2026ko azaroaren 4a.

Egun on.

Zer moduz zure astea? Ongi doala espero dut.

Goazen mamira.

Tren “seguruak” Kontxaraino

“Terrorismoa” leporatuta preso dauzkate bi gazte Madrilen, borroka armatua “berraktibatu” nahi dutelakoan; eta terrorismorik ez, baina “desordena publikoa eta antolakuntza kriminala” leporatzen diete Blocus-eko buruei, Espainiako Estatuan hainbat establezimendu sakeatu, txikitu eta zaborrontziak erretzeagatik. Ez naiz ni zigor doilorragoak eskatzen ariko, ez naiz ni polizia izango, baina hitzak deigarriak dira: terrorismoa eta antolakuntza kriminala ez baitira bi gauza berdin, ez diren bezalaxe topoa eta metroa. 

Donostian hamazazpi egun barru inauguratuko dutena metroa da. Zeren metro hitzaren definizioa da trenbide sistemako garraiobide urbanoa, hiri baten barnekoa normalean, eta gehienbat lur azpitik doana. Asuntua da konnotazio zaputza duela, izango da zerbaitengatik; beharbada horregatik bilatu dituzte justifikazioak topo deitu ahal izateko. Herri arteko tren zerbitzuarekin lotuko dela. Ados. Horixe falta zen, loturarik ez egitea.

Metroari topo deitzea, maitekor eta eztitsu eran, ez da kasualitatea. Ez denez bezalaxe “tristea” dela esatea AHTa Euskal Herrira oraindik heldu ez izana. Gipuzkoako egunkaririk saldueneko kazetari bati leitu diot asteburuan, galdera baten formulazioaren barnean, Espainiako AHTaren ingeniarietako bati egindako elkarrizketan. Euskal Herriko AHTaz galdetzen dio kazetariak, eta tipoak defendatzen duena da abiadura handiko trenak ez lukeela beharbada “hain azkarra” izan beharko, hobe dela “loturak ongi egitea” eta tren askok zirkulatzea. Eta “kohesioaren izenean”, Madrilekin konexioak sarri izatea.

  • “Zeinen ongi, Madrilerako trenak!”. AHTaren amarrurik handiena hori da, norberak bere ipurdiari begiratu eta gauza on bat bezalaxe ikusten dugula “Madrilera joan ahalko gara” zera hori. Baina urte osoan halako zenbat bidaia egingo ditugu? Gero eta jasangaitzagoa da, gainera, Madrilera asteburua pasatzera joatea.
     
  • Horri lotuta, Donostiako turismo egoeraz kezkatuta herri mailan lanean dabiltzanei entzun izan diet behin baino gehiagotan: “AHTak ekarriko duena da Madrilgo jendeak Donostian etxea erostea, eta asteburua pasatzera etortzea errazagoa izatea”. 

Tira, El Diario Vasco-ko elkarrizketa horretan ingeniari hark ekartzen du beste ideia esanguratsu bat: Espainiako Estatuko trenbide sarean lau enpresak dutela bidaiatzeko lizentzia, Espainiako Gobernuak leiho hori zabaldu zuelako, pribatizazioarena, eta horregatik handitu direla hainbeste tren maiztasunak. Baina zerbitzuaren liberalizazio hori “eztabaidaezina” omen da, ezin da atzera itzuli, eta horregatik ez du merezi eztabaida antzuetan katramilatzeak.  

Kontua da tren pribatuak zerbitzu publikoan sartzearena 2019tik hona gertatu dela. Prezioak gutxi gorabehera %40 merketu dira. Eta ondo. Eta ziurrenik horregatik bikoiztu dira bidaiariak azken zazpi urteotan, edo baita premia berriak sortu direlako ere. Baina tira. Hori txaponaren aurkia da. Ifrentzua da komeniko litzatekeena baino %55 diru gutxiago xahutzen dela mantentze lanetan eta deribatu guztietan. La Vanguardia-ko Enric Julianari irakurri diot hori.

Baina aizu, lasai: Donostiako metroak askoz ere segurtasun sistema garatuagoak izango ditu, “Europako onenak”.

Bada, herritar talde batzuek manifestazioa iragarri dute azaroaren 21erako, metroa inauguratu bezperarako, premiarik gabe dirutza xahutu eta txikizioa eragin dela salatzeko.

Ordaindu nahi duzuna. Jaso nahi duzuna.

EGIN ARGIAKOA

Hitzen hautaketen politikaz badut beste kontu bat gehitzeko, Euskal Herriko eskuineko prentsari purrustada usaindu diot-eta Eusko Jaurlaritzak iragarri duenean Hezkuntza Sailaren aurrekontua igo egingo duela datorren urtera begira. 

Ez da igoera makala, egia da: urtean 446 milioi euro gehiago, urte batetik bestera %13ko hazkundea. Irakasleen “egoera hobetzeko”, ikasgeletan inbertsioak egiteko… gauza askotarako asmoa, tartean emaitzak hobetzeko (PISAko datu eskasak) eta euskarari beste bultzada bat emateko. 

Azken horrek egin die karraka batzuei; aurrekontu igoera galant hori komunikabide batzuentzat “injekzioa” da, dirua “xiringatzea”, dopatzea bezalakoxea.

· · · · · · ·

Bide batez, Hezkuntzari buruz eta irakasleez ari naizenez. 

Aste honetako Etxerako Lanak podcastean gai interesgarria landu digu Mikel Garcia lankideak: nolakoa da patio ordua ikasle itsu batentzat? Zer topatzen dute, eta nola goxatu daitezke haien esperientziak?

Duela urte gutxi aldizkarirako elkarrizketatu genuen Manu Agirre ataundarra, itsua bera, ARGIAko harpideduna aspalditxotik. 68 urte izango ditu gaur egun. Haurtzaroaz-eta gogoeta interesgarriak egin zizkigun, nola bizi izan zuen berak…

Tira, bada Mireia Centeno psikologoa eta Edurne Gartzia elkarrizketatu ditugu podcasterako, goian bota dizkizudan galderak erantzuteko.

·····>   Ez galdu hauek

  • Udaltzainak Guardia Zibilekin. Atzo kontatu nizun Tolosako eta Andoaingo (bietan EH Bilduk gobernatzen du) udaltzainek Donostiako Intxaurrondoko txapelokerren kuarteletan egin ote dituzten “tiro prestaketak”. Bada, halaxe izan da. Udaltzainek eurek hautatuta, ordea; ez udalek. Baina tira, egitatea hor dago. A, eta EH Bilduk kargu hartu dio EAJri, berak gobernatutako hainbat udaletako udaltzainek ere gauza bera egin dutelako.
     
  • Lan heriotza. 37 urteko langile bat hil zen atzo Larrabetzun, jakien banaketako Euskopan enpresan. Istripua izan zuen, eta bertan hil zen. Euskal Herrian guztira 38 behargin hil dira aurten.
     
  • Oscar Puente. Dimisioa eman du Espainiako Garraio ministroak, urriaren 28an izandako tren istripu lazgarriaren ondotik. Urte berean gisa bereko bi istripu larri izan dira, eta karguan jarraitzea ez litzatekeela egokia esan du. Diskurtso elegantea egin du, barkamena eskatuta, ohituta gauzkatenekin alderatuta.
     
  • Ereinek 50 urte. Gauza asko eman zituen 1976ak, alajaina. Tartean, Erein argitaletxea. Atzo egin zuten ospakizun gala Donostiako Tabakaleran, eta liburuak bezalaxe, kapituluka banatu zuten ekitaldia, iraganera, gaur egunera eta etorkizunera begira. Hantxe izan zen Maria Ortega lankidea. 

KULTUR AGENDA

 

Beti daude makina bat plan egiteko, baina askotan ezin aukeratu. Epe motzean datorren guztiaren ganorazko entresaka bat egiten ahalegintzen naiz asteazkenetan, gaindosirik gabe. Irudian, Getxon egongo den Interview antzezlana.

  • Antzerkia. Iruñean, gaur, Antzerki Aroa jaialdia ixteko, Sidari antzezlana, eta Donostiako Gazteen Antzerki Topaketaren barnean, asteazkenez baita ere, Zurriolako antzerki eskolaren Martin, izarrak buruan eta eseri munduan. Azpeitian bete-betean sartuta daude Euskal Antzerki Topaketetan, eta afixa dotorea dute. Gainontzean, ostiralez Getxon Interview antzezlana eskainiko dute, Kandida Soraluzen, Amorebietan Bi baso bat ur, eta Antsoainen Nor naizen baneki. Larunbatean Orion izango da Kaka antzezlana, eta Kanbon, berriz, Ahurtara bat ipuin.
     
  • Bertsolaritza. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren hirugarren finalaurrekoa asteburu honetan jokatuko da Gernika-Lumon. Hauexek ariko dira kantuan: Agin Laburu, Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Ane Labaka, Aner Peritz eta Joanes Illarregi. Bertatik bertara ikusteko aukerarik ez baduzu, ETB On-en ederki asko jarrai daiteke zuzenean.
     
  • Musika. Ostegun honetan hasiko du agur bira Izaki Gardenak taldeak Bilboko Kafe Antzokian. Ostiralean, goxo planerako, aukera bikaina Garazi Esnaolaren kontzertua Arrasaten, edo Txuma Murugarren Bergaran; rock zaleentzat, Puntu Takoma taldea Atarrabiako Totemen, edo Habi eta Etxekalte Donostiako Dabadaban; eta gerriak mugitzeko pixka bat, Raimundo el Canastero Bilbon. Larunbatean, Altsasun izango da Olaia Inziarte, Andoainen Hofe, Ondarroan Tu-K, Donostiako Tabakaleran Francisco López eta bere soinu esperimentala, eta disko berriarekin Ibil Bedi Irunberrin. Igandean, marianitoarekin batera, Zuiako gaztetxean, Amorante eta Kulata taldeak.
     
  • Bestelakoetan, laborarientzat eta lurra maite dutenentzat bada hitzordu interesgarria Biarritzen: Lurrama. Elikagai azoka, hitzaldi eta mahai inguru franko, kultur ekitaldiak… Topaleku interesgarria da. Eta Donostian, berriz, Feministaldia egingo da beste urte batez.

Honaino gaurkoa.

Egun ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN