2026ko azaroaren 25a.

Egun on.

A25 gaur, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna, geroxeago helduko diot gaiari. Baina urteurren bat ere bada gaur: hamar urte dira Fidel Castro hil zela. Burua altxatuko balu eta mundua, eta Kuba, nola dagoen ikusi…

Goazen mamira.

Ukazioak ez du zauririk ixten

Ez naiz apenas ari Madrilgo irakasleen greba dinamika jarraitzen, baina hona heltzen diren oihartzunak, behintzat, zatarrak dira. Protestan dagoenari lautik hirutan Polizia bidaltzea, barbaro eta akain deitzea eta ikastetxeetako zuzendariei eskatzea begi bat greba egiten duten irakasleen gainean jartzeko, ez ote dituzten umeak “doktrinatuko”, grebaren zergatiak azaltzea “doktrinamendua” delako; hori dena, azken finean, lehendik piztuta dagoen suari Olentzeroren ikatz guztia botatzea bezalaxe da. Gobernu batek zergatik asaldatzen ditu gehiago bere aurka dabiltzanak?

  • Irakasleen kolektiboa, gainera, egundokoa zarete. Eta leku guztietan zaudete: buletin honetan, ARGIAko artikulurik irakurrienetan (beti dira Hezkuntzakoak, beti), sare sozialetan, bertso saioetan... Nerea Ibarzabalek hiru bertso eskaini zizkizuen ordezko irakasleei, kexatuko zarete. (Kexatu, Asier Galarza Muxi kexatu zen horretaz Betelana podcastean, mimoz). 


Tira, gaira itzulita, eta tesiari eutsita eta etxeko kontuetan. 

Osakidetzako langileen zuzendari kargua duen Josune Retegiren iritzi artikulua argitaratu dugu gaur. Atzo arratsaldean bidali zigun Word dokumentua, egunotan argitaratu ditugun albisteei lotuta. Osakidetzaren erantzuna.

Hiru orri ditu. Lehen sei paragrafoetan azaltzen du Osakidetzak konpromisoa duela euskararekin, euskaldunekin eta hizkuntza eskubideekin, enplegu publikora iristeko baldintza berdinak dituztela denek, eta hori esatea ez dela “keinu sinboliko” bat, “konbentzimendu argia” baizik. 

Gero datoz ñabardurak. “Ezohikoa” izan da lan deialdiaren magnitudea. Eta izango zen, edo izango da, hori inork ez du zalantzan jarri. “Magnitudeagatik”, hala dio Osakidetzak, “unean uneko akatsak ager daitezke”. Eta badio, gainera, terminologia teknikoa lantzea “konplexua” dela. Akordatuko zara atzoko buletinaz, zein hiru kontzeptu arrunt ekarri nizkizun hona. 

Dena dela, eta hemen dator gakoa, Osakidetzak dio azterketa kopuru oso txiki baten analisia erabili dela ondorio orokorrak ateratzeko, azken finean, 52.000 galdera-erantzun prestatu zituztelako (LAB sindikatuak 37.200 aztertu ditu, eta %17tan akatsen bat topatu). Eta, horri segika, Osakidetza kexu da “oinarririk gabe alarma” sortu dutelako kasu hau argitara eman dutenek. Irakurtzekoak dira Osakidetzaren hitzak, kopiatu-itsatsi egin dizut. 

“Oinarririk gabe alarma sortzeak ez dio laguntzen euskararen normalizazioari. Alderantziz, ondorio negatiboa izan dezake, pertsona batzuek oposizioa gaztelaniaz prestatzea erabaki baitezakete, euskaraz zailtasun gehiago aurkitzeko beldurragatik, nahiz eta datuek ez duten ideia hori babesten”.

Hemen daukazu idatzia.

· · · · · · ·

Gaiz aldatuta. 

Azaroaren 25a dugu gaur, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta arratsalderako mobilizazioak deitu dituzte Mugimendu Feministak eta Itaiak, bost hiriburuetan, bakoitzak bere aldetik.

  • Mugimendu Feministak aldarrikatuko du faxismoaren aurrean ez dela atzera egin behar, jarrera erreakzionarioei aurre egin behar zaiela eta justizia feminista eraikitzen jarraitu behar dela. Hemen irakurketa.
     
  • Itaiak, berriz, salatuko du matxismoari ez zaiola behar bezalako aterabidea ematen, aterabide instituzionala baino ez dela, kasuak kudeatzera mugatzen direlako eta gero eta baliabide gutxiagorekin, gainera. Hemen irakurketa.

Egun hau baliatu ohi dute instituzioek datu batzuk eguneratzeko. Aurten, Hego Euskal Herrian, indarkeria matxistaren 7.517 kasu izan dira, eta instituzio eta segurtasun departamentuen zaintzapean dauden emakumeak 9.171 dira. 

  • Eta mundu mailako datu hau Nazio Batuen Erakundeak eman du: orduro bost emakume hiltzen dituzte gizonezkoek munduan. Hau da, 2025ean denera 78.000 feminizidio izan ziren. Etxea da lekurik arriskutsuena: hilketa guztietan %60 etxe barruan gertatu ziren.

Gomendatzen dizut Leire Artola lankidearen analisia irakurtzea. Kritiko instituzioekiko, estrategia tinkoak eskatu eta kalean borrokatzearen garrantzia azpimarratu digu.

·····>   Ez galdu hauek

  • Gisèle Pelicot. Sexu indarkeriaren biktima izan dela zalantzan jartzen duen liburu krudela argitaratu dute Frantzian. Tinbad etxeak kaleratu du, eta hedabideetara bidali ditu Pelicoten irudi eta bideo intimoak, erasoenak. Pelicotek salaketa jarriko du bi kontuengatik: irudiak zabaltzeagatik eta ebazpen judiziala bera ere zalantzan jartzeagatik. 
     
  • Espainiako Gobernuaren azken balak. Hauteskundeen aurreko azken gobernu bileran onartu ditu bi neurri esanguratsu: gurasotasun baimena hemezortzi astekoa izatea (34koa gurasobakarren kasuan) eta bi gehiago hartzea haurrak 8 urte bete arte; eta hamar eguneko baimen ordaindua lehen graduko senidearen heriotzan. 

KULTUR AGENDA

 

Entresaka bat datorrenari.

Honaino gaurkoa.

Asteazken ederra izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN