko pronto direla. 2027an egoitza mantenduko dute, jakitun izanda ere prefetaren begiak gainean izango dituztela, hala esan dute antolatzaileek; eta 2028ari begira mugitzekotan dira. 

POSTALEKO IRUDI

 

Kebnekaise. Suedia iparraldea. Laponia. 2.096 metro garai den mendia. Europan iparralderago ez dago mendi altuagorik. Bi tontor ditu, metro bategatik da bat bestea baino altuagoa. Bi magalak glaziar askoko eremuak dira. Baina ez horrenbeste. Ipar partera begira dagoena bai, baina bestea ez. Eta orain gutxi arte Suediako mendirik handiena zen Kebnekaise, baina jada ez. 

Asmatu duzu zertaz ari naizen?

Urtzen ari da apurka-apurka (honi ez diote, ez, hacker-ek ezer egin), urtzen ari da hegorantz duen magala batez ere. Urtea joan urtea etorri, bi metro gutxiago neurtzen ditu. Pentsa, 1990eko hamarkadan 2.120 metro garai zen hegoalderantz dagoen tontorra, eta orain 2.096 metro ditu.

Horrelaxe daude kontuak, eta ez da soilik Suedian gertatzen. Suitzan, irakurri dudanez, Alpeetako glaziarrek 30 metroko lodiera galdu dute azken 30 urteotan. 

Honaino gaurkoa.

Astearte ederra izan. 

Besarkada estua.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN