Botoak baino sigla gehiago dituen Espainiako ezkerraren okurrentzia berria izan da AEBetako Alderdi Demokrata kopiatzea, nola Trump gainditu duten, bada goazen errezeta hartzera edo horrelako zer edo zer esango zuten, “etsaiaren etsaia gure aliatua da” pentsatuta, merkealdietara jota; eta beno, Tax the rich (“Aberatsak zergapetu”) leloa hartu diete. Sekulako egurra jaso dute sareetan gauza yankiak kopiatzen hasteagatik.
Baina ideiak balio dit buletinerako.
Izan ere, bart gauean inauguratu dute klimari buruzko goi bilera, Turkian. Australiarekin “ko-egoitza” osatuko du Turkiak; horra hor klimarekiko kezka, elkarrengandik 12.500 kilometrora dauden hiriak lotzea, eta jendea atzera-aurrera ibiltzea. COP deritzen goi bilera hauek dagoeneko 31 edizio dituzte, eta esan dezakegu nahiko oinarrizko gaietan katramilaturik daudela: erregai fosilen ustiapena ez dutela moteldu nahi zenbait herrialdek. AEBak buru, jakina. Baina tarteka pentsatzen dut: Euskal Herriak zer posizio hartuko luke? Gai potoloa da, ez da dudarik, baina Repsolen eta Josu Jon Imazen tentakuluak imajinatzen ditut euskal alderdi politikoen lepoak ondo estutzen, are gehiago aurten, irabaziak laukoiztu baitituzte.
Putre horiek zergatan gehiago ordain dezatela, hasteko. Baina COP goi-bileran ez dute termino horietan hitz egiten, nola bada. Ea Nepali kasu apurtxo bat egiten dioten, behintzat. Gogoratzen duela bi hilabeteko uholdeez? Gobernuak konpentsazio ekonomikoa eskatu zien munduko estaturik kutsatzaileenei, zeren Nepalek, agintariek eurek esanda, mundu osoko berotegi efektuko gasen %0,1 isurtzen du soilik, eta arrazoi dute, haiek sortu ez duten krisiaren ondorioak sufritu dituzte.
Ondo legoke hori. Beste datu honi kasu egitea ere berdin: munduko aberatsenen %0,1ak gehiago kutsatzen du munduko biztanleria osoaren erdiak baino. Eta 1990tik hona izan diren karbono isurketa guztien %20 aberats kuadrilla txiki horrek eragin ditu.