Argazki esanguratsua ikusi genuen atzo Pauen: Ipar Euskal Herriko zortzi alkate auzitegian, bat eginda, euskarak Euskal Herrian ofizialki aitortua izan behar duela aldarrikatzen. Hiriburuko alkate Mathieu Elgoihenek hartu zuen hitza denen izenean: “Hemen gaude adierazteko prefetarekin biltzeko prest gaudela, elkarrekin lan egiteko, euskara gure lurraldeko ondare komuna delako eta hura transmititzearen alde gaudelako”.
Gauza ez da euskarak ez duela aurrera egiten Ipar Euskal Herrian, indar politikoek atzerantz bultzatzen dutela baizik. Frantziaren zentralismo inertziek badute zerikusirik, adibidez Konstituzioaren 2. artikuluak esaten du frantsesa dela Frantziako hizkuntza, ez du beste hizkuntzen aipamenik egiten, baina tira, horri heltzen dio prefeturak. Eta preseski, Simon Fetet prefeta berriak.
Handik eta hemendik, kontu euskaltzalerik txikiena ere begiz jota du Fetetek. Beharbada esanguratsuena izan da zortzi herriko etxeren aurka abiatutako bide judiziala, zeintzuek mozio bat onartu zuten euskara herriko hizkuntza ofiziala dela zioena. Mozioa, sinboliko izatetik urrunera ez doan testua, baina hazia ernatzen hasteko seinalea. Fetet prefetak ez du zipitzik hazten utzi nahi. Izan ere, orotara hamabost herriko etxek onartu zuten mozio hori haien organoetan, eta prefetak esana du “den-denak direla aztertzekoak”, Konstituzioko 2. artikuluaren aurkakoak direlakoan.
Enpin. Azaroaren 21erako mobilizazioa deituta du euskalgintzak Baionan, koofizialtasuna aldarrikatzeko eta, zeharka bada ere, prefetaren jokabideari erantzuteko.
Hain justu ere aste honetan azala eskainiko diogu gaiari.