Elkarrizketetan-eta esan dute eztabaida pila izan dituztela haien artean, asteburu asko eman dituztela entseatzen baina ezer gutxi finkatzeko gai izan direla denbora luzean, blokeatuta, erabakiak hartu ezinda... Krisi handi bat, serioski pentsatzeraino taldeak ez zuela biziraungo. Horixe da horizontaltasunean pentsatzen duten sormen taldeen eguneroko ogia, batez ere musika ogibide ez dutenena, horrek ahalbidetzen baitu eztabaidaren txiklea mugagabe haztea, txikleak norbera itotzeraino ere bai agian.
Baina badaezpada diskoa egin. Badaezpada taldea bukatzen bada, edo badaezpada munduko puntaren batean kantuok norbaiti ezertarako balio badiote. Badaezpada bizitzari hitzak eta musika jarri, badaezpada zerbait erretratatu. Eta Badaezpada izena jarri.
Badaezpada, eskuin muturrak gobernatuko bagaitu. Badaezpada, bihar soldaduskara deitzen bagaituzte. Edo badaezpada, izurriterik sortzen bada. Halakorik baletor, imajina nahi nuke zerbait susmatzeko adinako inteligenteak izango garela, bi eguneko azken guda dantza begi parean ikusiko dugula, eta hala, jendearekin “badaezpada” kafeak hartuko ditugula, ingurukoak agurtuko eta biharko egunik ez balego bezala jokatuko dugula. Situazio kuriosoa litzateke. Pentsatzen dut hilzorian dagoenak baino ez duela esperimentatu halakorik. Baina pentsatzen dut azken hitza daramaten zereginak ez direla zertan ezkorrak izan. Hau da, “badaezpadako” horretan gauza baikorrak ere egin daitezkeela, gauza itxaropentsuak, gauza gardenak, behingoagatik emozionalak, eta sosegatuak.
Soseguaren ideia, Ibil Bediren praktikan, kontzertuak dira, hiru kantu eta hamabi minutuko bideoklip nareak, eta jakina, emailak. Fan-klubari zuzendutako newletterra daukate. Nirea baino jario apalagoa dute, eskerrak; bi bidali dituzte hilabeteko tartean.
Gora patxada!