Kazetariok greba aktiboa egiten dugu halakoetan, uste dugulako egin dezakegun ekarpenik oparoena horixe dela, protestari ahotsa ematea. Hortaz, beste sekzioetako lankideek ez dute lanik egingo, baina kazetariok mobilizazioetan ipiniko ditugu baliabideak. Lau hiriburuetako kaleetan egongo dira gure begi-belarriak, kamerak ere bai, eta erredakzioko lankideek zentralizatuko dute informazioa. Beraz, ARGIAren bidez egin ahalko duzu jarraipena. Horixe bakarrik erakutsiko dugu webgunean.
Gaurko egunerako informazio orokorra dakarkizut segidan.
Deitzaileak. Kontrakoa ikustera ohituta gaude, baina poztekoa da gaurko deialdia era bateratuan egin dutela Euskal Herriko agente politikoek. Bat egin dute langileriaren bi adar printzipalek, euskal gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde) eta herri mugimenduen ordezkaritzak, etxebizitza sindikatuak buru. Azken horien barnean bi korronte bereiz daitezkeela esan daiteke: Mugimendu Sozialistaren bueltakoa bata, Etxebizitza Sindikatu Sozialista, eskualde ugaritan ordezkaritzak dituena, eta gainontzekoak Etxebizitza Sindikatuen Sarean integratuta daude. Baina esandakoa, eta egin dezagun horretan azpimarra, deialdi eta lelo bateratua da: Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!
Hitzorduak. Tokian askotako goizeko piketeez aparte, mobilizaziorik esanguratsuenak eguerdikoak izango dira, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Eibarren eta Tuteran deituta daudenak. Eibarren (Untzaga Plaza) eta Gasteizen (Bilbo Plaza) irtengo dira lehenbizikoak: 12:00etan jarri dute hitzordua. Ordu erdi geroago, 12:30ean abiatuko dira Bilboko (Arriaga), Donostiako (Pio XII), Iruñeko (Gazteluko Plaza) eta Tuterako (Foru Plaza) mobilizazioak. Arratsaldean, berriz, herri eta “eskualdeburu” ugaritan egingo dira elkarretaratze edo manifestazioak. Guztira 70 deialdi egin dira.
Hiru neurri. Hauexek izango dira han eta hemen oihukatuko diren ideiak, antolatzaileen kontsentsua dutenak: etxebizitzen espekulazioa legez debekatzea, espekulatzaileei jabetzak kentzea, eta etxebizitza gizartearen premien arabera antolatzea, merkatuaren logikatik aterata.
Tira, bero dator eguna. Ikasleak martxan daude astelehen gauaz geroztik, besteak beste itxialdiak egin baitituzte azken bi gauetan EHUn eta NUPen, tokiko asanbladek hala adostuta eta koordinatuta, eta atzodanik beste kanpaldi bat abiatu dute Errenterian. Esanguratsua, baita ere, astelehen gauetik Iruñeko udaletxearen aurrean egiten ari diren kanpaldia, hamabost eragilek deituta, salatzeko hirian gutxienez 200 pertsona inguru daudela etxerik gabe, eta udalak ez duela erantzukizunik hartzen.