2026ko azaroaren 24a.

Egun on.

Zer moduz hasi duzu astea?

Artikulu sakonekin geurean, eta atzoko bidetik, Osakidetzako oposizioetako azterketekin natorkizu, euskarazko ereduetako akatsekin. Gaurko titular nagusiak, egia da, nekatzen du. Baina mediku ona ala mediku euskalduna bezalaxe, praktikan, badirudi antonimoak direla.

Goazen mamira.

Azterketa ona ala azterketa euskalduna?

Utzidazu didaktikoa izaten.

Hiru adibide.

1/ Gravedad. Izan daiteke larritasuna, edo izan daiteke grabitatea.

2 / Residencia. Izan daiteke bizilekua, edo izan daiteke erresidentzia. (Medikuren bat ondoan dugunok badakigu erresidentzia medikua dela espezializazioa ikasten ari den osasun langilea) 

3/ Intervención. Izan daiteke esku hartze, eta uste dut horrekin konforma gaitezkeela, baina kasu batzuetan ebakuntza ere izan daiteke. 

Orain, jakina, itzulpen egokia egin behar.

1/ La gravedad depende del tamaño... Ez dakit zauriaz, infekzioaz edo zertaz ari den, baina Pediatriako azterketa da eta tamaina aipatzen du. Ez da meteoritoez ari, imajinatzen dut. Euskarara honela ekarri dute: “Grabitatea tamainaren arabera”.

2/ Durante su periodo de residencia... Argi itzulpenari: “Bizi den bitartean”. Espero dezagun noizbait langileak utziko duela erresidentzian egotea... Akats larri hori Osakidetzako letradu korporatibo (aholkulari juridiko) lanposturako azterketa batean jarri dute.

3/ Suele requerir intervenciones tanto médicas como psicológicas... Euskaraz honela jarri dute: “Ebakuntza medikoak zein psikologikoak eskatzen ditu”. Psikologia kliniko tekniko fakultatibo espezialista izateko azterketan zen, eta nik ez dakit medikuntzaz, baina esku hartzeak ziren aipatu nahi zirenak, ez ebakuntzak.

Gero, kuriosoa da, gutxienez bi azterketa eredutan, gaztelaniaz erantzun zuzena eskatzen zela, eta euskarara itzulita, erantzun okerra (ez zegoen nahita eginda, ez zeuden erantzunak aldatuta). Eta Pediatrian, baita ere, gaztelaniazko enuntziatuan haur jaioberri batek 1.900 gramo pisatzen zituela, eta euskaraz, berriz, 19.000 gramo. Zero bat gehiago jarri diotela? Ados. Baina lotsaz, euskaldunok, badaezpada beti erdarazko eredua begiratzen dugu.

  • Beharbada euskarazko bertsioa kontsultatzeagatik erratu naiteke eta gal dezaket autobusa, demagun, permititu dezaket, baina lanpostua lortzeko oposizioetan? Atzo ekartzen nizun Ane Aizpuruaren elkarrizketa, berak honela zioen: Donostialdeko erizainen %72 euskalduna da, baina oposizioa euskaraz egiten duena %1 baino ez.  

Gaurko artikulua goian aurreratu dizudana da: ekaineko oposizioetako hiru azterketa eskuetan hartu ditugu, eta akats larriak gure begiekin konfirmatu.

LAB sindikatuak, kategoriaka, azterketa guztiak gainbegiratu ditu. Guztira 37.200 enuntziatu. Horien %17an zerbait gaizki dago itzulita. Webgune ikuserraz hau ere sortu dute propio Osakidetzaren oposizio hauetako akatsak jendeari erakusteko. 

Ordaindu nahi duzuna. Jaso nahi duzuna.

EGIN ARGIAKOA

·····>   Ez galdu hauek

  • Akordioa Osasunbidean. 121 lanpostu sortuko dituzte hainbat esparrutan, 55 urtetik gorako langileak salbuetsita egongo dira gaueko txandetan, eta lanaldi partzialeko kontratuak eteteko neurriak hartuko dira; horiexek dira akordioan jasotzen diren puntuetako hiru. 
     
  • Canon Français. Ostiralean, Miarritzen, eskuin muturreko taldeak “herri bazkari erraldoia” egingo du; Pierre-Edouard Stérin ultra-aberatsa dago ekimenaren atzean, bere dirutza Frantziako eskuin muturraren garapenerako inbertitzen dabilena. Herri Harresia deitu dute antifaxistek, eta guneak eta iristeko bideak blokatzeko deia egin. 
     
  • Puigdemonti, amnistia. Junts alderdiko buruzagia libre da, ez du atxilotzeko agindurik, eta bederatzi urteren ondoren Kataluniara itzul daiteke. Kanpainan eragitera itzuliko ote da? Hori da galdera. Juntsek hauteskundeetan hondoa jotzea aurreikusten da.

· · · · · · ·

Portzierto. Atzo, Betelana podcastean, bertso txapelketako Donostiako finalaurrekoa aztertu zuten gure hiru tertuliakideek, Lide Arregik, Asier Galarzak eta Oihana Aranak, ohi moduan Danele Sarriugartek gidatuta. Solasaldi atsegina, apur bat bertso-frikia ere izan zuten, eta estimatzen da, bertsoaren egiturak hain ondo ezagutzen ez ditugunontzat arnasa delako. Egin klik irudian ikustera joateko.

POSTALEKO IRUDI

 

Salomon Uharteak. Argazkian paradisua, ezta?

Ozeaniako uharte-estatu burujabea da, Australiatik ipar ekialdera, hainbat komunitatez eta 990 uharte inguruz osatuta. “Inguru” diot, zeren urtea joan urtea etorri, gero eta uharte gutxiago ditu. Mende honetan gutxienez bost irla txiki gelditu dira ur azpian, eta apurka-apurka, milimetroz milimetro, lurra galtzen ari dira.

Ia mila uhartek osatzen dituzte Salomon Uharteak, baina gehienak txikiak dira. Sei dira handiak. Handiena Guadalcanal da, gutxi gorabehera Araba eta Bizkaia batuta adinako azalera duena, eta populazioz, uharte hori, Getxo baino txikiagoa da. Salomon Uharteak osorik hartuta, 990 irlatan, guztira Gipuzkoak adina biztanle izango genituzke.  

Beraz, hartu orain Gipuzkoa, hartu bertako agintaritza politikoa, eta eraman klima larrialdiaren munduko goi bilerara. Hantxe egon baitira, Turkian, amaitu berri den goi bileran. Eta harritzekoa: inork ez dio kasu zipitzik ere egin. 

Duela urte eta pikotik biztanleak “birkolokatzeko plan estrategikoa” dute Salomon Uharteetan, dokumentuak ere halaxe dio, “lurrik gabe geratzen ari gara”, eta kanpo laguntza ezinbestekoa izango zaie. Baina inork ez du zentimorik ere eman nahi. Eurek esan dute: “Gu prest gaude 360.000 euro jartzeko”. Gutxi ematen du, diru horrekin etxe bat ere ezin zenezake erosi Euskal Herriko leku askotan, baina Salomon Uharteentzat asko da. Proportzioan egingo bagenu, Barne Produktu Gordina hartuta, Espainiako Estatuak mila aldiz gehiago jarri beharko luke: 360 milioi euro.

Honaino gaurkoa.

Egun ona izan. 

Besarkada bat.

Ez zaude buletinera harpidetuta? Eman izena.

JARRAITU SAREETAN