2026ko azaroaren 13a.

Egun on.

Zer moduz iritsi zara ostiralera?

Hasi baino lehen, zuzenketa bat: atzo, bukaera-bukaeran, emakume baten Iruñeko manifestazioko bideoa ekarri nuen. Eta “emakume bat” bezala aurkeztu nuen. Ez nekien Eshter Zabalegi zenik, ez nuen ezagutzen, eta horren berri zuek eman didazue. Tafallan jaioa duela 89 urte, Iruñean bizi, aktibista ezaguna ingurumarian.

Tira, orain bai, goazen mamira. 

Eta kontuz, ea beso hori, ez gogortu gehiegi.

Pantailen kanpaina

Izango da interneteko nire IP helbideak “Espainia” aurrezkia daramalako, edo izango da Espainiako frikikeria politikoak irensten ditudalako eta azkenerako algoritmoak ezagutu egin nauelako. Baina beno, egia esan aspertu samar nago Voxeko jendilajea beti short moduan ikusteaz. Beraiek ere motzak dira, hori ere hala da. Baina nahikoa da, eta hau hasi besterik ez da egin: ofizialki gaur hasi da Espainiako hauteskundeen kanpaina, eta bonbardaketa biderkatu egingo zaigu gure begi-belarrietan. Batez ere sare sozialetan.

  • Diskretuki igaro den detailetxoa izan zen EAJrena asteazkenekoa, greba orokorraren egunekoa: arratsalde horretan aurkeztu zituen hautagaiak Bilbon, manifestaziotik oso gertu. Baina aizu, lan egin nahi duenari, utzi lan egiten.

Espainiako hauteskundeen markoan oso ipinita ez bazaude, ematen dizut titularra: eskuin muturra gobernura hel daiteke, eta litekeena da gertatzea. Halaxe dio prentsak egunero, ohikoa bihurtu baita eguna joan eta eguna etorri inkesta berri bat publikatuta ikustea. Baina zenbat buru, hainbat aburu: inkesta etxeari gero eta hedabide eskuindarragoak egin enkargua, orduan eta zenbaki lodiagoa ematen diote PP eta Vox batuketari, eta alderantziz, jakina, ezkerreko hedabideetan, alderdikeria bi aldeetan baitago. 

  • La Séptima telebista kate sortu berriak, adibidez, Pedro Sánchezekin oso lerratuta dagoenak, justu samarreko gehiengoa ematen die PP eta Voxi, eta esaten du, eta ados nago, PSOEk irabaziko lituzkeela hauteskundeak. 
     
  • Ezkerreko gainontzeko alderdiek (marka da gero PSOEri “ezkerra” deitzea) lurra joko dutela ere aurreikusten da, salbu eta EH Bilduk, Galiziako BNGk eta Andaluziako Adelantek. Eta hiru horiekin batera, Kataluniako ERC ere irabazten irten liteke, Podemosekin akordioa egin baitu ezker zatikatuaren beste hanka-protesiari terrenoa jateko Katalunian. Lehengo Sumar, orain Frente Amplio da. 

Baina inkestek baino gehiago, hemen, fauna honetan, algoritmoek eta youtuberrek mugitzen dute lokatza. 

Zarata ederra sortu da Santiago Abascal telebista publikoko entretenimendu programan elkarrizketatu dutelako, faxista batek normaltasunez hartu eta platoa bete duelako. Gauza asko nahastu dira tartean, beti bezala gehiegi hitz egin da, eta zabor asko sortu ordu oso gutxian, baina esango nuke praktikan ez duela ezer aldatu hauteskundeei begira. Kapitulu bat gehiago baino ez da izan eztabaidaren agendan. Izan zen Sol plazako kanpaldia, izan zen 70 hildakoren tren istripua, izan zen Blocus, izan ziren Brasilgo, AEBetako eta Israelgo hauteskundeak, izan da Abascal La Revueltan… eta orain dira Jordi Wild youtuber negartia eta bere gisako beste lau bizizale, kexu direnak Abascalek erabaki duelako podcast batean parte ez hartzea. Hari botoa ez emateko ari dira eskatzen orain, bizi osoan sare sozialetan terrenoa goxatu diotenean.

  • Reel-ak pasatzea bezala da. Gai bakar batek ez ditu agenda mediatiko-politikoan lau egun ere egiten. Etxebizitzarenarekin lehertu zen, play eman zion PSOEk, eta eskerrak greba orokorra egon den, bestela ahaztuta baikeunden (baina mila eurotik gorako alokairuak berdin-berdin pagatzen, ordainagiria ez da ahazten). 
     
  • Eta aitortzen dizut, e. Penagarria iruditzen zait zeinen azkar joan den lerroburuetatik tren istripuarena. “Kanpaina erabat baldintzatuko du” ere esaten zen. Beharbada neuk ere esaten nuen, ez naiz akordatzen.

Botoa erabakitzen omen da hauteskundeen azken astean eta bereziki azken hiru egunetan. Halaxe ari da esan eta esan Ivan Redondo pasaitarra, Pedro Sánchezen aholkulari izandakoa. Zergatik ez, ikusten diot zentzua argudioari. Eta bere estrategiari ere bai.

Ordaindu nahi duzuna. Jaso nahi duzuna.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • Prefetari bilera galdegin. Ipar Euskal Herriko 88 auzapezek (hau da, udalerri guztien %56k) eta lau parlamentarik bilera eskatu diote Simon Feteti, kezkatuta daudelako euskararen aurka egiten ari denarengatik. Sinatzaileen artean Alain Iriart dago, Euskal Hiriguneko Elkargoko burua.
     
  • Urruñako ikastola, kexu. Aginte aldaketa izan zen Urruñan, eta murrizketak egiten ari da Sebastian Etxebarne auzapez berria, euskararen eta euskalgintzaren kalterako. “Motozerraren politika” salatu dute Urruñako ikastolako gurasoek, 22.500 euroko dirulaguntza 2.500 eurora jaisteko asmoa baitu herriko etxeak. Abenduaren 7an bozkatuko da, eta gurasoek herritarren laguntza eskatu dute, mobilizaziora batzeko.
     
  • Zaporeak proiektuak, agur. Lesboseko (Grezia) errefuxiatuei jatekoa ematen dien Zaporeakek bere ibilbidea amaituko du, hamar urte lanean eman ondoren. Bederatzi egun barru prestatuko du azken otordua. Guztira zortzi milioi otordu baino gehiago eman dituzte. 2016ko martxoan hasi ziren larrialdi egoera bati erantzunez, sei hilabete irauteko asmoarekin, eta azkenean gaur arte.

ASTEKO KOORDENADAK >>

 

Asteko tendentzien bildumatxoa egiten dut ostiralero, iparrorratza hartuta, beste era batera informatzen segitzeko, patxadatsuago beharbada.

  • I > Indarra. Asteazkenean, greba orokorrean, Bilbora bost kilometro eta erdi egin zituzten oinez Erandioko Los Ochos eraikineko bizilagunek. Ordu eta erdiko ibilaldia. Ez da astakeria, baina esanguratsua da irudia: noiz elkartu zara zu hamarnaka bizilagunekin ibilaldia egiteko? Putre funts baten jabetzakoa da eraikina, etxetik kaleratzeko mehatxua gain-gainean dute, eta indarrak batzea eta borrokatzea besterik ez dute. Berria-ko Maddalen Omaetxebarriak egin zuen ibilaldiaren kronika. 
     
  • H > Herrigintza. Asteasuko alkate izan zen hamabost bat urtez Pilar Legarra. Artikulu interesgarria irakurri diot Tolosaldeko Ataria-n, herrigintzaz eta auzolanaren kulturaz, komunitatea indartzeaz. Militantzia horrek bizikidetzari eta kohesio sozialari laguntzen diola defendatzen du, eta proposamen bat egiten: auzolana derrigorrezkoa izatea, bizitzan urtebetez-edo.  
     
  • E > Entzun. Nerabeak ez du gurasoekin hitz egin nahi, gelan sartu eta urrundu egiten da. Zer egin? Planak proposatu, zer moduz dagoen galdetu, entzun eta entzun... Mireia Centeno psikopedagogoak aholku sorta eman die gurasoei Zumaiko Guka-n.
     
  • M > Memoria. 50 urte dira Xalbador hil zela, eta ETBren Iparraldearen Orena saioan hura oroitu dute hamar minutuko erreportajean. Xole Aire eta Eneko Bidegain senideek hitz egiten dute, eta Amets Arzallusek eta Anje Duhaldek osatzen dituzte solasaldiak, artxiboko irudi ederrekin nahasita.

Honaino gaurkoa.

Ostiral ederra izan.

Astelehenera arte.

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN