“Terrorismoa” leporatuta preso dauzkate bi gazte Madrilen, borroka armatua “berraktibatu” nahi dutelakoan; eta terrorismorik ez, baina “desordena publikoa eta antolakuntza kriminala” leporatzen diete Blocus-eko buruei, Espainiako Estatuan hainbat establezimendu sakeatu, txikitu eta zaborrontziak erretzeagatik. Ez naiz ni zigor doilorragoak eskatzen ariko, ez naiz ni polizia izango, baina hitzak deigarriak dira: terrorismoa eta antolakuntza kriminala ez baitira bi gauza berdin, ez diren bezalaxe topoa eta metroa.
Donostian hamazazpi egun barru inauguratuko dutena metroa da. Zeren metro hitzaren definizioa da trenbide sistemako garraiobide urbanoa, hiri baten barnekoa normalean, eta gehienbat lur azpitik doana. Asuntua da konnotazio zaputza duela, izango da zerbaitengatik; beharbada horregatik bilatu dituzte justifikazioak topo deitu ahal izateko. Herri arteko tren zerbitzuarekin lotuko dela. Ados. Horixe falta zen, loturarik ez egitea.
Metroari topo deitzea, maitekor eta eztitsu eran, ez da kasualitatea. Ez denez bezalaxe “tristea” dela esatea AHTa Euskal Herrira oraindik heldu ez izana. Gipuzkoako egunkaririk saldueneko kazetari bati leitu diot asteburuan, galdera baten formulazioaren barnean, Espainiako AHTaren ingeniarietako bati egindako elkarrizketan. Euskal Herriko AHTaz galdetzen dio kazetariak, eta tipoak defendatzen duena da abiadura handiko trenak ez lukeela beharbada “hain azkarra” izan beharko, hobe dela “loturak ongi egitea” eta tren askok zirkulatzea. Eta “kohesioaren izenean”, Madrilekin konexioak sarri izatea.
- “Zeinen ongi, Madrilerako trenak!”. AHTaren amarrurik handiena hori da, norberak bere ipurdiari begiratu eta gauza on bat bezalaxe ikusten dugula “Madrilera joan ahalko gara” zera hori. Baina urte osoan halako zenbat bidaia egingo ditugu? Gero eta jasangaitzagoa da, gainera, Madrilera asteburua pasatzera joatea.
- Horri lotuta, Donostiako turismo egoeraz kezkatuta herri mailan lanean dabiltzanei entzun izan diet behin baino gehiagotan: “AHTak ekarriko duena da Madrilgo jendeak Donostian etxea erostea, eta asteburua pasatzera etortzea errazagoa izatea”.
Tira, El Diario Vasco-ko elkarrizketa horretan ingeniari hark ekartzen du beste ideia esanguratsu bat: Espainiako Estatuko trenbide sarean lau enpresak dutela bidaiatzeko lizentzia, Espainiako Gobernuak leiho hori zabaldu zuelako, pribatizazioarena, eta horregatik handitu direla hainbeste tren maiztasunak. Baina zerbitzuaren liberalizazio hori “eztabaidaezina” omen da, ezin da atzera itzuli, eta horregatik ez du merezi eztabaida antzuetan katramilatzeak.
Kontua da tren pribatuak zerbitzu publikoan sartzearena 2019tik hona gertatu dela. Prezioak gutxi gorabehera %40 merketu dira. Eta ondo. Eta ziurrenik horregatik bikoiztu dira bidaiariak azken zazpi urteotan, edo baita premia berriak sortu direlako ere. Baina tira. Hori txaponaren aurkia da. Ifrentzua da komeniko litzatekeena baino %55 diru gutxiago xahutzen dela mantentze lanetan eta deribatu guztietan. La Vanguardia-ko Enric Julianari irakurri diot hori.
Baina aizu, lasai: Donostiako metroak askoz ere segurtasun sistema garatuagoak izango ditu, “Europako onenak”.
Bada, herritar talde batzuek manifestazioa iragarri dute azaroaren 21erako, metroa inauguratu bezperarako, premiarik gabe dirutza xahutu eta txikizioa eragin dela salatzeko.