2026ko azaroaren 26a.

Egun on.

Zer moduz? Ondo doa zure astea?

Goazen mamira.

EAJ, bostekoaren bila

Igandeko hauteskundeak azken mende erdiko zailenak izango dira EAJrentzat, ziurtzat jo daitekeelako EH Bilduk eta PSOEk boto gehiago lortuko dituztela. Baina horixe, huts-hutsean, ez da arraroa eta ez porrota. Porrota litzateke bost diputatu ez lortzea, hori bai desastrea. 

  • Izan ere, bost diputatu baino gutxiago lortzen dituzten alderdiek ez dute “talde parlamentario” izaera hartzen, eta diluitu egiten dira “Talde Mistoa” deitzen zaionaren barnean. Hor egongo dira Podemos (lau eserleku atera zituen aurreko hauteskundeetan, eta orain gutxiago izango dira), Coalición Canaria (eserleku bat), eta BNG ezker nazionalismo galiziarra (orain arte eserleku bat, baliteke bigarrena lortzea). 
  • Izenak dioen moduan, “talde mistoa” soberakinen taldea da. Haien artean banatu behar dituzte denborak, batzordeetako parte hartzeak eta gauza denak. 

Iragan den legegintzaldian bost diputatu izan ditu EAJk Madrilen. Inkestek diotena da Nafarroan Geroa Baik ez duela ezer usainduko (azkenaldian bezalaxe), Araban mantenduko duela duen bakarra (zenbait estimazioren arabera, galtzeko zorian ere egon daiteke), Bizkaian duda gabe mantenduko dituela dituen biak, eta Gipuzkoan bitik batera jaitsiko dela, hori ere nahiko seguru (zerrendan, bigarren, Eneko Goia doa). Gauzak zertan diren, Eusko Jaurlaritzaren Soziometroak ere lau diputatu eman zizkion.

Uste dut badaudela EAJren higadura ulertzeko hiru gako:

Ezker gobernua babestu, ezkerrekoa izan gabe. Etxebizitzaren gaian, herriak “tentsio handiko eremu” izendatzearena adibidez, barne tentsiorako faktore izan da; pentsa, EAJk gobernatutako udalerri batzuk aurka egin dute, eta ez dira tentsiopeko auto-izendatu, nahiz eta agerikoa izan etxebizitzaren arazo larria dutela. 

Zergak bankari eta enpresa energetikoei. EAJk beti egin die erresistentzia halako neurri fiskalei. Eta zenbait kasutan apaltzea lortu du, baina ez erabat, zeren beste aldetik PSOEk orroka izan ditu ezkerreko alderdiak. Finean, EAJk zenbaitetan belarriak jaitsi eta onartu egin behar izan ditu hainbat neurri.

Transferentzien fartsa. Honetan arrazoi du EAJk: Sánchez presidente izatera heldu zen EAJk jarrera aldatu zuelako Rajoyrekin, PPren ustelkeria kasuak tarteko, eta zentsura mozioa onartu zuelako. Horren truke, alderdi jeltzaleak beti esan du Sánchezi “Euskadiren autogobernua” indartzea exijitu diola. Baina begi bistan gelditu da: oso-oso tantaka heldu dira transferentziak, EAJ minimoki kontentatzeko adina, tarteka bi aldeko bilerak eginda, egutegiak adostu eta eguneratuta, sokatiran.  

Orain, kanpainan, Sánchezen aurka ari da hitz egiten EAJ, hortik aldendu nahian bezala. Zer lortzeko? Sánchez babestuko lukeen bloketik aldentzea, eta izaera propio autoktonoa aldarrikatzea, “Euskadi, Euskadi, Euskadi” mila bider errepikatuta, eta ergelak bezala Athleticen ereserkia moldatu eta kantuan hasita. Abertzaleak erakarri nahian? Xede hori dute, irakurri besterik ez dago Berria-ko elkarrizketa. Baina zoko hori miatuegi dagoela iruditzen zait niri, ez dago ezer zurrupatzerik.

Espainiako telebista publikoko asteleheneko eztabaida adibide izan zen. Zortzi alderdi zeuden, eta oso bakartuta egon zen Maribel Vaquero bozeramailea; ez zen inorekin eztabaidan sartu, ez zuen deus askorik esateko, eta tonu orokor liskartsutik erabat aldendu zen, beharbada bere onerako.

Bost diputatu, ez gehiago, horiexek behar ditu EAJk. Eta behar ditu Euskal Herriak, zinez pentsatzen dut. Kontraste pixka bat, ezta? Ez baita ona izaten herriaren ahotsa kolore bakarrekoa izatea. 

· · · · · · ·

Bide batez, igandera begira ari gara geu ere lanean, mapak prestatzen eta simulazioak egiten. Boto zenbaketaren berri ARGIAren bitartez egin ahalko duzu, datuak zuzenean integratuko baititugu. Espainiako Estatuko panorama orokorra eskainiko dizugu, eta Hego Euskal Herrikoa mapan, lurraldeka, udalerrika eta barrutika. Eta niri gehien gustatzen zaidana: zein udalerritan egon den boto aldaketa.

Ordaindu nahi duzuna. Jaso nahi duzuna.

EGIN ARGIAKOA

Tira, albiste honek merezi zuen tarte pixka bat, baina laburra izaten ahaleginduko naiz.

Egin uko zure EGAri

Lege zentzugabeen direktorioan kapitulu berezia izango luke EAEko Lanbide Heziketako hizkuntz eskakizunak. 

Euskaraz edo gaztelaniaz egin daitezke ikasketak Lanbide Heziketan, eta hortaz, irakasleek ere batera edo bestera jo dezakete; euskarazko zikloetan irakasle izateko C1 maila (EGA) egiaztatuta izan behar da, eta gaztelaniazkoetan ez. Horraino ados. Baina erne: euskarako C1 maila baldin badaukazu, ezin duzu gaztelaniako zikloetako irakasle izan. 

Otsailean argitaratu genuen Hezkuntza Sailak, dekretu bidez, gaztelaniazko zikloetan irakasle izateko “lehentasuna” ematen zietela euskaraz ez dakitenei. Aurreko ikasturtean hauxe zen jarraibidea: zuk C1a baldin badaukazu, lehentasuna du B2 maila edo apalagoa duenak. Ikasturte honetan, ordea, ez da lehentasun kontua: sinpleki, ezin da. Jaurlaritzak dio apropos egin duela, zeren euskara maila handia duen langilea gaztelaniazko klasera joatea atzera egitea da.

Bada, hori. Zentzua izan dezake, eta asmoa beharbada ona da. Baina praktikan kaka, zentzugabekeria: hobe C1ari uko egitea, oztopoa delako horrelako kasuetan.

·····>   Ez galdu hauek

  • A25. Euria goian-behean atzo, baina talde feministen deialdiek ez zituzten herritarrak epel utzi: agenda politikoan ahaztu samar dagoela dirudi indarkeria matxistak, eta ez du balio soilik atzo presente izatea; horixe zen zabaldu zen ideietako bat.
     
  • Mikel Otegi eta Jon Bienzobas. Bi euskal presoak aske utzi dituzte, zigor osoa beteta. Lehenak 23 urte egin ditu preso, eta bigarrenak 27 urte. 
     
  • Bilboko 7Katu. Alde Zaharrean dagoen gaztetxearen desalojo arriskuan dagoela jakinarazi dute. Eraikin okupatua da, eta jabetza eskuz aldatu da; espekulaziorako saldu dela salatu dute gaztetxeko kideek.

ITZALETIK ARGIRA

 

100.000 argazki baino gehiagoko Fototeka dugu, 107 urte dituen komunikabide honena, eta imajinatuko duzun moduan izugarrizko memoriak daude bertan erretratatuta. Horietan arakatzen du Urko Apaolazak astero, aldizkarira eramateko, eta nik hemen laburbiltzen dizut.

Gaurkoan argazki oso bertikala, baina zentzua du, begiratu kartelean.

EGILEA: Joxe Lacalle
2001eko azaroaren 26an egina, Iruñean. (Gaur 25 urte)
 

Echavacoiz. CH-z eta V-z. Motozerrak sinbolizatzen digu desobedientzia ekintza: argazkia egin eta minutu batzuk geroago, errepideko seinalea lurrera botako zuten, eta gainean UPN genozida idatzi, esbastika batekin aldamenean. “UPN genozida”, hizkuntzaren genozida. Izan ere, hainbat dekretu eta planen bidez, Nafarroako zonalde euskaldunean eta zonalde mistoan euskara baztertzeko neurriak hartzen ari zen UPN, adibidez, elebitan edo euskaraz zeuden seinaleak ezabatzen, eta gaztelaniaz soilik jartzen.

Alkate ugarik bat egingo zuten gero UPNren aurka, manifestazio oso handia egingo zen Iruñean… Segi irakurtzen Urko Apaolazaren artikuluan.

Honaino gaurkoa.

Ostegun ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN