2026ko azaroaren 27a.

Egun on.

Espainiako hauteskundeen atariko azken buletina, atzo EAJri buruz ari nintzen moduan, gaur EH Bilduz.

Goazen mamira.

EH Bildu eta tokiko ezkerraren goraldia

Abaila ederrean doa ezker abertzalea, eta ez besterik gabe. Distira apur bat izan dezakeen alderdi bakarra da Espainiako marko negargarrian. Ilusioa, hizki larriz, beharbada ez du sortuko, eta ez nuke esango fenomeno loriatsu emergentea denik, ezta duela hamar urte Podemosek izan zezakeen kalipua duenik ere; baina seriotasuna transmititzen duen koalizioa da, kezka lurtarrak dituena, tokian tokikoa, eta Madrilgo giro liskartsutik kanpo pentsatzen duena, era zabalean eta konfrontaziorik gabe. Kosta da, baina normalizatu da EH Bildurekin paktuak egitea; hori urrats handia izan da, azken legegintzaldikoa.

Estrategiaren parte bat izan da Sánchezi amen-amen egitea, koalizio gobernua kanpotik eustea, eta horrek ondo funtzionatu du, orain bai eta orain ez ibiltzea baino hobeto izan da, galdetu bestela EAJri, edo Juntsi. Baina bide-orri horrek epe muga du. Eta horretaz kontziente dira. Oskar Matutek autokritika horixe egin du Berria-n: PSOErekin gutxieneko programa bat adostea zen EH Bilduren helburua duela hiru urte, Sánchez presidente egin eta legealdiari bermea emateko, baina ez dute lortu, ez zuten ezer zehaztu, eta, gutxi gorabehera, Sánchezek nahi duena egin du, nahiz eta, tira, bizitzaren garestitzea pixka bat arintzeko neurri batzuk hartu diren, erregaien merkatzea eta alokairuen igoerak mugatzea, esaterako.

  • Dena dela, PSOErena irrigarria eta iraingarria da aldi berean. Ari zara pixka bat kanpaina jarraitzen? Badirudi partidu boltxebikea bihurtu dela. Badirudi putre funtsak desagerraraziko dituela, eta banka entitateak nazionalizatuko. Ene… Utzi rollo triunfalista.

Aldebiko ezpata da PSOEren gobernua babestea: edo ustel kuadrilla gutxienez “ezkertiar” hau gobernura eramaten duzu eta lorpen errealak huskerian geratzen dira, kasurik onenean Mozal Legea indargabetzea lortuko duzu, duela zortzi urte hitzemandakoa; edo eskuina eta eskuin muturra gobernura helduko dira eta dena izango da okerrago. Horren aurrean nola jokatu, hori da galdera.

Hori da Madril. Eta Madrilgo politikan, arazo handienetakoa Madril bera da, bere zentralismoa. Horregatik ere ari da jausten ezker zentralista. Deskonexioa dagoelako. 

Tokiko ezkerrak bizi du goraldia orain, eta horien erreferente EH Bildu da Espainiako markoan. Salbu eta Kataluniako ezkerra, procès-aren erreduretatik errekuperatzeko oraindik urte gehiago beharko baitituzte, eta ERCren taktika Madrilen fokuan dago; hauteskunde autonomikoetan, azken bi urteetan, pista batzuk hartu ditugu: Galizian BNGk gero eta boto gehiago ditu, Aragoin Chuntak eta Andaluzian Adelantek. Urrundik ere ez dira EH Bilduk hemen duen pisuaren pare, baina nonbaitetik hasten da indar metaketa.

· · · · · · ·

Bide batez, eta Madrilgo markora jota.

Eskuina eta eskuin muturra ulertarazten ari dira “tranpa” egon daitekeela boto zenbaketan. Ez dut uste benetan sinesten dutenik, baina kezkagarriena da jendeak hori sinestea, edo gutxienez zalantza egitea, zeren putxerazo bat baino gauza diktatorialagorik ez dago. Eta jende talde zabal batek benetan hori sinetsiko balu, kaleak sutan behar luke.

Donald Trump izan zen lehena hain serioski “tranpa” salatu zuena; Kapitolioa inbaditu zuten gero, Errege Egunez. Brasilen estrategia kopiatu zion Jair Bolsonarok, eta estatu kolpe saiakeragatik epaitua izan zen. Israelgo duela gutxiko hauteskundeetan ere Netanyahuk iradoki zuen “tranpa” egon zitekeela, baina isil samar dago orain, gobernu berrian sartzea negoziatzen ari delako; hala ere, uste denez, bera saiatu zen tranpa egiten.

Putxerazo-aren gaiaz idatzi du Xabier Letona lankideak, 1936ari erreferentzia eginez, orduan ere emaitza ez baitzuten onartu…

ARGIAn egiten duguna gustatzen?

BABESTU PROIEKTUA

·····>   Ez galdu hauek

  • Jardun. Urriaren 17an preso sartu zituzten Malen Grunig eta Aratz Bilbao gazteak, “terrorismoagatik”, zenbait ekintza konkreturengatik: besteak beste, Bizkaitik igaro zen Frantziako Tourrari boikot egiten saiatzeagatik, Adegi Gipuzkoako patronala pinturaz seinalatzeagatik, eta iazko urriaren 12an, Gasteizen, Falangeari aurre egiteagatik. Jardun koordinadorak esan du horien egiletza berea dela. Salatu dute Polizia atzetik dutela, kide batzuen etxe eta autoan sartu dela.  
     
  • Mikel Zabalza. Atzo bete ziren 41 urte Guardia Zibilak ETAko militante batekin nahasi, atxilotu eta hogei egun desagertuta egin ostean, Bidasoa ibaian agertu zela. Atzo, pozgarria, EAJk eta EH Bilduk, haien ekitaldi politikoetan, oroitu egin zuten Mikel Zabalza. Plazer baduzu, hementxe duzu Non dago Mikel? dokumentala. 
     

Eta asteburuari, negu giroari, eta, zergatik ez, Durangoko Azokari begira ere bai, azken asteotan argitaratu diren bi liburu ekartzen dizkizut:

  • Egunen alde zuria, Itziar Ugarte. Idazle finenetakoa da. Orain arte poesia argitaratu izan du, eta aurten besapean dakar lehen eleberria, Susarekin. Joana du protagonista, denbora batez Bordelen bizi ostean, pisu partekatuetan, familiaren baserrira itzuliko dena, itzultzaile autonomo aritzeko asmotan; harremanak berreskuratu eta lasai hartu nahiko du errutina berria, barreneko zerbait estutu egingo dion arren.
     
  • Krimena eta zigorra, Dostoievski. Erdaretara jo behar zen liburu klasiko hau irakurtzeko, orain arte. Aroa Uhartek itzuli du, Erein eta Igela argitaletxeen enkarguz. Hizkuntza bat erabilgarri dela esan ohi da baldin eta literatura klasikoa irakur badaiteke. Krimena eta zigorra lanean Rodion gazte pobre eta miserablea da protagonista, bere bizimodua hobetu asmoz andre dirudun bat hilko duena.

ASTEKO KOORDENADAK >>

 

Asteko tendentzien bildumatxoa egiten dut ostiralero, iparrorratza hartuta, beste era batera informatzen segitzeko, patxadatsuago beharbada.

  • I > Ihes. Ahaztuko zitzaigun honezkero, baina 2026a oso beroa izan da. Eta berotik ihesi ibili gara. Permititu zezakeenak aire egokitua piztu du etxea edo lantokia freskatzeko, eta bero jasaz tenporalki ahazteko. Baina aire egokitua da, literalki, soberan ditugun graduak kanpora botatzeko makina. Eta nor dago kalean, berotik (eta orain hotzetik) ihes egin ezinda? Ikerketa batek erakutsi duenez, kale bateko eraikuntza guztietan aire egokitua pizten bada, zazpi gradu altuagoa izango da tenperatura aire egokiturik gabeko kale batean baino. Horregatik, Beroa eta arrazakeria titulatu du Arantxa Urbek Oarsoaldeko Hitza-ko artikulua. 
     
  • H > Hondakinak. Zer arnasten dugu? Bilboko San Inazio auzoan, adibidez, Espainiako Estatuko beste “hiri-inguru txarrenetan” baino lau aldiz berun gehiago aurkitu dute, eta Abando auzoan baino sei aldiz gehiago; eta Erriberan, berriz, ia lau aldiz zink gehiago. Zerikusi zuzena dute pare-parean dituzten bi enpresek, Saderrek eta Profesak. Azken hori “itxi” egingo dela iragarri zuen atzo Bilboko Udalak, horixe izan zen notizia, bizilagun askok sinetsi ez dutena (hauteskundeekin lotu dute). Baina guk, ARGIAn, kutsaduren berri ematen dizugu artikulu honetan, txosten batekin. 
     
  • E > Entzun. Nola entzuten dituzu zuk audio mezuak? Abiadura arruntean? 1x edo 1,5x ipinita? 2x agian? Xabier Landabidea irakasleak gaiaz idatzi du Berria-n. Zergatik demontre goaz hain azkar, presaka, inora heldu gabe gainera?  
     
  • M > Mugak. Hizkuntza hautuaz hitz egitean, askotan, “askatasunaz” hitz egiten da, eta zer esanik ez haurrei eta hezkuntzari buruz ari garenean. Ane Ablanedo pedagogoak hitzaldia eman zuen Larraintzarren, Ultzaman, eta argi esan zuen “aske” izateak ez duela esan nahi umeari hizkuntza “libre” uztea. Muga jarri, euskaraz hitz egitea bultzatzeko, gero aske izateko. Hamar minutuko elkarrizketa egin diote Amezti-n, entzuteko.

Honaino gaurkoa.

Ostiral ona izan, eta astelehen goizera arte. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN